Ez zen oharkabean igaro Montxo Armendariz, orduan zinema zuzendari ezezaguna, 1984. urteko Zinemaldian. Bere lehenbiziko film luzea aurkeztu zuen Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, sekzio ofizialean. Patxi Bisquert aktore protagonista eta Armendariz bera hotelean ziren, prentsaurreko agerraldiaren zain. Urduri. Filma bukatuta, prentsa aretora bidean jarri ziren. Kalera ateratzean, bi gizonek gelditu zituzten: bata Buenos Aireskoa, bestea Mexiko Hirikoa, kazetariak biak ala biak. Besarkadak eman zizkieten, eta film izugarria ikusi zutela esan zieten. Orduan konturatu ziren filmarekin asmatu zutela. «Harriturik geratu ginen. Halako film bat halako hiri handietan gustatzen bazitzaien... Haiek eman ziguten lehenengo puntua», dio Bisquertek. Lasai abiatu ziren, beraz, aretora. Orduan piztu zuten txondorra gori dago oraindik ere.
Hori da, hain zuzen ere, Tasio filmaren arrakastaren gakoetako bat: hemengoa da, baina, era berean, hangoa; ikazkinena, baina baita iturgin, mediku, kazetari eta langabeena ere; landa eremukoa, baina metropolikoak harrapatu egiten duena. Pelikula ikuslearen barreneraino sartzen dela dio Bisquertek: «Filmak askatasuna eta lurrarekiko lotura kontatzen du. Hori edozein lekutakoa da. Denok dugu barnean gizon libre bat eta lurraren semeak garen sentimendua, eta bi gauza horiek oso ondo uztartzen ditu Tasio filmak». Horrek ikuslea eta filma gerturatu egiten ditu.
Horregatik, ez da harritzekoa 30 urteren buruan oraindik ere filma gogoan izatea. Aurki itxi eginen duten INAAC Nafarroako Zinemaren Institutuak erakusketa bat antolatu du Iruñeko Filmotekako atarian. Artxiboan gordeak zituen materialak erabili ditu horretarako, eta uda osoan ikusgai izanen da. Jose Luis Lopez Linaresek filmaketan ateratako argazkiak, gidoia, storyboard-a eta lanaren dokumentazioa bildu dituzte horretarako.
Oraindik ere, ikuslea harrapatu egiten du Tasio filmak; hala uste du Koldo Lasa INAACeko zuzendariak: «Film bat urte batzuen buruan ikusi eta denbora pasatu ez bada, film on bat da, istorio interesgarri bat kontatzen duelako oraindik. Hau film horietako bat da». Nafarroarentzat film oso garrantzitsua izan zela azaldu du. Hainbat faktore daude, baina, horren atzetik.
Mugarria
Lasaren aburuz, Tasio filmak mugarri bat markatu zuen Nafarroako zinemagintzaren iraganaren eta etorkizunaren artean. «Bai zinemagileen eta Nafarroan grabatzeko tokien proiekzioari dagokionez, bai produkzioari dagokionez ere, Nafarroan filmatu baitzen dena».
Horretaz gainera, zinemaren munduko langileengan ere eragina izan zuen. Haren aburuz, Nafarroan zuzendari izan nahi zutenak edo bazirenak bultzatu zituen, baita filmak sortzean beharrezko diren beste profesionalak ere. «Ez zen hasi industria bat sortzen; horrelakorik ez dago, baina profesionalak eta ekoiztetxe txikiak sortzen hasi ziren, eta zuzendari izateko gogoa zutenek beren burua islaturik ikusi zuten Armendarizengan». Beraz, uste du Nafarroako zinemagintzan garai berri bat piztu zuela gerora ibilbide luze eta emankorra izan duen zuzendari nafar baten lehenbiziko filmak.
Ez soilik Nafarroan. Oro har, euskal zinemagintzan film berezia da Tasio, mugarria. Izan ere, nahiz eta gazteleraz izan, euskal zinema egiteko aukera bazela erakutsi zuen. Gontzal Agote zinema kritikoak hala uste du, behinik behin. Ia osorik euskal herritarrek egindako filma da, Montxo Armendariz zuzendaritik eta Elias Kerejeta ekoizletik hasita.
«Garbi erakutsi zuen bazela zer kontatu, eta bazela aukera bat Euskal Herrian egindako zinema egiteko. Zoritxarrez, gerora hori ez da garatu, eta hainbat ahalegin egin badira ere, euskal zinemak orduan izandako loraldi txiki horrek ez du jarraipenik izan, nahiz eta gerora, beste garai batzuetan ere, izan diren bolada eta film garrantzitsuak». Azken finean, agerian geratu zen euskaldunek beren baliabideekin konta zezaketela euskaldunen historia. Baina gaur egun ezinen litzateke halako filmik egin. Armendarizek berak hori esan zuen, gutxienik, duela bost urte, filmaren urteurrenaren harira.
Pelikulak ez zuen balio izan soilik euskal zinemagintza beste modu batera ulertzeko. Han parte hartu zutenentzako aukera handia izan zen; besteak beste, Tasioren rola jokatu zuen aktorearentzat, Bisquertentzat. Zineman ustekabean hasi zela aitortu du, ez zuela bokaziorik pantaila handiko aktore izateko. Segoviako ihesa, Akelarre eta La conquista de Albania (Albaniako konkista) filmetan agertu ondoren, Tasio-k murgildu zuen zinemagintzan. «Nire erabakia indartu egin zuen. Izan zuen arrakastarekin, ziurtasuna eman zidan zinemaren munduan jarraitzeko».
Eta, nola ez, gerora letra larriz idatzi zuten zuzendari baten lehen alea izan zen. Armendarizek ere tranpolin egokia aurkitu zuen ikazkinaren istorioan. «Niri loteria tokatu zitzaidan horrekin, eta pentsatzen dut Armendarizi ere baietz», azaldu du Bisquertek. Agotek nabarmendu egin du «zuzendari handi baten» lehen alea dela. Han ikus liteke Armendarizen lan egiteko modua. «Hark istorio txikiak kontatzeko duen modua eta horiek kontatzeko eta filmatzeko orduan erabiltzen duen xamurtasuna da ezaugarri nagusia. Hori oso agerikoa da Tasio-n, eta horrek balio erantsia ematen dio filmari».
Armendarizek aurretik grabatutako dokumental bati tiraka zuzendu zuen Tasio: Nafarroako ikazkinak, hain zuzen ere. Film hark ikazkin baten bizimodua azaltzen zuen. Baliabide gutxirekin egindako lana izanagatik ere, emaitza txukuna izan zen, eta aski ongi azaltzen zuen galtzear zen lanbide eta bizibide hori. «Asko harritu ninduen, batik bat euskara eta gazteleraren erabileragatik, norberak erabiltzen duen hizkuntzari zor zaion errespetuarekin». Horrek arazoak ekarri zizkiola ere gogorarazi du Lasak. Izan ere, Principe de Viana instituzioak eta Nafarroako Diputazioak finantzatu zuten dokumentala. «Nolabait bahitu eta tiradera batean gorde zuten». Baina Bilbora ailegatu zen, Zinebi jaialdira, eta saria irabazi. INAACeko zuzendariak azaldu du gerora berreskuratu egin dela.
Filmarenganako gertutasuna
«Gainbeheran eta desagertzear den mundu baten kronika bikaina da, testamentu bat». Agotek hala definitu du ikazkinen inguruko dokumentalaren ondoren sortutako filma. Haren aburuz, ez da agertzen soilik galtzear zen ikazkinaren bizimodua, baizik eta gizakiaren eta naturaren arteko harreman baten bukaera. «Istorioa eta pertsonaiak unibertsalak dira: maitasuna, bizirik irauteko borroka, naturarekiko harremana, tradizioa, mundu baten galera...». Horrek izan zuen eraginik filmaren arrakastan.
Istorioa gertukoa sentitu dute askok, baita Urbasa inguruko herritarrek ere. Hala, ezohiko grabaketa egin zuten inguru haietan. Herritarrek babes osoa eman zieten, eta edozertan laguntzeko prest agertu ziren. Bisquertek gogora ekarri du hori: «Filmaketa oso gogorra zen: mendian egun guztian, goizez eta gauez, hotz handia... Herritarrek mantak eta salda ekartzen zizkiguten. Ez dut beste inon horrelakorik ikusi». Haren aburuz, inguruetako herritarrek oso gertukoa sentitu zuten istorioa, haietako bakoitzarena kontatuko balitz bezala.
Herritar haiek bezala, euskaldun askok ere bere egin zuten. Agotek dio hainbat belaunaldiren oroimen kolektiboan dagoela. Orain, Tasio gogora ekarri nahi duenak Iruñeko Filmotekan izanen du aukera. Erakusketaz gainera, urrian filma emango dute, baita Nafarroako ikazkinak dokumentala ere. Hala gertatu zen orain dela bost urte, INAAC sortu zenean. Tasio filmak 25 urte bete zituen orduan, eta hainbat jarduera antolatu zituzten urtemugaren karietara. Bost urte pasatuta, Nafarroako Gobernuak institutua ixtea deliberatu du, eta aurki jaitsiko du pertsiana behin betiko. Beraz, ireki bezala itxiko dira Nafarroako zinemagintzan hainbeste lan egin duen erakundearen ateak. Txondorrari berriz ere sua emanez.
Oraindik bero dago ikatza
'Tasio' filma bizi-bizirik dago memoria kolektiboan, nahiz eta 30 urte igaro diren sortu zenetik. Iruñean erakusketa bat prestatu dute, urteurrena gertu delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu