Mateo Franzoia

«Oraindik amets bat da niretzat hemen egotea»

AEBetatik etorri berri, Euskal Herriko festak ezagutzen ari da 'Yes we jai!' telebista saioari esker. Pozik da euskal giroan murgilduta, jaietako hainbat arlo ezagutzen.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Lasa Etura.
2012ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Festarik festa. Hala dabil udan Mateo Franzoia (Elko, AEB, 1989). Hegazkinetik jaitsi, eta sanferminetara zuzenean joan zen ETB1eko Yes we jai! programako aurkezlea. Geroztik, ez da gelditu, eta nekea sumatzen zaion arren, beste hilabete batez ez du gelditzeko asmorik. Argi dauka lan egitera bai baina aukera baliatzera etorri dela: «Pozik nago aukera hori egin dudalako».

Udan gaude, eta zu festarik festa... lanean. Ez duzu lan txarra, gero!

Ez da lan zaila, festa giroan gaude eta. Baina zailtasun batzuk badaude lan egiteko: jendearen artean ibili, asko mozkortuta daude, beti oinez... Halere, oso polita da. Nik AEBetan ikusten ditut jai batzuk telebistan, eta zuzenean egotea zeharo desberdina da; oso jende jatorra ezagutu dugu. Nire bigarren astea da hemen, eta, oraindik, amets bat da niretzat hemen egotea!

Nevadatik iritsi berri zara, eta Iruñean, Lesakan, Markina-Xemeinen eta beste hainbat lekutan izan zara. Zein festak harritu zaitu gehien?

Uztailaren 5ean iritsi nintzen, eta, zuzenean, bilera bat eduki genuen Donostian. Hurrengo egunean Iruñera joan ginen bi egunez festa egiteko, gero Lesakara, eta Iruñera berriro. Nire lehen lau egunak, sanferminetan! Oso nekatuta amaitu nuen, energia erabili dut hori egiten. Baina Iruñeko festak oso bereziak izan dira niretzat, entzierroa eta zezenketak ikustea... Bizitzan behin egiteko gauza da.

Elkon ere badituzue entzierroak, ezta?

Eduki genituen entzierroak, baina kale txiki batean egiten ziren. Orain, rodeoko plaza batean egiten dute, profesionalekin. Baina ez da gauza bera, ez da Iruñeko entzierroa.

Hango festarik gabe geratu zara aurten.

Bai, baina hau aukera bat izan da, eta erabaki egin behar nuen. Pozik nago aukera hori egin dudalako. Elkoko jaiak oso bereziak dira niretzat, baina egongo dira gehiago.

ETBko zuzendaritzari proposatu beharko diozu hurrengo udan Bai, guk fest! edo antzeko programaren bat egitea. Diasporako festak ezagut ditzagun.

Ba bai, polita izango litzateke. AEBetatik hasi, eta gero beherantz, Argentinara, Rocio [Basterra, Yes we jai-ko aurkezlea] ikustera. Gure euskal jaiak, AEBetan, oso tradizionalak dira, beti euskal dantzak, herri kirolak eta herri bazkariak egiten ditugu. AEBetan pentsaera hori dugu Euskal Herriari buruz.

Tira, ea argitzen didazun zalantza: programako kamerak itzalitakoan parrandan jarraitzen duzue, ezta?

Ez, ez! Guk normalean bidaiak egiten eta grabatzen hamabi ordu ematen ditugu egunean. Asko nekatzen gara. Lan egin ondoren niretzat zaila da parrandan atera eta hurrengo egunean berriro lanera etortzea. Ezin dut. Ez daukat energia hori.

Frantziako Tourrean ere izan zara. Gustura Peyresourden?

Primeran. Baina ez dut lorik hartu. Tourreko giroa ez duzu ikusten telebistan, bakarrik txirrindulariak. Jendea hiru edo lau egunetan egoten da han. Agian hori egitera itzuliko naiz lagunekin, baina, horretarako, dirua irabazi behar dut lehendabizi.

Leipheimerren eta Hornerren alde ala euskaldunak animatzen?

Euskaldunak beti.

Ondo moldatzen al zara programako bi neskekin?

Ez naiz aspertzen. Grabatzen ari garenean oso ondo gaude. Elkarrekin oso ondo moldatzen gara. Etxean ere ondo gaude; askotan elkarrekin bazkaltzen dugu. Kalera ere elkarrekin joaten gara; baina bakoitzak gure lagunak dauzkagu hemen, eta, normalean, haiekin ateratzen gara. Programako jende guztia orain dela bi aste ezagutu nuen.

Ezinbestean egin behar dizudan galdera bat: ligatzen al da Euskal Herrian?

Neska euskaldunekin ez dut inoiz ligatu, atzerritarrekin bakarrik. Arraroa da. Saiatzen naiz euskaldunen bat aurkitzen, baina ez da gertatzen. Aldatu beharko dut zerbait neure buruan kalera irteterakoan. Gehiago saiatu beharko dut.

Bukatzeko, uda amaitutakoan Elkora bueltatuko al zara?

Bai, Elkora joango naiz, lan bila. Telebista ez da nire lanbidea, nire ikasketak maiatzean amaitu nituen: Ingeniaritza Zibila. Bueltatutakoan horrelako lanen bat bilatu beharko dut.

Ea zortea duzun.

Hori espero dut! Ez dut denbora asko igaro lan bila. Maiatzean oporrak hartu nituen, eta gero aukera hau izan nuen. Programako jendearekin hitz egiten aritu nintzen, eta etortzeko esan zidaten. Eta hemen nago. Oraindik amets bat da niretzat. Jairik jai ibiltzen, jende jatorra ezagutzen, giro polita ezagutzen... Amets batean bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.