Hemerotekan jasoa dago, 1908an Donostiako hainbat egunkaritan hala argitaratu baitzen, Maria Jesus Ezeizak beste edozein emakumeri botatako desafioa: nork egin lehenago Zumaia eta Deba (Gipuzkoa) arteko bidea. Ezeizak egunero egiten zuen Deba eta Andutz mendiaren arteko bidea; sasoi ederrean zegoen, beraz. Izan omen ziren apustua onartzeko prest zeuden emakumeak, baina, azkenean, gobernuak berak debekatu egin zuen, hainbat apaizek egindako eskaerari men eginez. Eguneroko lana desafio bihurtzeko ohitura horretan daude oinarrituta kirol gehienak. Ordea, erabat gizonezkoen mundua izan da betidanik. Emakumeak etxeko lanak edozein gizonek bezalaxe egin arren, ez dira plazara atera izan. Ez behintzat gizonak adina.
Izan dira kasu gutxi batzuk. Esate batera, Maria Asuncion Azeo ezagun egin zen 1960ko hamarkadan. 37 urte zituen artean oiartzuarrak, eta lau seme-alabaren ama zen. Segan inoren inbidiarik gabekoa zen, eta hori jendaurrean erakusteko aukera ere izan zuen. Senarrak antolatu zion lehen apustua 1967an. Gainera, gizonezko bat izan zuen kontrario: Antonio Larraza. Ordubetean, gizonezkoak emakumezkoaren bikoitza moztuko ote zuen zen kontua. Larrazak 2.325 kilo ebaki zituen, eta Azeok, 1.896. Apustua emakumeak irabazi zuen, beraz. Hernaniko Jauregi baserrian (Gipuzkoa) jokatu zen desafioa, eta jendetza bildu zen. Gerora ere egin zuen apustu bat edo beste Azeok; maila onekoak, gainera.
Orduan ez bezala, gaur egun emakume gehiago ikusten dira plazan. Are gehiago uda sasoian, han eta hemen erakustaldiak egiten aritzen baitira. Kirolean aritzen diren emakume gehienek gauza bera nabarmendu dute: gero eta emakume gehiago animatzen dela kirola egitera baina oraindik bide asko dagoela jorratzeko.
Emakumezko kirolariek sekula ez dute gizonezkoen jarraipenik izan ikusleen eta komunikabideen aldetik, baina Maria Anjeles eta Maria Jesus Goitia ahizpek milaka ikuslek eurek txalotzea lortu zuten duela hiru hamarkada. Bi ahizpak aizkolariak izan ziren, eta 1980ko urtarrilaren 20an Euskadiko Sei Orduetan parte hartu zuten. Egun hartan «Arkonadaren eta Retegiren pare» sentitu zirela aitortu du Maria Anjeles Goitiak. Zumarragako Aitza baserrian (Gipuzkoa) sortu ziren, eta txikiak zirela aita hil egin zitzaienez, umetatik aritu behar izan zuten baserriko lanetan, «gizonen pare-parean». «Emakumeak beti aritu izan dira baserriko lanetan, traktorearekin zein segan, eta inork ez zuen ezer esaten. Hori bai, plazan aritzea beste gauza bat zen». Eta Goitia ahizpak asko aritu ziren plazetan.
Gaur egun, ez dira emakume asko aritzen aizkoran, eta, garai hartan, gutxiago. «Neskak aizkoran aritzea gauza berria zen eta toki askotatik deitzen ziguten. Heltzen ginenean harrituta geratzen ziren: zuek egin behar al duzue aizkoran?, galdetzen ziguten», azaldu du Goitiak. Haren esanetan, ez zuten aparteko ezer egiten, baina enborra mozteko gai izate hutsa ez zen gutxi. «Nobedadea ginen. Gu ginen aizkoran egiten zuten neska bakarrak». Gazterik, baina, afizioa utzi egin zuten.
