ATZEKOZ AURRERA. Xabier Egaña. Margolaria

«Opari bat da horrelako lan bat egiteko aukera izatea»

Andetxako elizako horma irudiak margotzea «erronka eta erromesaldi» gisa hartzen du Egañak. Egunero lan egiten du, horrelako erronka batek behar handia eskatzen duelako.

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
2014ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Andetxako (Araba) elizaren barrualdeko paretak margotzen ari da Xabier Egaña muralgilea (Areeta, Bizkaia, 1943). Abuztuaren 8an hasi zen lan horretan. Zarautzen duen etxebizitza Andetxan utzi dioten batekin aldatu du. Aldamioan gora eta behera, eta pintura potez inguratuta, lanaren lehen fasea urrirako-edo bukatzea espero du. Eliza osoko horma irudiak, berriz, 2017. urterako amaitu nahi lituzke.

Nola sortu zen lan honetan aritzeko aukera?

Duela bost urte, eliza oso gaizki zegoen: itoginak zeuden, eta paretek pitzadurak zituzten. Moldatu egin zuten, baina paretak hutsik zeuden, xarma gabe. Joan den urtean, eliza ataria margotu nuen. Gustatu zitzaien, eta eliza margotzea erronka izan da, metro asko eta espazio asko direlako. Bi urte eman ditut zirriborroak prestatzen.

Orain zerekin zabiltza?

Orain absidearekin ari naiz; hamahiru-hamalau metroko luzera du, eta zortzi metroko zabalera. Goialdea bukatu berri dut; eremurik deserosoena izan da, eta orain erdikora jaitsi naiz. Behin hori bukatuta, alboko murruekin hasiko naiz. Arazo handia izan da gaia aukeratzea. Metro asko dira, eta paretetan barna mugitzen den hari gidari bat aurkitu behar zen. Horrek denbora asko kendu digu, eta lana izan dugu zirriborroak, kritikak eta aldaketak egiten. Marrazkiak egin eta egin ibili gara. Uste dut behin-behinekoa dela orain egiten ari naizen lana.

Zein gai lantzen ari zara?

Gizarte gaiak gai erlijiosoekin uztartzen saiatu gara; ebanjelioari eta Bibliari keinuak egiten, baina egungo gertakariak gehituta. Ageri dira txalupak, erortzen edo altxatzen diren hesiak: Berlingoa eta Palestinakoa, adibidez. Gizakiok ezartzen ditugun hesi guztien sinbologia egiten saiatu naiz.

Gaiak aukeratzea zaila izan dela esan duzu. Zergatik?

Bi urte eman ditugu gaiak aukeratzen. Diego Bermejo Deustuko Unibertsitateko irakasleak eta Joxe Arregi eta Joxe Azurmendi filosofoek ere lagundu naute; elementu sinbolikoak bilatzen lagundu didate. Metro asko dira, eta gaiak sartu behar ziren. Ez da soilik erlijio kristauaren irakurketa egiten.

Ez du erraza behar horrelako dimentsioekin lan egitea, ezta?

Sekula ez dut egin hain lan handirik. Zortzi bider zortzi metroko sei pareta dira; gaiak, irudiak, koloreak, dena egin behar da handian. Lanean ari naizen bitartean, pintura mugitzen ari da. Gauzak gehituz joaten zara. Horrelako lan bat nola egiten den ikustea ikusgarria da, ez delako ohikoa.

Zer ari zaizu gehien kostatzen?

Aldamioen artean lan egitea. Azpil batetik bestera ibiltzea ez da erraza, mugitzea, buruan kolpeak hartzea, pintura poteekin igo eta jaitsi ibiltzea. Lan mekaniko hori deserosoa da. Ezagutzen nuen, baina metro asko dira; hamahiru metroko garaieran egon behar dut, eta uhaleriarekin ibiltzea ez da erosoa. Ez da zutik margotzen den pareta bat; aurpegi bat edo gorputz bat margotzeko, askotan makurtuta egon behar dut.

Bestalde, lortu behar duzu hormako marrazki taldeak uztartzea, ezta?

Obrak jarioa izatea eta osotasunera egokitzea lortu behar da, proportzioak egoki ateratzea. Bi metroko irudiak margotzen ari naiz, eta hori guztia egokitu behar da. Zerbaitek kirrinka egiten badu, begiratu, eta zuzendu egin behar da. Ikuskatzera etorri direnak ongi doala esan didate. Poz handia da zuzentzen ibili behar ez izatea, baina erronka honen pizgarria ere bada.

Kolore biziak eta gizakien irudi asko erabiltzen ari zara. Ukitu didaktikoa eman nahi diozu?

Edonork ulertzeko lan bat egitensaiatu gara; erreferentziak kenduz joan naiz, eta ebanjelioko eta Bibliako sinbologiara mugatuz. Jendeak ez du kultura handirik irakurketa hauetan. Errespetuagatik, horretara mugatu behar dugu.

Materialagatik eta gasolinagatik bakarrik kobratuko duzula entzun dut; gosez hilko zara.

Diruari balioa kendu gabe, oraintxe bertan bigarren mailako zerbait da hori. Horrelako lan batean aritzeko aukera izateagatik ordaindu ere egin daiteke; gehiago da ordaintzekoa kobratzekoa baino.

Zergatik?

Bizitzan lantzean behin etortzen zaizkizun erronkak direlako. 71 urte ditut, eta bukaera da. Opari bat da horrelako lan bat egiteko aukera izatea. Erromesaldi bat izaten ari da, era berean: barnera begirako lana egiten ari naiz.

Noizko bukatu nahiko zenuke? Korukoa urrirako bukatu nahi dut. Obra osoa bi hiru urte barru bukatuko da.

Zein izanen da zure hurrengo erronka?

Atseden hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.