Asteburuko proposamenak

Oporren usaina duen azoka

Barakaldo. Afrika, Europa eta Ameriketara bidaiatzeko eskaintzak izango dira ikusgai Expovacaciones azokan

Gertu edo urrun oporrak igaro nahi dituztenek eskaintza zabala izango dute BECen egingo den Expovacaciones azokan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Araitz Muguruza.
2014ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Oporretara nora joan eta horietan zer egin erabakitzeko dutenek hainbat eskaintza izango dituzte Expovacaciones azokan, Barakaldoko (Bizkaia) BEC erakustazokan. Bertaratzen direnek herrialde askotako informazioa izango dute eskuragarri. Aurten, gainera, bidaiarien topaketak ere egingo dituzte. Bihar hasi eta igandera arte iraungo duen azokan, hirurehun saltoki izango dira.

Bidaia agentzien edo turismo bulegoen informazioa baino askoz erakargarriago egiten da sarritan bisitatu nahi den tokiaren berri han izan den baten bidez jasotzea. Helburu horrekin antolatu dute bidaiarien topaketa. «Benetako bidaiazaleek» emango dituzte hitzaldiak topaketa horietan. «Haiek antolatu eta egin dituzten bidaien inguruan mintzatuko dira, eta izandako esperientziak partekatuko dituzte», azaldu dute antolatzaileek.

Erakusmahaietan, Afrika, Europa eta Amerikako hainbat herrialdetako informazioa izango da eskuragarri. Bidaiarako proposamenak egiteaz gain, ibilbideen berri ere emango dute, bakoitzaren gustuaren araberakoak; hala nola hondartzen arteko ibilbidea, enoturismoa eta turismo erlijiosoaren inguruko eskaintzak izango dira. Gainera, bidaien paketeak %5eko beherapenarekin erosteko aukera egongo da.

Baina ez da informazioa bakarrik emango azokan, eskaintzetako herrialdeak bertatik bertara sentitzeko aukera izango baita. Eskulangileen lanak ikusi ahal izango dira, eta herrialdeetako gastronomia dastatzeko aukera ere izango da. Kultura eta folklore ikuskizunak ere egingo dituzte.

Kanpinak aukeratzeko

Karabanarekin bidaiatzeko aukerak ere emango dituzte azokan. Iaz hasi ziren aukera horren inguruko informazioa ematen, eta, arrakasta ikusita, errepikatzea erabaki dute. Europako hainbat kanpinetako arduradunak izango dira azokan, karabana bidez bidaiatzeak dakartzan onurez hitz egiteko. Suitza, Frantzia eta Espainiako eskaintzak dira nagusi antolatzaileek eman duten zerrendan.

Igandean, gainera, Azkeneko joeren trena jardunaldiak egingo dituzte azokan bertan. Turismoko profesionalek parte hartuko dute mahai inguru eta hitzaldietan. Etorkizunerako turismo eskaintzak nolakoa izan behar duen eztabaidatuko dute, besteak beste.

EXPOVACACIONES AZOKA

Non. Barakaldon (Bizkaia).

Noiz. Ostiraletik igandera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.