Aizkorak alde batera utzi arren, bizitako momentuak memorian betiko gorderik dituztela nabarmendu du Goitiak: «Saio gogoangarriak egin genituen». Tolosako zezen plazan Miel Mindegiaren errekor ahalegin batean parte hartu zuten, besteak beste: «Saio hartarako inoiz baino gehiago entrenatu ginen. Une bat aukeratzekotan, dena den, Euskadiko Sei Orduetakoa aipatu behar da. Txomin Perurenari omenaldia egin zioten: nire ahizpa Mindegiarekin aritu zen, eta ni Joxemari Mendizabalekin». Gizonekin oso ongi moldatzen zirela aitortu du Goitiak: «Ez ziguten gaizki begiratzen. Oso giro ona genuen geure artean, eta saioen ondoren elkarrekin joaten ginen afaltzera. Irakatsi egiten ziguten, beti aizkoraren bat uzteko pronto izaten ziren…».
Laguntza faltarik ez zuten izaten, Goitiaren esanetan, eta Ainara Otamendi Ibarrako (Gipuzkoa) segalariak ere kontu bera nabarmendu du: «Kasualitatez hasi nintzen segan. Orain Joxe Gabirondo segalariarekin entrenatzen dugu, eta eskerrak hari, bestela ezingo baikenuke gustatzen zaigun kirola egin». Nazioarteko eran, Gipuzkoako txapela jantzi berri du Otamendik, eta ez zaio sekula damutu segan hasi izana. «Egun batean alboko herri batean sega proba bat egin behar genuela esan zidan kuadrillako batek. Familian beti ezagutu izan dut zer den segan aritzea, eta ni ere animatu egin nintzen. Saiotxo bat egin genuen, eta gustura erretiratu ginen etxera». Proba huts bat ofizio bilakatu zaio ia. «Hasieran zera nuen helburu: gurea zen kirol bati eusteko asmoz segan aritzea. Gerora sortu zen txapelketetan izena emateko aukera, eta hortxe gabiltza».
Txapelketetan aritzeko ahalik eta ondoena entrenatu beharra dago, Otamendiren esanetan, eta «Gabirondori esker», hori egiteko aukera dutela adierazi du: «Zaila da belarra bilatzea, eta Gabirondok laguntzen digu. Segak ere hark uzten dizkigu». Segan emakume gehiago ikustea gustatuko litzaioke Otamendiri: «Neskok beti animatu egiten gaituzte. Gainera, aurten lehenengo aldiz emakumeentzako Euskal Herriko Sega Txapelketa antolatu dute, eta hori oso pozgarria da».
Giza probatan ere bai
Segan ez ezik, sokatiran eta giza probatan ere aritzen da Otamendi. Giza probatan, hain zuzen ere, taldekide du Leire Zumeta anoetarra. «Ez da oso ohikoa emakumeak giza probatan ikustea, baina Gipuzkoan hiru talde sortu gara, eta orain txapelketak jokatzeko aukera dugu», adierazi du Zumetak. Gipuzkoako Txapelketa jokatu zuten orain hilabete inguru, eta Ibarrak irabazi zuen, Astigarragaren eta Orioren aurretik. «Jende ugari bildu zen harmailetan, eta harrera bikaina izan genuen. Pentsa, telebistak ere eman zuen gure saioa, eta hori zinez pozgarria da».
Gauzarik pozgarriena, dena den, emakumeak kirol guztietan ikustea da, Zumetaren iritziz: «Oraindik ere muga dezente ditugu emakumeok kirola egiteko. Orain arte gizon proba deituriko kirolean hasi gara gu. Zergatik gizon proba? Gizonentzat bakarrik delako?». Azkenaldian giza proba edo emakumezkoen proba irakurri ahal izan dute karteletan. «Hori da segitu beharreko bidea».
Emakumeak plazan (II). Kirola
Oraindik ere jokoz kanpo?
Emakumezkoen kirola gizonezkoenarekin parekatzeko oraindik dezente geratzen da: emakumeen taldeek laguntza ugari jasotzen badute ere, oraindik bide asko dagoela egiteko diote emakume kirolariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu