Jaiak. Galdakao

Oporren amaierari aurre egiteko, jaia eta algara

Bihar hasiko dira santakrutz jaiak, eta Galdakao Gogora elkarteak irakurriko du pregoia

Galdakao
2012ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Uda osoan itxaroten egon ostean, bihartik aurrera hamar egun eta hamar gau izango dituzte Galdakaon (Bizkaia) jaietan murgiltzeko. Santakrutzak hastera doaz, eta aurtengo egitarauak aspertzeko tarte gutxi utziko die adinguztietako galdakoztarrei. Izan ere, festetako lehen asteburuko ekintza sorta zabala giro alaiari eusteko lagungarri izango da: kirola, gastronomia, musika eta jokoak izango dira.

Hasteko, bihar 19:00etan egingo den jaietako desfileak giroa berotuko du, Juan Bautista Uriarte kalean. 19:30ean, berriz, herritarrak Kurtzeko plazan bilduko dira, pregoia entzuteko. Aurten, Galdakao Bizirik elkarteak irakurriko du jaiak hasteko adierazpena: memoria historikoa berreskuratzeko egindako lanari esker lortu dute pregoilariak izateko ohorea. Horren ostean, txupinazoaren barrunbak argi utziko die herritar guztiei festa hasi dela. Bitartean, Kurtzea frontoian pilota partidak izango dira ikusgai. Alde batetik, 19:30ean Mozoilo eskupilota txapelketako finalerdiak jokatuko dira, eta, bestetik, 20:30ean paleta partida izango da. Frontoitik irten barik, 22:00etan triziklo lasterketa egingo dute, Zizpa gazte elkarteak antolatuta. Egunari amaiera emateko, musikak hartuko du Galdakao: Midnight Road eta Los Zopilotes Txirriaos taldeek kontzertua emango dute 23:00etan, Ardanza Lehendakariaren parkean, eta Ciclon orkestrak Kurtzeko plazan giroa alaituko du, 23:30ean.

Mota guztietako kirolak

Larunbateko egitarauan mota guztietako kirolek euren lekua aldarrikatuko dute. Bazkalostean,Elorritxuetako malda oina lurrean jarri barik igotzen saiatuko dira IX. mendiko bizikletako herri lasterketan parte hartuko duten lagunak, eta gaztetxoek ere bizikleta hartzeko aukera izango dute, Arantzelairaino joango den herri martxan.

Horretaz gain, halterofiliarekin lotutako hainbat ekintza izango dira. Hala, 15:30ean gazteek Hiru Jauzian parte hartu ahal izango dute; 16:30ean Banka Press-ean aritzeko aukera egongo da kuadrillentzat, eta 18:00etan sasoi beteko kirolariak aurrez aurre ariko dira halterofilia txapelketan. Areto futbolari dagokionez, Urreta kiroldegian hiru talderen arteko txapelketak egingo dira: emakumeen arteko norgehiagokak 16:00etatik aurrera jokatuko dira; gizonezko seniorren artekoak, ostera, 18:00etan. Halaber, Kurtzea frontoian emakumezkoen goma paletako partida eta umetxo, ume zein gaztetxoen eskupilota txapelketak egingo dira. Hortaz aparte, tiragoma zein mus txapelketek eta zaku zein ohe lasterketek olinpiarrak ez diren kirolen presentzia bermatuko dute. Gastronomiak ere izango du lekua, goizean gozoki frijituen txapelketak egingo baitira. 19:00etan, berriz, sardina janak hartuko ditu Muguruko landak.

Haur eta gazteentzako ekintzarik ez da faltako, haur parkea, beldurrezko mozorro tailerra eta bide jokoak eskura izango baitituzte. Kaleko ekintzen artean, antzerkia, animazioa eta kalejira nabarmentzekoak dira. Musikari dagokionez, Kauce, Iheskide eta Itziarren Semeak taldeek kontzertua emango dute 23:00etan, eta, ordu erdi geroago, Mariatxiak ikusgai izango dira Kurtzeko plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.