«Automatikoki egiten dudanez, eta, debalde denez, arnasten dut ahal dudan bezala». Hori ei da jende gehienak erantzuten duena, galdetzen diotenean: «Nola arnasten duzu?». Oier Sanjurjo ere (Lizarra, Nafarroa, 1986) erantzun ezinda gelditu zen galdera egin ziotenean. Erantzun bila hasi zen, eta arnasketa eraginkorraren irakaslea da orain.
Ahotik ala sudurretik ari zara arnasten orain?
Hizketan ari garenean, ahotik arnasten dugu bereziki. Egin liteke sudurretik, baina asko-asko entrenatu behar da, ahoz ari zarenean ahotik arnastea eskatzen dizulako gorputzak.
Zurrunga egiteak horrekin dauka zerikusia?
Erabat. Gaur egungo gizartean zera gertatzen zaigu: minutuko behar baino gehiagotan arnasten dugula. Frekuentzia egokiena da minutuko sei aldiz arnastea sudurretik. Tamalez, hamar aldiz edo gehiagotan egiten dute gehienek. Horri hiperbentilazioa deitzen zaio, eta gauetan arnasketa ez-eraginkor bat egitearen ondorioetako bat da zurrunga egitea.
Nola iritsi zara zu arnasketaren mundu honetara?
Nire futbol ibilbideko azken urtean, Interneten nahaspilan nenbilela, arnasketari buruzko informazioa topatu nuen, eta arreta eman zidan. Bereziki, galdera batek: «Nola arnasten duzu?».
Nola?
Ez nuen jakin zer erantzun. «Nola arnasten dudan? Bada, arnastuz. Automatikoki egiten dugun zerbait da, ezta?». Bada, egunean zehar 25.000 aldiz egiten dugun ekintza bat da, eta ez dakigu erantzuna. Ikertzen hasi nintzen, eta Oxygen Advantage izeneko konpainia topatu nuen. Ohartu naiz berebiziko garrantzia daukala ondo arnasten jakiteak. Orain ez zait okurritu ere egiten ahotik arnasa hartzen hastea. Ez, behintzat, behar-beharrezkoa ez bada.
Buteyko metodoa, Patrick McKewon... jendeak pentsatuko du meditazio kontuetan hasi zarela, baina hau beste kontu bat da?
Egia da jendeak arnasketa meditazioarekin-eta lotzen duela, eta egia da baita ere meditazioaren oinarrian arnasketa dagoela. Baina honek badu oinarri zientifiko bat. Buteyko metodoa aspalditik ezagutzen den metodo bat da, arnasketarekin lotutako patologiak dituztenentzat erabiltzen dena. McKewonek egin duena da metodo horri buelta bat eman eta kirolarientzako arnasketa ariketak landu.
Onuren zerrendan nabarmentzekoak?
Arnasketa eraginkorraren funtsa da gorputza ongi oxigenatzen berrikastea. Gorputzeko ehunak eta organoak ongi oxigenatzen badituzu, askoz hobeto hartuko duzu atseden gauean, eta indar handiagoarekin esnatuko zara goizean. Garuna ongi oxigenatzen baduzu, pentsamenduak ere argiago izango dituzu. Zure egoera fisikoak hobera egingo du, funtsean, nekea geroago iritsiko zaizu, eta lesioetatik-eta lehenago osatuko zara.
Baina zu hamabost urtez aritu zara kirol profesionalean, eta inork ez dizu hori irakatsi?
Egunean 25.000 aldiz egiten dugun zerbait da, eta ez diogu erreparatu: «Automatikoki egiten dugunez, eta, debalde denez, arnasten dut ahal dudan bezala». Nik, partida bat hasi baino lehen, nire sistema muskulu-eskeletikoa prestatu egiten nuen, berotu egiten nuen; arreta jartzen nuen horretan. Baina arnas sistemari, kasurik ez. Zergatik ez? 90 minutuz aritu banaiz arnasa estututa. Bizitza osorako behar dudan sistema bat da, eta arnasbideak zaintzea eta horri buruzko kontzientzia hartzea inportantea dela iruditzen zait.
Nola ari zara hori guztia irakasten?
Oraintxe bertan, hasierako puntuan nago. Formakuntza jaso dut, eta prest ikusten dut neure burua ikasitako hori besteei irakasteko. Sare sozialetan-eta ari naiz mugitzen, ezagutzera emateko. Neuk irakasten dut zer den arnasketa eraginkorra: interesa duen pertsona horrekin elkarrizketa bat eduki, zer behar dituen aztertu, eta aplikatzeko errazak diren ariketa multzo batzuk agintzen dizkiot egunean. Errutina bat har dezala. Eta egiten diot bost edo sei asteko jarraipen bat, arnasketa eraginkorra barneratzen duen arte.
Zer-nolako harrera egin dizu jendeak?
Ni harritu nintzen bezala, jendeari ere azaltzen diozunean hau guztia zer den, harritu egiten da. «Zentzu guztia dauka! Nolatan ez digute orain arte horrela azaldu?». Jaso dudana oso polita eta oso positiboa izan da.
Lagundu dizu kirol profesionala utzi osteko trantsizio horretan?
Erabat. Duela urtebete utzi nuen futbola, eta horrek orduan halako antsietate puntu bat sortzen zidan: «Zer egingo ote dut?». Ez neukan batere argi nondik nora jo. Amaiera gerturatu ahala, lasaituz joan nintzen: «Emaiozu zeure buruari zer egin behar duzun ez jakiteko aukera; zilegi da hori ere. Ez da ezer gertatzen». Hori barneratu nuenean, eta lasaitasun hori topatu nuenean, nola diren gauzak, arnasketaren kontu honekin egin nuen topo. Eta ikusi nuen hor banuela bide polit bat egiteko aukera.
Hiru seme-alaba izanda, beti akordatzen zara arnasketa eraginkorra egitearekin?
[Barrez] Ahal duguna egiten dugu momentu bakoitzean. Oreka da garrantzitsuena bizitzan.
LOTSABAKO
Zerk ematen dizu zuri arnasa? Barre egiteak.
Eta zerk estutzen dizu zuri arnasa? Ariketa fisikoa egiteak, nire bihotzaren taupadak dena emanda jartzeak.