Gazterik lotu zitzaion euskaltzaletasunari Iñaki Azkona (Iruñea, 1956). Zuzenbidea ikasi arren, Iruñeko euskara teknikari izan da postua sortu zenetik. Udaleko euskal kultur programak sortzen gozatu du: Bertsoaroa, Irrizikloa, Egile Berrientzako Literatur Lehiaketa, Garaikideak... Batzuk arrakastatsu, besteak minoritario, baina guziak beharrezko izan dira hiria euskalduntzeko.
Lana garatzeko abagunerik aproposenean hartu duzu erretiroa?
Adinarengatik utzi dut. Polita daegoera itxaropentsu batean izatea bukaera. Konturatu naiz neraman zamaz eta arduraz, eta balioa ematen diot orain dudan buru garbitasunari eta lasaitasunari.
1984an hasi zinen udalean lanean. Aurretik, uste zenuen lanpostu horretan ariko zinela inoiz?
Euskara teknikari postuaren kontzepziorik ez zegoen, beraz, ez. Poliki-poliki gorpuztu zen lana. Julian Balduz zegoen orduan, eta PSOEren eta HBren artean eraman zuten lehen udal demokratikoa. Udalak oso-oso ongi defendatu zuen lanpostuaren eginbeharra: euskararen garapena barneko eta kanpoko arloan, eta euskal kultur jarduerak antolatzea. Sartu nintzenean, Kike Amonarriz zegoen Tolosan [Gipuzkoa], eta Inaxio Agirre, Donostian. Lehen urte haietan, askotan bildu ginen hirurok, eta erabilgarri izan zitzaidan haien lana.
Bitxia dirudi hiru teknikarietatik bat Iruñekoa izatea.
Bai, bitxia da. Talde abertzaleek euskara bultzatu nahi zuten, eta ongi ikusi zuten PSOEkoek.
Iruñean euskarak izan duen garapenerako gakoetako bat izan zen erabaki hori?
Hala nahi nuke pentsatu. Gorabehera handiekin, bere mugekin eta trabekin, ez da bide laua izan, baina beti han egon naiz. Batzuetan frankotiratzaile moduan, besteetan modu integratu eta antolatuagoan, baina ordutik beti izan da euskal kultur programazioa. Udalean euskararen aldeko jarrera bat azaldu nahiz eta oso leuna batzuetan eta diruz lagundu izanak eragina izanen zuen.
Euskaltzaletasuna nondik heldu zaizu?
13-14 urterekin hasi nintzen euskara ikasten. Garai mugituak ziren, dena zegoen borborka, eta gu berehala hasi ginen euskara ikasten. Amona euskalduna nuen, baina inoiz ez zuen hitz egiten. Uste dut aitaren familia abertzalea zela, baina oso sekretuan eta beldur handiz eraman zuten. Are, ikusi zutenean euskararenganako grina piztu zitzaigula, beldurtu ziren, eta saiatu ziren gu handik aldentzen. Hala ere, azpitik sentimendu bat pasatu ziguten.
Zertan aritu zineten gaztetan?
Garai hartan engaiatu nintzen politikoki eta kulturalki: mendizaleak ginen, eta Gaztedin, Juventud San Antonion, gauza asko antolatzen genituen. San Fermin Txikiri euskal kultur kutsua eman nahi genion: Ez Dok Amairuko guziak ekartzen genituen. Olentzero antolatu, euskara eskolak, euskarazko mezak Aginagalde jesuitarekin euskara galtzen ari zen herrietan, Ortzadar dantza taldea sortu... Euskararen inguruan gauza pila bat antolatzen genituen.
Euskaltegia ere sortu zenuten?
Joan de Amendux euskaltegia. Txiki geratu zitzaigun eta Vazquez de Mella eskolara joan ginen, udalak utzita. Gainera, Arturo Campion ondoan izanda, inguruko tabernetan euskal giroa sortu zen.
Iruñeko Udalean zein izan ziren zure lehenbiziko lanak?
Abenduaren 4an iritsi ginen. Aurrekontuan euskararen alorrean gastatzeko dirua zegoela esan ziguten, eta ezinbestean gastatu behar zela partida hurrengo urtean jarraitzekotan. Hiruzpalau auzotan errotuluak euskaraz jarri, liburutegietarako euskarazko liburuak erosi, eta ikerketa soziolinguistikoa prestatu genuen. Pentsa, hori guztia hiru astetan.
1997ko euskararen ordenantza abiapuntu egokia izan zen?
Hirukoa etorri zen: berriz Chorraut alkate, baina CDNrekin. Hor, benetan jarri ziren oinarri batzuk. Euskararen trataera gorpuztu genuen, eta euskararen ordenantza egin zen. Udal mailan, ezarri zuen ofizialtasun esparru bat eta euskararen aldeko esparru bat, dudarik gabe. Ordu arte, ez zegoen ezer. Beharrezkoa zen euskaraz artatzea, elebitasuna... Oso inportantea zen, erabakiak PSOE, CDN eta IU biltzen zituelako. HB abstenitu egin zen.
Yolanda Barcinarekin okertu ziren gauzak?
Barcinaren urteak latzak eta itsusiak izan ziren. Euskararen programazioa mantendu zen, ez zuelako gehiengo absoluturik lortzen. Beti behar zuen norbait, eta horiek izan ziren CDN eta PSOE. Horiek euskararen partida mantentzea eskatzen zuten. Adibidez, egile berrien lehiaketa haien zuzenketei esker mantentzen zen.
Azken lau urteak oso bestelakoak izan dira, beraz?
Uste dut kontrakoa gertatu dela. Batez ere hasieran, nahi handiengatik eta eremu berriaren ezagutza eskasagatik. Behar izan da denbora presio talde guztiek nahi zutena bere tokian jartzeko. Agintaldi honetan, aldaketa inportante bat izan da: euskal kultura eta hizkuntza politika arloak banatu dira. Kultur programazioan geratu nintzen. Hizkuntzaren etorkizunaren gakoetako bat kultur sormena dela uste dut.
Momenturik gogorrenetan inoiz pentsatu zenuen uztea?
Beti sentitu dut babesa. Agintea kontra zegoenean oposizioak babestu nau, eta, batez ere, udal langileek eta arduradun hurbilenek babestu naute. Hala ere, izan ditut momentu txarrak. Bitan ireki dizkidate espedienteak, funtsik gabe, izorratzeagatik soilik. Behin izan nuen tentazioa itzultzaile postura aurkezteko.
Gobernu taldea kontrako noranzkoan zihoanean, nola sentitzen zinen?
Amorruz bizi izan nuen. Gauza txiki asko izan dira. Kaleko xaflekin gertatu zena... Seinaleetan letra txikiagoa edo tinta irakurtezina erabiltzea, miseria bat zen. Nahita gaizki jartzen zituzten batzuetan.
Ordenantza berria legegintzaldi bukaeran onartu da, ikuskizungaratuko denetz. Zer iritzi duzu?
Uste dut aurreko ordenantzak denerako bidea ematen zuela, garrantzitsuena lortu zela: jendea euskaraz artatzea eta elebitasuna. Nik aurrerapausorik ez nukeen emango PSOErik gabe. Orain arte eman diren pausoak, gustatu edo ez, PSOErekin batera izan dira.
Baina gaur egungo PSN euskararen kontra aritu da.
Negargarria iruditzen zait. Baina nago ez dela adosteko saialdinahikorik egin. Oso zaila izanen da, eta, orain, ez daude lehen zeudenak, Pascal edo Mori kasurako, baina ez da eman pauso seriorik. Iruñean, udalak eta gobernuak antolatuta, euskararen inguruko foroa egin genuen Eusko Ikaskuntzarekin batera. Xabier Erizeren gidaritzarekin, 23 lagun elkartu genituen, joera politiko eta gizarte esparru guztietakoak eta goi mailakoak. Kontrako jarrera zutenek ere ongi hartu zuten ariketa, eta adostasun batzuk lortuziren. Oso sinpleak eta motelak euskalgintzatik begiratuta, baina lortu zen jende hori fobiak kenduta hizketan jartzea. Euskalgintzak ez zuen begi onez ikusi, eta bere loturen bidez gelditu du prozesua. Geroztik, udalaren eta gobernuaren utzikeria egon da. Dosierra eta ondorioak ia ezkutuan argitaratu dira. Interneten daude.
Elkar ulertzerik badago?
Euskararen gaiarekin aurrera egin daiteke, eta gainditu daitezke kontrako oztopoak. Hori da gakoa euskarak Nafarroan aurrera egiteko. Hori garrantzitsuagoa da Nafarroa osoan ofizialtasuna lortzea baino. Euskalgintzan nahia eta desira nahasten ditugu errealitatearekin eta politikarekin. Ofizialtasuna barne duintasun exijentzia bihurtu dugu. Ezin da hizkuntza politikarik egin jendea alde ez badago.
Herri mugimenduek ez dituzte maximoak eskatu behar, behinik behin zerbait lortzeko?
Bai, bai, baina utopiaren bidetik, ez kimeraren bidetik. Oinak lurrean. Eta, gero, uste dut inportanteena dela Erriberako ikastetxeetan euskarazko hezkuntza sartu ahal izatea. Oso garrantzitsua da A eredua. Jarrera maximalistengatik mespretxatu dugu, Erriberan ere bai. Orain hasi gara A ereduaren balioa aitortzen.
Ez duzu uste bide egokia hartu denik euskararen alorrean?
Aldaketaren urteetan nahiko erre naiz. Borondate handia egon da, baina ez dugu asmatu: denbora asko galdu dugu eztabaidarik antzuenetan. Euskalgintzak gidatu eta aldarrikatu behar du, baina, agian, udaleko bulegoetan ez du hain presente egon behar.
Zer erronka ditu Iruñeak euskara sustatze aldera?
Erabileran eta gazteen arloan dago gakoetako bat. Asmatu behar da, eta oso zaila da. Mundu digitalean egiten dena baino lan gehiago egin behar da. Gero, etengabe motibazioan egin behar da lan, adostasunak lortzeko. Lan politiko bat egin behar da gizartearen ordezkariekin. Saiatu behar gara gutxieneko adostasunak lortzen; behintzat, ez dezaten kontra egin. Eta, gero, kultura landu behar da. Gozamena behar dugu, ez angustia: bakoitzak hizkuntzarekin zer gozamen esparru dituen bilatu.
Iñaki Azkona. Iruñeko euskara teknikari ohia
«Orain arte eman diren pausoak, gustatu edo ez, PSOErekin batera izan dira»
Iruñeko euskara teknikari lanetan 34 urte egin ondoren, euskarak Iruñean dituen erronkez mintzatu da Azkona. Askotan haize kontra aritu da udalean, baina beti babesturik sentitu da. Euskararen bueltan adostasunak bilatzeko deia egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu