Argazkilaria

Marieli Oviedo: «Orain, futbolariak giza iragarkiak bezalakoak dira; lehen, futbola kirolagoa zen, puruagoa»

Athleticen egin dituen 43 urteetan, aldaketa asko ikusi ditu Marieli Oviedo argazkilariak; besteak beste, lan egiteko moduan eta baliabideetan. «Bazenekien zer atera nahi zenuen, baina ez zenekien zer ateratzen ari zinen», oroitu du.

Marieli Oviedo Bilbon, asteartean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Marieli Oviedo Bilbon, asteartean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2024ko azaroaren 3a
05:00
Entzun

Bizitzako oroitzapenetako asko dokumentatuta dauzka Marieli Oviedo argazkilari bilbotarrak. Bilboko Athletic klubean lanean ibilitako 43 urteez mintzatzerakoan, pasadizo eta anekdota askoren atzetik bota du: «Argazkia erakutsiko dizut elkarrizketa bukatzerakoan». Sakelakoan, bata bestearen atzetik agertu dira 1983ko gabarra, 1984koa, eta aurtengoa; oraingo jokalarien erretratuak eta duela pare bat hamarkadatakoenak; Txetxu Rojorekin duen bat, zuri-beltzean, Oviedo haurra zenekoa; Johan Cruyffekin duen beste bat, jada koskortuagoa. «Gaurkoa da egingo ez dudan lehen Batzar Orokorra», gogoratu, eta aitortu du horren falta sumatuko duela. 1980ko abenduaren 21ean egin zion klubak lehen enkargua, eta 2023ko abenduaren 21ean erabaki zuen Oviedok harremana etetea. «Athletic harrobi klub bat da; jende gazteari eman behar zaio lekukoa», argudiatu du. Beteranoen taldeari lotuta jarraitzen du oraindik, halere.

Lana zure pasioa ere izan da: Athleticez mintzatzean, «familia» hitza darabilzu.

Pribilegio bat izan da zaletasuna, pasioa, ogibidea eta bizitza pertsonala batzea. Argazkilaritza beti izan da nire zaletasuna, eta eskuetan argazki kamera bat dudala hilko naiz. Baina ez dut esaten nire pasioa denik, nire pasioa Athletic baita. Bizitzako ordu gehiago eman dizkiot Athletici ia harreman pertsonalei baino. Asteburu baterako hitzordu bat banuen, eta ekitaldiren bat bazegoen, Athletic zen lehentasuna; Athletic, edo harekin lotuta ez zegoen beste lanen bat. Izan ere, profesional bezala erdi mailakotzat daukat neure burua, baina eginbeharrak bete egin izan ditut beti: argazkiak entregatzeko lorik egin gabe gelditu behar izan badut, gelditu izan naiz. Perfekzionistegia naiz: ez dakit hori ona edo txarra den, baina nire zigilua izan da, nire esentzia.

Gaztetatik hasi zinen, gainera...

Goikoren [Andoni Goikoetxea] debuteko argazki famatu hori, 1975ean Donostiako Atotxa zelaian, kopako partida batean: nik atera nion. Haren lehengusina Elena Goikorekin nengoen harmailetan, haur batzuk ginen. Partidaren erdian, oihukatu genion ipin zedila argazki bat ateratzeko. Athletic ikustera joaten ginen; orain, jende asko joaten da, baina orduko hartan lau zoro ginen. Taldeak non jokatu, hara joaten ginen; ni, argazki kamerarekin beti. San Mamesen, beherago ipintzen nintzen, jokalariei deitzen nien, argazkiak egiten nituen... Horrela ezagutu ninduten, eta 1980ko abenduaren 21ean, klubak nire lehen enkargua eman zidan.

Zein izan zen aurrena: argazkilaritzarako zaletasuna, edo athleticzaletasuna?

Antzera. Nire aitari asko gustatzen zitzaion bideoa; garai hartan ez zen bideoa, Super 8 baizik, zortzi milimetrokoa. New Yorkera bidaiatu zuen, eta handik kameratxo bat ekarri zidan, plastikozkoa. Oraindik badaukat, eta argazkiak ateratzen ditu. 10 urte inguru nituen. Eta garai hartan, gutxi gorabehera, Txetxu Rojo ezagutu nuen, eta hark athleticzaletasunaren txertoa sartu zidan.

San Mamesera hasieratik joaten zinen kamerarekin?

Ez, ez, oso haurra nintzen. Ama gogaitzen nuen, abonatua zelako —garai hartan, emakumeak ezin ziren bazkide izan [1979ra arte]—. Amak, azkenean, txartela niri eman zidan. San Mamesen, bi gizoni grazia egiten nien, antza; ikusten nuen mundu guztiak agurtzen zituela, eta pentsatu nuen inportanteak izango zirela. Tribuna nagusian haien artean jesartzen ninduten, eta futbolaren inguruan irakasten zidaten: bata [Agustin] Piru Gainza zen, eta bestea, Jose Luis Artetxe. Pirurekin oso harreman ederra eduki dut, eta harremana dut haren semearekin ere. Garai hartan, ez zuten kamerarik sartzen uzten San Mamesen, eta, gainera, ez ziren egokiak. Eta Athleticek bazeukan argazkilari bat: Felix Villar. Garai hartako argazki asko galdu egin dira, artxiboa ez zelako gordetzen: Jesus Garaik kudeatzen zuen argazkien kontua, eta argazki bat eskatzen ziotenean, albumetik erauzten zuen —Ebro kolarekin itsasten ziren—, eta gero ez zioten itzultzen...

«Perfekzionistegia naiz: ez dakit hori ona edo txarra den, baina nire zigilua izan da, nire esentzia»

Klubeko argazkilariaren figura profesionalizatuta zegoen, gutxi-asko? Garrantzia ematen zioten?

Athleticen bai, dudarik gabe. Garai harrigarri batean sartu nintzen. 82-83ko denboraldian, lehen liga irabazi genuen, eta lehen gabarra atera zen. Gabarra hura erriberatik jarraitu nuen. Bigarren gabarra, atoiontzitik. Euskal futbolaren garai oso inportantea izan zen: Realak bi liga irabazi zituen —80-81 eta 81-82koak—, eta guk lekukoa hartu genion hurrengo bi denboraldietan. Handik urte gutxira, 1988an, Ibaigane inauguratu zuten [Athleticen egoitza]. Bidaia bat egin behar izan nuen egoitza izan zitezkeen hainbat eraikinetatik, eta irudi guztiak ditut artxiboan gordeta. Bartzelonak [Andoni] Zubizarreta eraman zuenean, hark formakuntza funts bat eskatu zien, nahiz eta ez zuen zertan, klubak onura ekonomiko bat izan zezan. Eta 100 milioi [pezeta; 600.000 euro] horiek Ibaigane erosten inbertitu ziren. Kontu asko egon ziren garai hartan: Ibaigane, San Mames zaharraren 75. urteurrena... Gizartea desberdina zen, baita futbola ere.

Zertan?

San Mamesko publikoa zaharragoa zen. Oso antzinakoak diren argazkiak badaude, non ikusten diren denak kapelarekin, gabardinarekin eta gorbatarekin jantzita. Bada, 1980ko urteetan ere hala joaten ziren tribunakoak. Eta orain marketin asko dago, sail komertzialak, babesle asko... Lehen, kamiseta garbi egoten zen. Fernando Lamikiz zegoenean presidente [2004-2006], Euskadi ipini zen Europako partidetarako kamisetan, eta txarto iruditu zitzaigun... Eta begira orain: beteta dauzkate besoak, bizkarra... Giza iragarkiak bezalakoak dira, eta Athleticena ez da okerrena. Futbola futbolagoa zen, kirolagoa, puruagoa.

Lehen, nola kudeatzen zen publizitatea?

Goikori argazki bat egin nion Lezaman, zelaian jesarrita, Adidasentzat; etxeek kamiseta ipintzen zuten, eta gero jokalariekin publizitate kontratuak zituzten, orain bezala. Adidasek niri deitzen zidan, eta enkargatzen zidan argazkiak egitea [Javier] Clementeri, Goikori, Zubiri [Zubizarreta], Txetxu Rojori... Hori zen Athleticek zeukan ñabardura komertzial bakarra. Armarria ezkerrean, eta eskuinean, marka, tamaina txikian.

Eta lana egiteko moduari dagokionez, nola aldatu da egoera?

Lana oso ezberdina zen lehen. Berriro diot: gizartea aldatu egin da. Orain dena da sare sozialak, dena da presa, argazkiak berehala egon behar du; askotan, horrek talka egiten du kalitatearekin. Argazkilari batentzat, aldatuz joan dira lan metodoak, baita tresnak ere. Lehen, bilkariekin egiten genuen lan, bilkariak bidaltzen zenituen errebelatzera. Prentsan, zuri-beltzean ateratzen ziren, errotatibara heldu eta txurroak balira legez errebelatzen zirelako; kameren eta bilkarien kalitatea okerragoa zen. Argazkia behartu behar zen argia lortzeko; estadioetako argiztapenak ez du zerikusirik... Lehen, gehiago kostatzen zen, gehiago pentsatu behar zen; bazenekien zer atera nahi zenuen, baina ez zenekien zer ateratzen ari zinen. Azken gabarran [aurtengoa], senideen barkuan joan nintzen, argazkiak egiten, eta 4.000 edo 5.000 argazki ingururekin heldu nintzen etxera... eta agian gehiago izan ziren. Athleticen artxibo osoa gordeta daukat: 25 urtetako negatiboak, 2002tik aurrera dena digitala izan baita. Eta kuriosoa da: 1984ko gabarran, 36 argazkiko zazpi bilkari erabili nituen.

«Aurtengo gabarran, 4.000 edo 5.000 argazki ingururekin heldu nintzen etxera... eta agian gehiago izan ziren. 1984ko gabarran, 36 argazkiko zazpi bilkari erabili nituen»

Askoz gutxiago.

Ezer ez. Beste lan bat zen. Ni erromantikoa naiz, eta maite nuen lan hura, argazkia harrapatu izanaren emozioa... Noski, orain sekulako abantailak dituzu.

Argazkilaritzaz gain, bestelako lanak ere egin dituzu Athleticentzat?

1982ko Munduko Txapelketarako San Mames zaharra handitu zenean, zati batzuk leherrarazi ziren, sektore berriak ipintzeko. 17.000 toki aldaketa egon ziren, eta leku gehiago egin ziren. 2032an, bazkide bezala 50 urte beteko dituztenei dominak banatzen dizkietenean, sekulakoa izango da, urte hartan jende mordo bat bazkidetu baitzen. 25 atean, palkoaren ondoan, bulego bat zegoen, eta han egon nintzen ni lekualdaketak eta abar kudeatzen. Horrez gain, sarrerak eramaten nituen Bizkaiko herri guztietara... Sekulako eskaria zegoen: noski, txapeldunak izan ginen bi urtez jarraian, eta jendeak sarrerak eskatzen zituen. Herrietatik etorri behar izan ez zezaten, zerrenda bat egin zen, Gasteizera eta Eibarrera arte [Gipuzkoa], eta leku bakoitzean sarrerak eramaten ziren tabernetara, txokoetara, batzokietara... Partida baino lehen eramaten nituen, eta, gero, bildutako dirua hartzera itzultzen nintzen. Garai hartan bazkide egin zirenak akordatuko dira, aulkira banan-banan laguntzen bainien.

Partiden argazkiak egiten zenituen, zelaiarenak?

Ez ziren partidaren argazkiak egiten; beste garai bat zen, ez zegoen sare sozialik... 2000. urtera arte, Athletic prentsako argazkiez hornitzen zen; hedabideetako argazkilariek egindako hiru-lau hartzen zituzten. Ez zegoen beharrik. Beharra egoten hasi zenean, argi dago nik ezin nituela zelaiko argazkiak ere egin, eta beste argazkilari bat kontratatu zuten.

Ez duzu partiden berri eman, beraz?

Noizbehinka. Orain, inoiz baino gehiago, beteranoekin jarraitzen dudalako. Baina ez zen bideragarria. Klubak beste behar batzuk zituen, behar instituzionalago batzuk.

«Askoz garrantzitsuagoa da artxiboa, sare sozialetako edukiak baino. Sare sozialetako edukiak beharrezkoak dira, bai, eta eztabaidaezinak; baina iraungo dute?»

Sare sozialen gorakadarekin, klubaren irudia beste modu batean kudeatzen da?

Beste garrantzi bat ematen zaio. Baina, beti diot, nire ustez askoz garrantzitsuagoa da artxiboa, sare sozialetako edukiak baino. Artxiboak iraun egingo du; sare sozialetako argazkiak, edo bideo labur horiek, beharrezkoak dira, bai, eta eztabaidaezinak; baina iraungo dute? Klubak 150 urte betetzen dituenean —eta ez dago hain urrun—, edo bigarren mendeurrena, kasu horietan artxibora jo beharko da. Klubaren kultur ondareak kalitatezko argazkietan oinarritu behar du.

Klubak nola gordetzen du artxibo hori?

Artxiboa nik daukat, nik gordetzen dut.

Gizonezkoen taldearekin harreman luzeagoa izan duzu, 2002ra arte ez zelako egon Athleticen emakumezkoen talderik. Hala ere, zer harreman izan duzu andreen taldearekin?

Ba, oso harreman ederra. Javier Uriak proposatu zuen emakumezkoen futbol talde bat sartzea —Uria oso gazte hil zen, Athleticeko presidente zela—. Garai hartako kirol zuzendariaren laguntzailea Ernesto Valverde zen, eta hark kudeatu zuen gaia. Nerea Onaindiaren aitarekin hitz egin zuen; Onaindiaren aita Leioa taldeko presidentea zen, Athleticek talde hori xurgatu zuen, eta hango jokalari askok jokatu zuten Athleticen. Merezimendu osoa dute: Ana Astobietak ez zuen inoiz Athleticen jokatu, baina Bizkaiko futbolean aitzindaria izan zen Sondika taldearekin; Eba Ferreira; Iraia [Iturregi] AEBetara joan zen jokatzera, non emakumezkoen futbola gizonezkoena baino askoz inportanteagoa den, eta gero itzuli, eta gure kapitaina izan zen; Eli Ibarra nire erreferenteetako bat da: beti egon da Athleticen erraietan, eta hari lotuta segitzen du, orain fundazioan lanean...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.