Burmuina gertutik aztertu du Kepa Paz Alonsok, BCBL Basque Center on Cognition, Brain and Language zentroko ikerlariak (Bilbo, 1974). Irudi eta datuen analisirako teknika aurreratuak erabiliz, Alonsok eta lankideek talamoaren eta kortex prefrontalaren arteko loturak —bien arteko komunikazioa— aztertu dituzte. Funtsezkoak dira memoriarako eta emozioetarako. Emaitzak The Journal of Neuroscience aldizkari zientifikoan argitaratu dituzte, eta baliteke etorkizunean aplikazio klinikoa izatea.
Nola funtzionatzen du memoriak?
Dena kutxetan banatzen dugu hobeto ulertzeko. Kostako zaigu igandean zer jan genuen gogoratzea; arroza jan genuela esateko, berreskuratze estrategia asko erabiliko ditugu. Kortex prefrontala beharko dugu gogoratzen laguntzeko. Horri memoria episodikoa esaten zaio. Batzuek diote oroimena ahanzturaren beste fase bat baino ez dela. Azkenean dena ahazten da.
Memoria mota ugari daude?
Bai. Sailkapen ugari daude. Memoria semantikoa dago: mahai bat zer den badakizu, askotan berreskuratu duzun informazioa delako. Gero, memoria episodikoa dago, gertaera konkretuetan oinarritzen den memoria. Prozedura memoria da beste mota bat, autoa gidatzeko erabiltzen dena, adibidez. Auto bat gidatzen automatikoki ikasi dugu, ez ditugu eman behar diren pauso guztiak pentsatzen.
Hizkuntza memoria semantikoaren barnean kokatuko zenuke?
Bai. Deus egin gabe, gai gara hizkuntza kodifikatzeko eta gurasoak ulertzeko. Pixkanaka, hitz egiteko gai izango gara, entzun ditugun hitzak ahoskatuz. Zer gertatzen da irakurtzearekin eta idaztearekin? Ahalegin handia egin behar dugu dena buruz ikasi ahal izateko. Baina praktikatu ondoren prozesua semantizatzen da, eta bizikletan ibiltzea bezala da. Are gehiago, hitz bat aurkezten digute, eta ia ezinezkoa da ez irakurtzea. Funtsezkoa da memoriarako, gogoratzen gai izateko beste bide bat baita.
Zer eragin dute emozioek memorian?
Oroitzapen batzuk emozioari esker gogoratzen dira. Ikerketa askok erakusten dute hobeto gogoratzen direla emozioarekin lotuta dauden oroitzapenak. Gurasoak lehoi baten aurrean korrika egiten gogoratzerakoan, emozioarekin gogoratzen da; hori saihestuko duzu, sentitutako beldurraz oroitzen zarelako. Gauza batzuk burmuinean inprimatuta daude: produktu bat gaizki dagoen egiaztatzeko usaintzen denean, adibidez. Askotan pentsatu ere ez duzu egiten, usaintzea instintiboa da. Bizitzaren esperientzian oinarritzen gara.
Nola gordetzen da informazioa garunean?
Gauza asko ezezagunak dira oraindik. Ditugun datuak elkartuta, historia apur bat eraiki dezakegu. 1950eko hamarkadan epilepsia zuen paziente bati ebakuntza egin zioten, eta garuneko hipokanpoa kendu zioten: hortik aurrera ez zen memoria berririk gordetzeko gai izan. Beraz, badakigu hipokanpoa oso arlo garrantzitsua dela memoria berriak idazteko orduan. Hipokanpoak garuneko beste eskualdeekin duen lotura ezinbestekoa da oroitzapen berriak ulertzeko.
Gaur egun memoria gutxiago lantzen dela esango zenuke?
Gutxiago entrenatzen dugu memoria, eta ez dakigu horrek zer ondorio dituen. Oraindik ez dakigu zer eragin duten teknologia berriek memorian. Bere garaian gure lagunen telefono zenbakiak buruz ikasten genituen, baina gaur egun hori galdu da: den-dena eskuragarri dugu. Teknologiak asko errazten digu bizitza, baina ahalegin pixka bat egitea ere garrantzitsua da. Asko hitz egiten dugu ariketa fisikoa egitearen garrantziaz, gure burmuinarentzat onuragarria delako, baina gure gaitasun kognitiboa entrenatzea ere garrantzitsua da.
Nola entrena daiteke memoria?
Modu asko daude. Erosketak egitean, behar duzuna apuntatu zerrenda batean, eta, gero, informazioa berreskuratzen saiatu; gogoratu. Gogoratzen ez bazara, begiratu zerrendari, noski. Hori behin eta berriz egitea oso modu ona da zure memoria optimizatzeko, gero gauza gehiago gogoratuko baitituzu. Ikerlari askok hori frogatu dute; zure oroimena testatzearen efektua deitzen zaio, eta gauza gehiago gogoratzea errazten du, bi aldiz gehiago.
Nola ikertu duzue garuneko eskualdeen arteko konexioa?
Erresonantziak egin ditugu garuneko eskualdeak lotzen dituzten materia zurizko egiturak ikusteko. Erresonantzia magnetikoari esker, materia zuria gune batetik bestera nola konektatzen den ikusi dugu. Talamo izeneko gunea ikertu dugu batez ere, eta kortex prefrontalarekin dituen konexio guztiak ikusi genituen. Funtsezko gunea da gaixotasun askoren tratamenduan.
Zer ikusi zenuten?
Ikusi dugu gizakien kasuan konektibitatea askoz ere masiboagoa dela, baina, nolabait, beste espezieekin alderatzerakoan gizakiaren eboluzioa ere ikus daiteke. Protokolo berri bat sortu dugu eta edozein laborategik erabili dezake talamoaren eta kortex prefrontalaren arteko konexioa aztertzeko.
Zeintzuk dira protokolo horren ezaugarriak?
Pertsona erresonantzia magnetikoan sartzen da 15 minutuz. Geldirik egon behar du, besterik ez; ez du arriskurik sortzen. Normalean film bat jartzen diegu ez aspertzeko. Bi sekuentzia mota egiten ditugu garuneko irudi desberdinak biltzeko, egitura besterik ez. Irudi horiek algoritmo desberdinekin aztertuz gero, gai gara burmuinaren egitura hori definitzeko.
Zein da hurrengo pausoa?
Oraingoz, egin dugun azterketa egiturarena da. Orain ikusiko dugu nola erreakzionatzen duen garunak irudi zehatz baten aurrean. Garunean dauden konexioak zehaztu ditugunez, hizkuntzarekin eta memoriarekin lotuta dauden prozesuak ikertuko ditugu, horretan konexioek zer eragin dutenikusteko. Ez hori bakarrik, eskizofrenia, alzheimerra, parkinsona, dislexia eta antzeko nahasmendu kimikoekin zerikusia duen eremua ikertzeko aukera izango dugu.
Depresioa duen burmuinaren eremu horretan zer espero duzu aurkitzea?
Oraindik nekez ulertu ahal dugu dena. Hemendik aurrera, ikus dezakegu materia zuriko elementu horietatik zein dauden depresioan inplikatuta, adibidez. Nahasmendu kimiko asko daude garun eskualdeen konexio horiekin lotuta.
Eta konexioak zehaztu eta gero, zer?
Garunak dituen konexioak jakinda, ikus dezakegu zer neurritan modula dezakegun pazientea laguntzeko. Konexio desberdinen inplikazioa ere ulertu behar dugu, eta, hemendik urte batzuk barru, agian, existitzen diren nahasmenduetan laguntzeko gai izango gara.
Ikerlana The Journal of Neuroscience aldizkarian argitaratu da. Aurkikuntza zientzialariei azaltzeaz gain, garrantzitsua da gizartea ere inplikatzea?
Oso garrantzitsua da egiten duguna gizarteari itzultzea. Ez egotea laborategietan sartuta kanpoko munduarekin harremanik izan gabe. Kontua da laborategian egiten duguna etorkizunean erabiltzeko aukera izatea.
Zeintzuk dira neurozientziaren erronka nagusiak?
Erronka asko daude. Oraindik gainazala urratzen ari gara. Garuna makina konplexua da; denbora asko eta ahalegin handia behar dugu ondorioak ateratzeko, ulertzeko eta ezagutzeko. Pila bat ikasi dugu azken hogei urte hauetan; erresonantzia magnetikoaz geroztik ate pila bat ireki da, eta aurkikuntza asko egon dira.
Garuna misterio bat da oraindik, beraz?
Bai. Oraindik ez dakigu zehazki garunak nola funtzionatzen duen. Konplexua da; sistema baskular bat dago, hormona sistema bat, eta sistema anitzen arteko interakzioa. Gainera, zientzialari bakoitza gure kutxatxoan gaude, burmuinaren zati bakarra aztertzen. Hurrengo erronka aurkikuntzak egiten jarraitzea izan beharko litzateke, baina baita sintesia egitea ere. Ikerlariak elkartu, hautsi kutxatxoen eskema hori, gure ezagutza partekatu eta dena laburtu. Bakoitzak utz diezaiola garunari bere mikroskopioarekin begiratzeari.
Kepa Paz Alonso. BCBLko ikerlaria
«Oraindik ez dakigu zehazki garunak nola funtzionatzen duen»
Burmuinak informazioa eta oroitzapenak gordetzeko erabiltzen dituen konexioez aritu da Alonso, baita memoria trebatzeko egin behar diren metodoez ere:«Gure gaitasun kognitiboa entrenatzea ere garrantzitsua da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu