Lisabo taldearen sortzaileetako bat da Karlos Osinaga Txap (Irun, Gipuzkoa, 1972). Animalia Lotsatuen Putzuan diskoa grabatzera sartu zirenean hasitako hiru urteko zikloa amaituko du taldeak gaur, 22:00etan, Bilboko Kafe Antzokian emango duen kontzertuarekin. Unicornibot taldeak joko du aurretik.
Hiru urteko zikloaz mintzo zarete. Zer esan nahi izan du Animalia Lotsatuen Putzuan honek zuentzat?
Disko ororekin legez, egitasmo baten aurrean jartzen zarenean,oztopoak aurkitzen dituzu: ez dakit zergatik musikariren bat joaten da beti, eta taldea berriz osatu behar duzu. Ezlekuak eta haren bira bukatu eta Ionyu baxu jotzaileak taldea utziko zuela esan zigun [Xabi Zabala sartu zen haren ordez]. Hor hasi zen prozesua, ez hutsetik, baina dinamika berreskuratu behar duzu. Disko hau prestatzeko, makina berriz koipeztatu behar izan genuen, eta hori neke handiko lana da. Azkenean lortzen dituzu helburuak, pixka bat berandu bada ere.
Zergatik berandu?
Epeak atzeratzen dira beti. Berez, 2010erako atera behar genuen diskoa [2011n argitaratu zuten]. Azkenean, data bat jarri behar izan genion geure buruari, eta orduan bai, aurrera egin genuen. Profesionalak ez garenontzat diskoa eta bira egitea sekulako lorpena da, mirari bat.
Disko honekin badirudi Madrilgo musika prentsak aurkitu zaituztela, 12 urteren buruan.
Rockdeluxe-n beti portatu dira ondo gurekin, lehen diskotik. Baina beste batzuentzat ikusezinak izan gara, agian ez ditugulako industriaren erritmoak jarraitu. Animalia Lotsatuen Putzua honekin, badirudi norbaitek erabaki duela atsegin zaiola, eta besteek «jarrai diezaiogun kalabazari» esan dutela, La vida de Brian filmean bezala.
Hasi al zarete «nik Lisabo gustuko nuen ospetsuak izan aurretik» entzuten?
Kontzertu batzuetan sumatu dugu jende bat hasi dela etortzen«gaiztoak dira eta euskaraz abesten dute» entzun dutelako eta zer ote garen jakiteko. Gauza exotiko gisa ikusten gaituzte, xelebretzat hartzen gaituzte. Halere, Espainian ez gara asko ibili, baina, zorionez, Bartzelonan lehen ere ibili gara, eta beti izan ditugu entzuleak han. Orain mediatikoak gara, eta kanpoan baino gehiago hemen nabaritzen dugu, norberaren auzoan edo herrian. Irunen 10 bat zale izango genituen lehen, orain «ikaragarriak» omen gara. Halere, harro gaude horrekin, zer demontre.
Ziklo bat ixten denean beste bat irekitzen da.
Argi dugu beste disko bat egin nahi dugula. Baina orain norberaren erritmoak jarri behar ditugu mahai gainean, beste egitasmo batzuk izango direlako. Ikusiko dugu zelako trebetasuna dugun zerbait egiteko. Lauzpabost urte pasatu dira orain arte disko batetik bestera. Guk badakigu egiten duguna noiz balio duen eta noiz ez. Hori da gure iragazia. Duela urte batzuk auskalo, baina, orain, kanpotik esaten digutenak guri bost. Harroxkoa eman dezake, baina hala da: nahi duguna egiten dugu, ahal dugunean.
«Bira agurtzeko festa» iragarri duzue gaurko.
Agian ez da aparteko gauza izango, baina guretzat festa izango da. Hona iristea oso polita izan da. Ziklo bat itxiko da. Egindakoa hor daukagu. Zer etorriko da gero? Ez dugu misteriotsuak izan nahi. Geuk ere ez dakigu.
Karlos Osinaga 'Txap'. Lisabo taldeko kidea
«Orain mediatikoagoak gara, eta, kanpoan baino gehiago, hemen nabaritzen dugu»
Irungo noise taldeak azken hiru urteko plana amaituko du gaur. 'Animalia Lotsatuen Putzua' egitasmoaren balantzeaz, hurrengo diskorako asmoaz eta bat-bateko ospeaz mintzo da Txap abeslaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu