Optec 4 Life: erditze seguruagoaren bila

CIC Nanoguneak Optec 4 Life proiektua abiarazi du. Haren helburua da modu ez-inbaditzailean erditzea etengabe monitorizatzeko gailu bat garatzea, asfixia perinatala diagnostikatzeko.

Optec 4 Life proiektuko ikerlariak: Francesc Paris Huguet, Andreas Seifert eta Jaione Etxebarria. NANOGUNE
Optec 4 Life proiektuko ikerlariak: Francesc Paris Huguet, Andreas Seifert eta Jaione Etxebarria. NANOGUNE
itsaso jauregi 2
2024ko urriaren 11
05:00
Entzun

Jaio aurretik, haurdunaldian edo erditzean gerta daitekeen arnasketa edo oxigeno falta da jaiotza inguruko asfixia. Baldintza horrek ondorio larriak izan ditzake garaiz eta behar bezala tratatzen ez bada, ondorioek nabarmen eragin baitezakete pazientearen eta haurraren bizi kalitatean. Umeak asfixia duen edo ez aztertzeko, nagusi dira erditze praktikak, eta, hori saihesteko, CIC Nanoguneak Optec 4 Life proiektua abiarazi du. Enpresak teknologia bat garatuko du denbora errealeko etengabeko monitorizazio ez-inbaditzailea ahalbidetzeko; zunda bat, alegia. Gailu medikoa ospitaleetako obstetra taldeen esku uztea da asmoa, erditzean asfixia perinatala diagnostikatu ahal izateko, eta horrekin beharrezkoak ez diren zesareak saihesteko eta emaitza perinatalak hobetzeko.

Gaur egun, kardiotokografia da erditzean fetuaren ongizatea ebaluatzeko metodorik hedatuena: horren bidez, fetuaren bihotz maiztasuna eta umetokiaren uzkurdurak erregistratzen dira etengabe. Metodo horrek aukera ematen du fetuaren estresa identifikatzeko; baina ez da nahikoa asfixia perinatala zuzenean detektatzeko. Horregatik, fetua estresa jasaten ari dela detektatzen denean, beste teknika batzuetara jo ohi da, hala nola umetxoari odol lagin bat ateratzea, gero hura aztertzeko. 

Beharretik jaioa

Odol lagin hori haurtxoaren buruko ile larrutik lortzen da; ama erditzen ari dela, umeari ebaki bat egiten zaio buruan. Odola aztertu ondoren, umea berehala atera behar ote den erabakitzeko informazioa lortzen dute obstetrek. Bigarren urrats horrek arazo bat du, prozedura inbaditzailea eta etena baita; ondorioz, analisiak une bati buruzko informazioa baino ez du ematen, eta, gainera, gehiegizkoa da guztira eskatzen duen neurketa denbora.

IIS Biogipuzkoa Euskadiko Osasun Sistemako Ikerketa Institutuarekin lotutako Osakidetzako medikuek metodo disruptibo horri erantzuteko premia ikusi zuten, eta CIC Nanogunearekin harremanetan jarri ziren. Francesc Paris Huguet Optec 4 Lifeko gerenteak medikuen eta Nanoguneko ikerlarien arteko harremanaren garrantzia azpimarratu du: «Proiektua ingurune klinikoan sortu da, eta hori garrantzitsua dela uste dut. Nanogune ikerketa zentroan arazo hori bideratzeko modurik egokiena bilatzen hasi ginen».

Alor klinikoko profesionalen elkarrizketetan oinarrituta, monitorizazio ez-inbaditzailea ahalbidetuko zuen metodoaren bila hasi ziren. Horregatik, Optec 4 Lifek garatuko duen gailuak teknologia berri bat du abiapuntu gisa, Raman espektroskopian oinarrituta. Ainara Garcia Nanoguneko Teknologia Transferentziako zuzendariak azaldu duen bezala, Raman teknologia moldakorra da, eta hainbat eremutan aplikatzeko aukera ematen du: «Raman espektroskopia bibrazioetan oinarritutako metodo espektroskopiko oso espezifikoa da, eta aukera ematen du egoera orokorra zein den jakiteko».

Teknologiaren ikaskuntza automatikoaren bidez, eta koadro fisiologiko osoa kontuan hartuta, sentikortasun handiagoa, egoera metabolikoaren sailkapen egonkorra eta intereseko parametroen iragarpena lortzen dira, ikerlarien arabera. «Azalean laser batekin proiektatzen den argia bezalakoa da. Hori izanda, larruazalaren bidez pazientearen aldaketa fisiologikoen eta metabolikoen informazioa jasotzen dugu. Gure kasuan, erditzean fetuan erabiltzen da», esan du Huguetek.

Laser hori duen zunda baginan sartuko litzateke erditzeko momentuan, eta, haurtxoaren burua ukitu gabe, itotzeko arriskua dagoen edo ez zehazteko gai izango litzateke. «Odolean oxigeno falta dagoen ala ez esaten duten parametroak dira orain begiratzen direnak», esan du Garciak. Orain, haurtxoaren laginak ateratzeko ebaketa egiten denean, hogei minutu behar izaten dira datuak interpretatzeko. Hugueten arabera, proiektuaren beste berrikuntzetako bat da adimen artifiziala erabiltzen duela datuak azkarrago interpretatzeko: «Laserrarekin espektro bat lortzen da, grafiko bat bezala. Orduan, adimen artifizialarekin irudi azkar horietatik zer aldaketa ikusten ari garen interpretatzeko gai gara, lehenbailehen jardun ahal izateko».

Arriskuren bat dagoela ikusten dutenean, zesareak egiten dira gaur egun; Garciaren arabera, zunda horri esker prozedura hori saihestu daiteke: «Amaren eta haurraren arriskua saihesten da. Informazio faltagatik, agian egin behar ez ziren zesareak egin izan dira».

(ID_17284572808105) (/Nanoguna) Optec4life proiektuko sonda
Optec 4 Life proiektuko zunda. NANOGUNE

Erditzeko momentuan, laserrarekin haurraren buruko azala eskaneatuko lukete beraz, eta, adimen artifizialari esker, informazioa lortu haurtxoaren egoeraren etengabeko jarraipena egiteko. «Erabakiak azkarrago hartzeko informazioa eman dezake, normalean denbora gehiago behar duten prozedura inbaditzaile horien beharrik gabe», azaldu du Huguetek. Ebakiak alde batera uztea da asmoa, eta horren truke umea nola dagoen etengabe monitorizatzea.

Ospitaleen esku

Asmakizuna laborategitik atera eta ospitaleetara eramateko garaia da. Abendura arte, gailua osasuntsu dauden helduekin erabiltzen hasiko dira, ingurune erreal batean probatzeko. Garciak azaldu duenez, proiektuaren helburua da ospitaleen eskura egotea, eta profesional klinikoek beren lana modu eraginkorragoan egiteko gailu hori erabili ahal izatea. 

Huguetek azpimarratu du ospitaleetako langileekin harremanetan egotea «funtsezkoa» dela zunda garatzeko: «Langile klinikoen eskutik, falta zaiguna garatzeko lanean ari gara. Pazienteari eta medikuari oso ondo entzun behar zaie. Zunda ospitaleetara eraman ahal izateko, informazio guztia izan behar dute, gero haiek iradokizun guztiak guri helarazteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.