Bilboko Aste Nagusia

Oraindik ere beherantz doaz

11 urteko etenaren ostean, berriro itzuli dira goitibeherak Aste Nagusira, baina ibilgailuak aldatu eta gero. Ikusleek betikoak nahiago izan dituzte.

58 parte hartzailek egin dute Zumalakarregi etorbidean beherako ibilbidea. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Asier Arrate Iruskieta.
Bilbo
2014ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Pilotuak, atoiak, kaskoak, kamerak, segurtasun hesiak, komisarioak... Auto lasterketa bat izan zitekeen, baina atzo Bilboko Zumalakarregi etorbidean ez zen motor hotsik entzuten. Izan ere, 11 urtean egin gabe egon eta gero, aurten berreskuratu dute lasterketa Bilboko Konpartsek. Euskal Herriko Inertzia Kirolen federazioaren laguntza izan dute segurtasun eta antolakuntza kontuetan.

Hiru jaitsiera egin zituzten atzo Zumalakarregiko etorbideko bihurguneetatik hasita udaletxe arte, eta 58 goitibeherak hartu zuten parte, sei kategoriatan: pneumatikoak, errodamenduak, Gravity Bike, Drift Trike, Street Luge eta Long Board, hain zuzen ere. Julen Agirreburualde izan zen azkarrena, eta, lasto fardelak jotzeagatiko kolpeez gain, ez zen istripu larririk izan. Eguraldi onak ere ehunka ikusle erakarri zituen.

Goizeko hamaiketan hasi behar zuen lasterketak, baina entrenatzen ari zen parte hartzaile batek bidea gurutzatzen ari zen emakume bat harrapatu zuen. Kolpearen ondorioz, konortea galdu zuen emakumeak, eta anbulantzian eraman behar izan zuten. 12:00etarako, baina, lasterketa hasteko prest zen. Udaletxera bidean dauden bihurgune biak jendez gainezka zeuden, eta inguruko malda eta balkoiak harmaila bilakatu ziren. Alkatea , txupinera eta pregoilaria ere bildu ziren ekitaldira. Ikusleak gogotsu zeuden berriz ere goitibeherak ikusteko; izan ere, Bilbon tradizio handia dute. Atzokoa Aste Nagusiko 26. goitibehera jaitsiera izan zen, 2003ra arte Etxebarria parketik behera egiten baitzen. Gainera, Euskal Herrian egin zen lehen goitibehera lasterketa ere Bilbon izan zen, 1914ko ekainaren 6an, Artxandatik Begoñako baselizara arte. Asko aldatu dira, ordea, goitibeherak ordutik hona.

Aldaketa horren adibide argiena pneumatikozko goitibeherak dira. Atzokoan, lehenak jaitsi ziren, eta irabaztea baino ez zuten helburu. Bilboko ibilbideak, baina, ez zien eman aukera handirik abiadurahartzeko. Aspergarria egin zitzaien ikusle batzuei. «Nahiago nituen lehen zeuden errodamenduzko goitibeherak», adierazi zuen Maika Cumbreñok. Familia osoarekin joan zen goitibeherak ikustera eta azaldu zuen goitibeherak asko aldatu direla Etxebarria parkeko jaitsiera egitea utzi zenetik. Ibai Armentiak ere nahiago zituen «antzinako» errodamenduzko goitibeherak; hala ere, onartu zuen, astiro jaitsi baziren ere pneumatikozkoak ikusgarriak zirela .

Ibilbide laua baina teknikoa

Antolakuntzak aukeratutako ibilbideak ikusle asko batzeko aukera eman zuen; hala ere, abiadura lortzea oso zaila zen pneumatikozko goitibeherentzat. Ibai Ajuriagoikoa gidariarentzat ez zegoen aldapa nahikorik: «Normalean, orduko 60-70 kilometroko abiadura hartzen dugu; gaur, ez ditugu 40 kilometro orduak gainditu». Aritza Castresana gidariari ere, ibilbidea lauegia iruditu zitzaion. «Oso teknikoa da jaitsiera, eta bihurguneak ongi hartu behar dira abiadura lortu ahal izateko».

Pneumatikoek zeresan gutxi eman bazuten ere, ostean jaitsi ziren Dirt Bike eta Drif Trikeek lortu zuten ikusleak animatzea. Goitibehera mota berri horiek, pedalik gabeko bizikleta eta trizikloak dira, eta abiadura handia hartzen dute bihurguneetan. Ikusle asko harrituta zeuden inoiz ikusi gabe zituzten goitibehera arraro haiekin. Pare bat erori ziren, eta ikuskizun aparta eskaini zuten. Haientzat, jaitsiera aproposa zen,eta pneumatikozko goitibehera askoren aurretik geratu ziren.

Hala ere, txalo zaparrada handiena errodamenduzko goitibeherek jaso zuten. «Hauek dira betikoak», esan zuten ikusleek. Jaistean sortzen zuten zaratak eta bidean uzten zituzten markek antzinako goitibehera lasterketak zekartzaten gogora. Sailkapenean, ordea, ezer gutxi egin ahal izan zuten goitibehera modernoen aurka.

Hobetzeko arriskatu behar

Txandak aurrera joan ahala, parte hartzaileak haien denborak hobetzen hasi ziren. Pixkanaka-pixkanaka gidariak ibilbideari neurria hartzen hasi ziren, hainbat estrategia erabiliz. Maddi Gutierrez gidariak, esaterako, balaztatu beharrean bihurguneak «itxitik hartu» beharra zegoela azaldu zuen. Beste batzuk, ordea, larregi arriskatu ziren, lasto fardeletan bukatzeraino. Azkenean, azkarrenak 40 segundoan jaitsi zuen zirkuitua.

Probako bat eta erlojupeko bi txandaren ostean, 14:00etan bukatu zen goitibehera jaitsiera. Ordurako, eguzkiak gogor jotzen zuen, eta ikusleak Areatzarantz jaisten hasi ziren, zerbait jateko eta Aste Nagusiko azken larunbataz gozatzeko asmoz. Sari banaketaren ostean, antolatzaileak errepidea atontzen hasi ziren, ibilgailuak berriz ere pasatu ahal izateko. Gari Goikoetxea antolatzailea pozik agertu zen amaieran: «Dena ongi atera da, eta ez da istripurik izan, espero dugu datorren urtean ere goitibehera lasterketa antolatu ahal izatea».

Konpartsen jaitsierarekin egin zuten bezala, konpartsek lortu dute jaien hasierako urteetako ekintza bat berreskuratzea. 11 urteren ostean, Bilboko Konpartsek pasatu dute goitibeheren lehen proba. Lehen lasterketan segurtasuna bermatu ostean eta esperientzia irabazita, prest daude goitibeherekin segitzeko. Orain, hurrengo urtera begira jarri beharko dute aurten lortutakoari eutsi ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.