Komunikazioa

Oposizioari Mikel Agirre proposatu dio EAJk EITBko zuzendari nagusi izateko

Agirrek Jaime Otamendi nahi du EITBko estrategia buru, eta Odile Kruzeta irratien arduradun

Mikel Agirre, EH Bilduko ordezkariekin bilera egin eta gero. JON HERNAEZ / ARP.
urtzi urkizu
Donostia
2013ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
EAJren nahia laster Eusko Legebiltzarrak EITBko zuzendari nagusi Mikel Agirre izendatzea da. Eta hala gertatzen bada, Agirrek bere taldean Jaime Otamendi eta Odile Kruzeta nahi ditu: Otamendi, estrategia buru, eta Kruzeta, taldeko irratien arduradun.

EH Bilduk dioenez, PSErekin negoziatu dute jeltzaleek zuzendari nagusia nor izango den. Eta EITBko beste kargu batzuetarako aukeraketak amaitzeko bidean dira.

Aurreko astean, Mikel Agirrek PSEko ordezkari batzuekin izan zuen bilera, eta herenegun,EH Bildukoekin. Sozialistekin izandako bileran, Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidentea izan zen. Herenegun arratsaldean, berriz, Mikel Agirre soilik EH Bilduko legebiltzarkide Laura Mintegi eta Unai Urruzunorekin bildu zen. «Izendapenaren inguruko azken bilera izango da. Bilerara Agirre bakarrik joan zen, eta sozialisten baiezkoa duela argi dago. Bilerara bakarrik joatea beste baieztapen bat izan zen», esan dio BERRIAri Urruzunok. EITBko Kontrol Batzordeko presidenteordea da, eta EAJk PSErekin negoziazio guztia «izenen baitan» bideratu duela iruditzen zaio. «Guk EITBren erronkez eta ereduaz eztabaidatu nahi genuen, baina EAJk nahi izan ez duelako, ez da negoziaziorik izan».

Agirrerekin izandako bilera «funts gabekoa» izan zen, Urruzunoren arabera. «Lasai etorri zen Agirre, izendapena baieztatua duelako. Baina hori iritzi publikoak jakin beharko luke». EITBren inguruko azalpen teknikoak eman zituen bilera horretan Agirrek. EITBren aurrekontua%12-20 bitartean murriztuko da.EH Bilduko ordezkariek Agirreri helarazi zioten «erabaki politikoen legealdia» izan behar duela. EITBko Legea aldatzea ere planteatu zioten, baina EAJk proposatutako hautagaiak ezetz esan zuen, eta dagoenarekin jarraitu behar dela.

Berrikuntza gisa har daiteke EITBko zuzendari nagusi izateko hautagaia denak —Mikel Agirrek— bilerak egitea oposizioko alderdietako ordezkariekin; ez da inoiz halakorik egin. 1999. urtean, Andoni Ortuzarren izendapenari begira negoziazioak eta bilerak zuzenean EAJko ordezkariek EHkoekin egin zituzten. Ortuzar EITBko zuzendari nagusi, Bingen Zupiria ETBko zuzendari eta Jaime Otamendi ETBko albistegi buru izendatzea adostu zuen orduan EAJk ezker abertzalearekin.

BERRIAk jakin duenez, EAJ eta EH Bilduko ordezkarien artean harreman informal batzuk izan dira gaiaz hitz egiteko. Baina bilera formalik ez.

Otamendi estrategia buru

Mikel Agirre 1984an hasi zen ETBn lanean. Hainbat urtez ekoizle izan zen. Eta gaur egun EITBko Ustiapen eta Ingeniaritzako zuzendaria da. Jose Antonio Agirre lehendakari ohiaren iloba da. Talde profesional bat osatu nahi du Agirrek bere inguruan. Estrategia arduradun Jaime Otamendi kazetaria nahiko luke, eta EITBko irratien arduradun kargurako, Odile Kruzeta; Otamendi ETBko albistegi burua izan zen 1999tik 2009ra, eta Kruzeta Euskadi Irratiko zuzendaria epe berean. ETBko zuzendari kargurako, Pello Sarasola aipatzen ari dira bileretan. ETBko eduki zuzendaria da egun Sarasola; sei urtez Antena3en lan egin zuen.

EAJren erantzuna

EAJk atzo «irmotasun osoz» gezurtatu zuen prentsa ohar batean EH Bilduk negoziazioen inguruan eman duen bertsioa. «Koalizioak egin duen balorazioa gezurrez eta manipulazioz beteta dago». EAJk dio EH Bilduri eskaini diola EITBren zuzendari nagusia aukeratzearen inguruan alderdi guztiei eskaini zaien elkarrizketa esparru bera. «EAJk Laura Mintegiri jakinarazi dio gaiaren inguruan duen jarrera, eta behar besteko bilerak egiteko prest agertu da, prozesuan aurrera egiteko helburuarekin». Agirre eta EH Bilduko bi ordezkarien bilerari dagokionez, ez zen agertu EAJko inor, «ez zelako inor deitua izan». «Bilera Mintegik berak antolatu zuenMikel Agirrerekin, EAJko ordezkaririk deitu gabe», diote jeltzaleek. Irrati eta telebista publikoa garatzeko lanean «kontrastatzeko eta aurrera egiteko asmorik» ez duela leporatu diote EH Bilduri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.