Denbora erlatiboa da. Zer esanik ez tradizioei buruz ari garela. Ehunka urte dituzten dantzak, galdu eta berriz ere berreskuratu diren dantzak, eta hondarreko urteetan sortutakoak sartzen dira euskal dantza tradizionalaren zakuan. Dantza horiek onarpena dute gaur egun euskal gizartean. Eta lan horretan, zer ikusirik izan du Euskal Dantzarien Biltzarrak, besteak beste. Mende erdiz lanean aritu dira hango kideak, euskal dantzak ikertzen, irakasten, zabaltzen eta mantentzen. Oraindik ere dantzan jarraitzeko gogorik ez dute galdu, gainera.
Eskual Dantzarien Biltzarra (EDB) izenarekin sortu zen Euskal Herrian dantza talde gehien biltzen duen federazioa. Baionan, Cordeliers karrikaren hamalaugarren zenbakian jarri zuten martxan, Enbata aldizkariak utzitako lokalean. Lehenbiziko zuzendaritza batzordeko kideak Paul Rocca Serra-Legarralde lehendakaria, Abbe Aphateberri idazkaria, Michel Burukoa diruzaina eta Xabier Gereño ordezkaria izan ziren.
Iñaki Irigoien, orduan, Bilboko Dindirri dantza taldean ari zen. Hegoaldean Francoren diktadura garaia zen, eta euskal kultura askotan bazterturik zegoela aipatu du. «Zerbait egiten utzi zuten, haiek sortu zuten Educación y Descanso, Espainiako dantzak munduan erakusteko, eta gure dantzak erabiliak izan ziren». Dantza talde batzuk baziren 1940. eta 1950. urteetan, baina hamarkadarik garrantzitsuena 1960koa izan zen. Orduan talde anitz sortu ziren. «1964an Deban jaialdi bat egin zen, eta han hasi ginen batzen, batez ere Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako taldeak. Izugarrizko batzarrak egiten ziren».
Ordurako txistulariek bazuten elkarte bat. Dantzariek eredu horri jarraitu nahi zioten, baina ezin. 1958ko Txistulari aldizkarian udaberri eta udako dantza jaialdiez idatzitako artikuluan dantzarien federazio bat sortzeko giroa sortzen ari zela zioten. Baina Espainiako Elkarteen Legeak ez zuen zirrikiturik utzi dantzarientzat. «Baimena eskatzen zuen jendea ez bazen haientzat ondo ikusia, ez zuten ematen. Bizkaian eta Nafarroan ezezkoa eman zuten». Hala, Gereñok aldizkaria sortzea pentsatu zuen: Dantzari. Hegoaldean egiten zen, baina Iparraldean publikatu. 1968an atera zen lehen zenbakia.
Ale hura publikaturik, Gereñok beste proiektu batzuk zituen. Beraz, Bizkaian bildu ziren, eta federazioa Donostian sortzea erabaki zuten. «Gipuzkoan bazen Euskalerriaren Adiskideen Elkartea tarteko, eta legeztatu zen». 1969an, beraz, Euskal Dantzarien Biltzarrak legezko ibilbidea hasi zuen Hegoaldean. Ordurako, dagoeneko, lehenbiziko dantzari eguna ospatua zuen, Miarritzen (Lapurdi). 1967an izan zen hori. 44 taldek parte hartu behar bazuten ere, Hegoaldetik hemeretzi joan ziren, eta Iparraldetik bost. Mendekoste eguna izaki, besta zen Iparralde osoan, eta anitzek ezin izan zuten muga igaro.
Hegoaldean legeztatu arren, traba anitz izan zituzten. Frankismoak ez zituen dantzari egun eta bilera batzuk baimendu. «Franco hiltzean gauzak zabaltzen hasi ziren», azaldu du Irigoienek. Ordura arte, federazioa gipuzkoarra zen, eta 1977tik aurrera beste modu batera funtzionatzen hasi ziren, denak baturik. Urte haietan Dantzariak aldizkaria funtsezko tresna izan zen.
Nafarroa izan zen EDBn sartzen azkena. Ordurako bazen harremanik Iruñeko taldeen artean, abenduaren 3an dantza jaialdia antolatu ohi zutelako Labrit frontoian. Gainerakoan, talde bakoitzak berea egiten zuen.
Arazoak ere izaten ziren tarteka. Adibidez, 1977ko abenduaren 3an dantzariak korrika ibili ziren Takonera inguruetan, polizia oldartu zitzaielako. Mikel Iraizoz Iruñeko Udaleko dantzaria zen garai hartan, eta gogoan du manifestazio bat zegoela diputazioaren aurrean, Espainiaren aldekoa. «Betikoa egin genuen, desbideratu gintuzten, eta Polizia pilotak botatzen hasi zen, bai goizean, bai arratsaldean».
Gogoan du ere 1976an Iurretara (Bizkaia) egin zuten txangoak Nafarroako taldeen norabidea aldatu zuela. Izan ere, orduan jarri ziren Irigoienekin harremanetan, eta hortik gutxira, Nafarroa ere EDBn sartu zen. «Gainerako herrialdeekin izandako harremanak oso garrantzitsuak ziren. Hemengoak hara, eta hangoak hona etorri ziren, oso aberasgarria».
