Itziar Alduntzin (Leitza, Nafarroa, 1976) euskal irratigintzako ahots ezagunenetakoa da, eta ezagutzen errazenetakoa. Hogei urte pasatxo daramatza komunikabideetan lanean. ETBn aritu izan da, Gaztean eta Euskadi Irratian. Azken horretan, eguerdi parteko Blai saioa aurkeztu du uda honetan. Noticias taldeko Onda Vasca irratiak fitxatu du orain, Gipuzkoako Kale Nagusia goizeko magazina aurkezteko, 11:00etatik 13:00etara.
Berritsua zinen txikitan?
Amak askotan esaten zidan «25 pezeta emango dizkizut isiltzen bazara». Uste dut horrela ere ez zuela lortzen. Irrati asko aditzen genuen etxean. Baina irrati esataria izateko ez da aski hitz jarioa, komunikatzeko ahalmena behar da.
Gazteentzat ere aritu zara. Zein irrati formatu duzu gogokoen?
Orain, aukera eman didate magazin informatiboa eta entretenimenduzkoa egiteko, eta, egiaesan, zoragarri nago formatu honetan. Kantu kontari saioa egiten hasi nintzen 2012an, eta Blai uda honetan. Baina Gaztean ere gauza oso ezberdinak egin nituen. Elkarrizketak egitea tokatu zait beti, eta jendearekin aritzea. Hori da gustukoen dudana. Eta Gipuzkoako Kale Nagusia magazinean, orain arte egin dudan guztia egiten ari naiz, baina batera.
Dagoeneko lau sasoi bete dituen saioa gidatzen hasi zara. Hori zama astuna da zuretzat? Nahiago zenuke hutsetik abiatu izana?
Abantaila handia da, saioa egina dagoelako. Trena abian da, eta ni horretara igotzen ari naiz. Baina, azken batean, esatariak berak ere egiten du saioa. Norberak berera ekartzen du, nahi gabe ere. Elkarrizketak egiteko bere estiloa du norberak, eta komunikatzeko era aldatu egiten du esatariak, saioak bere egitura izanda ere.
Emakume gipuzkoarren inguruko tarte bat egiten ari zarete astearteetan. Zure ekarpena izan da?
Ez. Esther Fernandez lankideak proposatu zuen hori, eta neuk primeran ikusi nuen. Izan ere,Euskadi Irratian emakume nabarmenen biografiari buruzko tartea egiten genuen Blai saioan. Hori orain Gipuzkoara ekartzea izan da kontua. Esaterako, atzo [herenegun], Karmele Soler makilatzailea izan genuen. Sari eta izendapen ugari irabazi ditu, eta, halere, ez da ezaguna, beste emakume askori gertatzen zaion bezala.
Hizkuntza aldatu duzu. Eroso al zaude gazteleraz lanean?
Euskaraz eta gazteleraz aritzen naiz: elkarrizketatuari aukera ematen diot berak nahi duen hizkuntzan egiteko. Halere, gazteleraz egitea shock bat izan da: gauza bat da hizkuntza bat egitea, eta beste bat hizkuntza horretan komunikatzea. Banuen beldur puntu bat; gaztelera ez da komunikaziorako gehien menperatzen dudan hizkuntza. Oso ohituta nago inprobisatzera euskaraz, eta bat-batekotasun hori euskaraz errazagoa egiten zait, zalantzarik gabe. Baina ikasten ari naiz, bat-bateko jario hori gazteleraz ere etorriko zaidan itxaropenarekin, nahiz eta sumatu dudan ez daukadala hainbesteko erraztasunik gazteleraz.
Gipuzkoako soziolinguistika ikusita, zentzurik ba al du irrati magazin bat gazteleraz egiteak?
Hori irratiaren erabakia da. Horrela egiten dute betidanik, eta haien ikuspegia da kalean egiten dena irratira eramatea. Euskaraz ez dakienik ere bada, eta, horiei ere hotsa ematen zaie modu honetan, pentsatzen dut. Ez da nire irizpidea, irratiarena da.
Dibertitzen ari zara saioa egiten?
Bai, gozatzen ari naiz. Lehenbiziko egunean izan ezik, urduri egon nintzelako saioaren bi orduetan. Bigarren egunetik hasi nintzen gozatzen. Neure burua horrela sumatzen dudanean, gauzak ondo doazen irudipena sortzen zait. Informatuz entretenitzea, ez daukat beste asmorik.
Itziar Alduntzin. Irrati esataria
«Orain arte egin dudan guztia egiten ari naiz, baina batera»
'Gipuzkoako Kale Nagusia' magazina aurkezten dabil kazetaria Onda Vasca irratian. Elebitan ari da, nahiz eta konturatu gazteleraz ez duela euskaraz adinako jariorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu