Nazioarteko azoka da, eta hemengo zein kanpoko eskaintza uztartzen ditu. Hala, han izanen da Euskal Herriko turismo eskaintza, baina baita atzerrikoa ere: Espainia, Frantzia, Andorra, Alemania, Argentina, Portugal, Maroko, Tunez, Kuba, Dominikar Errepublika, Islandia, Alaska (AEB) eta Zeelanda Berria.
Euskal Herriko turismoak garrantzia izanen du azokan. Batetik Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara joateko gonbita egiten duen Basquetour dago. Bestetik, Nafarroa sustatzeko Irantzuko Lurrak. Ekitaldien artean, Albaolako zurgin bat lanean ariko da, San Juan galeoiko zati bat egiten.Euskal Herriko itsasoaren historia ezagutzeko erakusketa ere izanen da han. Bestetik, pilotari txotxongiloak egiteko tailerra eskainiko dute, horiek sortzeko teknika zaharrari jarraikiz. Gainera, magia erakustaldiak izanen dira Gasteizko Magialdia iragartzeko.
Nafarroari dagokionez, Lezaungo baserri eskola izanen da eskaintza nagusia. Bertaratzen direnek hainbat animalia ikusteko parada izanen dute, eta haurrek jaten emanen diete.
«Denek ezagutzen dugu tokikoa bertakoa, baina ez dago sobera eskaintza hori agerian izatea, asteburu edo zubi batean etxetik atera eta turismoa egiteko aukera izan dezagun, hori ere turismoa baita», esan du Jose Antonio Prado azokaren zuzendariak.
Iaz 135.000 lagun bildu ziren, eta aurten ere arrakastatsua izanen dela espero dute. Gainera, iaz bezala, Aukerako Ibilgailuen Azokarekin batera eginen dute. Pradok esan duenez, krisiak ez du turismoa eten, eragina antzeman bada ere. «Oporrak eta turismoa mantendu dira. Baina krisia antzematen da noranzkoa aukeratzean, 15 egunerako joan beharrean aste beterako joanda, otorduak kanpoan ez egiteko apartahotel bat bilatzean...».
Jana eta edana
Turismo aukerez gainera, tokian tokiko janari eta edari dastatzeak izanen dira: ardoa, urdaiazpikoa, olioa, hegaluzea, zainzuriak, rona, mojitoa, eta abar. Gastronomiari lotutako bi ekitaldi berezi izanen dira: garagardoaren eta sagardoaren bestak. Lehenbiziko bestan Herman Thate harakinarekin batera saltxitxak eta garagardoa dastatzeko emanen dituzte. Bigarrena Nafarroako erakusmahaian izanen da.
Sartzeko bost euroko txartela erosi behar da, eta prezio horren barruan dago saltxitxa eta garagardo dastatzea. Hamar urtetik beherakoen sarrera doakoa da, eta Ikea family edo gazte txartelekin euro bat merkeago izanen da.
Azoka BECeko lehenbiziko pabiloian dago, eta bidaiei buruzko informazio eman ez ezik, hainbat ekitaldi ere eginen dituzte. Horietan, garrantzi handia izanen du gastronomiak.