Giro horretan, EDBk beti goratu izan duen Euskal Herriko dantzari eguna ospatu zen Iruñean. 1978ko uztailaren 2an 3.000 dantzari bildu zituzten Nafarroako hiriburuko zezen plazan. Astebete lehenago, baimena galarazi zieten. «Nafarroako gobernadorearekin biltzeko eskatu genuen. Nahiko inozoak ginen, ez dakit zer kontatu genion ere, baina lortu genuen», azaldu du Iraizozek.
Irigoien eta Iraizozek bat egin dute: eguna «bikaina» izan zen. Goizean auzoetan sakabanatu zituzten taldeak, emanaldiak eskaini zitzaten. Arratsaldean zezen plazako harmailetako hiru laurdenak baino gehiago beterik ziren Diario de Navarra egunkariaren arabera. Jaialdi handi hura larrain dantzarekin bukatu zuten. Irigoienek gogora ekarri du Telesforo Monzon ere han izan zela, eta egunaren arrakasta nabarmendu zuela. «Hunkigarria izan zen».
Norabide aldaketa
Hamarkada horretan, beste urrats garrantzitsu bat egin zuen dantzarien federazioak 1971n Nazioarteko Folklore Jardunaldiak antolatu zituzten Donostian. Irizpide bat finkatu zen: tokian toki egiten ziren dantzek garrantzi handia zutela, eta hori izanen zela dantza horiek plazaratzeko modua. Izan ere, horren aurretik, dantza ikuskizunetarako egiten zuten, eta dantza berriak sortu. «Konturatu ginen dantzak bere jatorrizko herrietan egiten zirela», dio Irigoienek. Herrietara joaten ziren dantzak bertatik bertara ezagutzeko. «Dantzak lehenengo ikusi, denak batu, eta aldizkarian bertan ere artikulu asko argitaratu ziren. 50 zenbakira heldu ginen denbora horretan. Mugimendu asko egon zen, eta pentsamenduan aldaketa».
Lan nekeza zen, baina. «Pentsa, orduan ez zegoen autorik», dio Irigoienek. Adibidez, Luzaideko (Nafarroa) bolantak ikusteko egun osoa behar zuten. Goizean goiz Bilbotik atera, eguerdian Iruñean bazkaldu, eta arratsaldeko autobusa hartuta, Luzaidera iluntzean ailegatu. Oñatira (Gipuzkoa) joateko, Bilbotik Debara (Gipuzkoa) zihoan trena 09:00etan hartu behar izaten zuten. «Abentura bat zen».
Artxibo lan handia egin zuen EDBk, gero baita filmazioak ere. Hitzaldiak, dantza ikastaroak, dantzari egunak... Baina, betiere, lagunarteko lana izan zela dio Irigoienek.
Berak utzi zuenean EDB probintziaka funtzionatzen hasi zen. Maribel Ortiz de Zarateren garaian ere hala izan zen. 1997tik 2005era lehendakari lana bere gain hartu zuen, Arabako federazioan hamasei urtez egon ondoren. «Euskal Herria batuta mantentzea zen gure grina pizten zuena», azaldu du. «Lan handia egin behar zen, gogorra, baina bihotza eta arima jartzen duzu horren alde». Bilerak han eta hemen zituzten, baina gogotsu joaten zen.
«Guk EDB mantentzen genuen, baina federazio bakoitzak modu batera funtzionatzen zuen». Hala ere, denek baturik jarraitzen zuten. Ortiz de Zaratek esan duenez, aurrekoen bideari jarraitu zioten: aldizkaria, dantzari egunak, dantzak erakustea, dantzen bateratzea...
Sasoiko jarraitzen du
Gaur egun Joseba Altube da EDBko lehendakaria. Esan duenez, sasoiko dago federazioa: «Proiektua geroz eta sendoago ikusten dut». Hala ere, egituratzeko beharra aipatu du. «Euskal Herriko sare kulturalik handiena da gurea, eta desegituratuena». Oraindik ere, federazioek haien lana egiten dute, baina Altuberen aburuz hori positiboa da. Gipuzkoan dantza sueltoa, Bizkaian dantza tradizionala eta Iparraldean sorkuntza dira lan ildoak, baina EDBk guziak batu egiten ditu lehendakariaren hitzetan.
Dantzariak aldizkaria ere berrindartu egin da, eta azken boladan urtero zenbaki bat argitaratu dute. 60.a da hondarrekoa, eta urteurrena du hizpide. «Aldizkaria erreferente bihurtu da. Urte askotan bakarra izan da, nahiz eta orain Internetekin gehiago dauden». Gainera, dantza begiraleen lana arautzeko curriculuma prestatzen dabiltza. Baina, kexu da, baliabideak eskasak direlako.
Gerora, hainbat proiektu daude egiteke. Dokumentazio eta interpretazio gunea, adibidez. «Proiektua aspalditik idatzita dago», esan du. Diasporarekin lan egin nahiko lukete ere, dantzari asko daudelako. EDB haien itsasargia izan daitekeela uste du Altubek. Gainerakoan, helburuak argi dituzte: «Dantza tradizionala jorratzea, zabaltzea, eta behar duen tokia ematea. Gainera, taldeek egin duten itzelezko lana aitortu beharra dago».
Oraindik besoak altxatzeko sasoiko
Mende erdia igaro da Baionan Eskual Dantzarien Biltzarra sortu zenez geroztik. Urte gutxiren buruan, elkartea Hegoaldean legeztatzea lortu zuten. Gerora, federazioen federazio bilakatu zen, herrialde bakoitzak elkartea izanik. EDBko kideek sasoiko ikusten dute elkartea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu