Udako seriea. Txokolatea (IV)

Ontza txiki horren plazera

Nutrizionistek argi dute: kakaoa da osasunean onura eragiten duena, eragitekotan. Eta, horretarako, txokolateak %85etik gorako purutasuna izan behar du. Bestea «azukredun pasta bat» baino ez da.

Txokolate ontza apurtuekin osatutako bihotza. Kardio-babeslea da kakaoa. BERRIA
Txokolate ontza apurtuekin osatutako bihotza. Kardio babeslea da kakaoa. BERRIA
enekoitz telleria sarriegi
2024ko abuztuaren 2a
05:00
Entzun

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Sekretua, ezkutua eta bakarkakoa. Plazeraren eta debekuaren mugan. Iruditeria gozo bat. Gutizia zorion, eta zoriona gutizia. Halakoa da txokolate ontza txiki batek egin dezakeen ibilbidea, eta uzten duen lorratza. Kalorien ikurra, eta norberak bere buruari emandako apeta aurrez aurre. Osasuntsua ote den? Nutrizionistek argi dute: osasunarentzat izan dezakeen onura zuzenean dago lotuta duen kakao kopuruarekin. Kontsumitzaileren batek argi dauka: garratza izango da osasuntsua, baina zoriona gozoak ematen du.

Jar daitezke osasuna eta txokolatea uztarri berean. Inork gutxik jartzen du hori zalantzan. Baina uztarri horretan jartzen den txokolatea zer den dago definitu beharra lehenengo. Hala dio Mireia Alberdi dietista eta nutrizionistak: «Txokolateari buruz ari garenean, definitu behar dugu zeri buruz ari garen. Inportantea da hori. ‘Txokolatea’ esan bezain pronto jendeak uste du saltzen diren tableta gozo horiei buruz ari garela, ia dena azukrea izaten duten horiei buruz. Hori ez da guretzat txokolatea, edo osasuna eta onura aipatzen ditugunean, ez gara behintzat txokolate horri buruz ari. Gure txokolatea, gure hizpidea, kakao pasta hori da, kakao gurin eta azukre oso-oso gutxi duen nahasketa hori da. Eta horretarako, %85etik gora eduki behar du kakaoa. Hori da txokolatea guretzat. Bestea litzateke kakao zaporea daukan azukrez betetako produktu bat; alegia, azukredun pasta bat». 

Garazi Lizarraga Hondarribiko (Gipuzkoa) Elikaeskola zentroko nutrizionistak ere oinarri berbera jarri du: «Bereizi behar ditugu, nolabait. Ez dira gauza bera txokolatea eta kakaoa. Nik azukrearekin lotzen dut bata, eta purutasunarekin bestea. Osasunean izan ditzakeen onurei buruz ari garenean, kakaoak ematen dizkigun horiei buruz ari gara».

Sailkapen ohikoagoa eginda: txokolate beltzak ditu onurak osasunean, izatekotan, duen purutasun mailak baldintzatzen ditu horiek, eta etiketetan jartzen diren batez bestekoak benetakoak diren jakiteak ere bai. Esnedun txokolateak ez ditu beltzak eta puruak dituen osagai horiek, edo kantitate txikiagoan ditu, behintzat. Eta txokolate zuriak ez du osagai horien arrastorik ere: gantza, esnea, azukrea eta banilla aroma baino ez dauzka.  

Eta zehaztapenak egin eta oinarriak ezarritakoan hasi dira nutrizionistak kakaoaren onurak aletzen. Alberdiren lehenengoak: «Mineraletan aberatsa da: magnesioa, zinka, selenioa... Eta zuntza dauka. Eta flabonoideak dauzka. Eta kakaoa oso antioxidatzaile ona da. Hori guztia kontuan hartuta, badakigu bihotzerako onuragarria izan ahal dela; osasun kardiobaskularrentzat. Oxido nitrikoa sortzen duelako, eta horrek laguntzen duelako apur bat arterien tentsioa jaisten». Bide beretik mintzatu da Lizarraga: «Kakaoa antioxidatzailea da, mineral mordo bat du, eta osagai diferenteak gure osasunean eragiten dutenak: kolesterol mailak orekatzeko, tentsioa erregulatzeko... Zeren beti aipatzen ditugu igo eta jaitsi kontzeptuak, baina horiek ere norberaren araberako mailak dira. Horregatik da hobeto orekatu eta erregulatu kontzeptuak erabiltzea».

Hori aintzat hartuta egin du Alberdik zehaztapena: «LDL partikulen oxidazioa ere erregulatzen du. Inportantea izaten da zenbat LDL edo kolesterol txar daukagun jakitea, baina baita zer oxidazio maila daukan jakitea ere. Eta kakaoak oxidazio maila hori erregulatu egiten du. Eta hori onuragarria da gure osasun kardiobaskularrentzat. Horregatik esaten da txokolatea kardio-babeslea dela». Baditu onura gehiago, Alberdiren ustez: «Kognitiboki ere onurak dauzka. Flabonoide horiek laguntzen dute garuna hobeto oxigenatzen. Horregatik esaten da ikasteko-eta onuragarria dela. Betiere, gogoratuz %85etik gorako purutasuna duen txokolateari buruz ari garela. Kirola egiteko ere onurak ditu: bizigarria da, estimulatzailea da. Horren alde txarra: lo arina badaukazu, ez jan txokolate beltza gauean». 

Eta Lizarragarena da nutrizionisten ohiko ohartarazpena: elikagaiak «onak» edo «txarrak« pertsonaren arabera izaten direla. Alberdik arrazoia eman dio: «Zertarako, zer unetan, zenbat, eta norberaren patologien arabera: horren arabera dira elikagaiak onak edo txarrak».

Txokolatearen eta kakaoaren arteko bereizketa egin dute biek, baina Alberdirena da ohartarazpena: «Beltzak zein azukredunak kaloria asko dituzte: 500-600 kaloria gramoko. Horrekin ere kontuz ibili behar da. Egunero tableta bat jateak gure pisuan eragina edukiko du. Azukre asko daukaten horiek oso erraz jaten dira, eta tableta bat jateko ez da asko behar. Aldiz, txokolate beltz hori ez da horren erraz jaten, ez behintzat hasi eta buka. Kasu horretan, autokontrola ere errazagoa da».

Izan ere, gutxi egongo dira zoriontasun, apeta eta norbere plazerarekin horren estu lotutako elikagaiak. «Badago bai iruditeria bat osoa halakoen gainean eraikita. Txokolateei buruzko iragarkiak ere halakoak dira: ‘Zure momentua da’. Horrek ere badu eragina guregan», azaldu du Lizarragak. Alberdik pasarte berezi bat ekarri du gogora, duela urte batzuk gertatutakoa: «Behin egokitu zitzaidan Oñatin [Gipuzkoa] hitzaldi bat ematea kakaoaren onurei buruz. Han ezagutu nuen Jose Mari Gorrotxategi zena, gozogile tolosarra; 80 urte baino gehiago zeuzkan. Gizon hark erakutsi zidan txokolatea nola jan behar den. Esan zidan: ‘Txokolateari ez zaio haginka egiten. Ontzak zupatu egin behar dira. Txokolate beltzarenak handiagoak izaten dira, eta nik ontza bakoitza lau zatitan banatzen dut. Jartzen ditut banaka ahosabaian, eta poliki-poliki zupatu. Ontza batek hogei minutu irauten dit niri’. Txundituta gelditu nintzen gizon hark zeukan energiarekin». Horregatik, eta ordutik, Bergaran (Gipuzkoa) daukan bere kontsultako bezeroei ematen dien gomendioa: «Jan ditzatela txokolate ontzak dastatuz, disfrutatuz, aroma guztiak hartuz. Izan dadila luxu bat, norberarekin egoteko une bat, kapritxo bat, poliki-poliki».

Norbaitek esango du, ordea, %85etik gorako purutasuna daukan ontza garratz batek eta azukredun pasta gozoz egindako beste horrek ematen duten zoriontasuna ez dela berbera. Lizarragarena da hausnarketa: «Badakigu kakao ontza horiek dopamina askatzaileak direla, eta eragiten dutela plazer horretan. Badagoela jatearen beste alde hori: ez dela nutrienteak lortzea bakarrik, badela plazera ere. Eta plazera agian ez dizu emango %85eko horrek. Horretara ohituta dagoen bati, bai, baina ohituta badago azukrez kargatutako txokolate hori jatera, %85ekoak ez dio emango plazerik. Eta plazera ere bada inportantea osasunari buruz ari garenean». 

Alberdik dio heziketa kontua dela: «‘Izan ere, niri beltza ez zait gustatzen!’. Hori ohikoa izaten da azukredun pasta hori jaten dutenen artean. Nire aholkua beti izaten da kakao kopurua igotzen joatea. Komertzialak diren marka horietan, baina %70 daukana lehenengo, gero %85, gero %90... Gustua hezi egiten da. Eman denbora zeure buruari. Trantsizio osoa egiteko urtebete behar baduzu, bada, hartu urtebete. Eta joan ikasten». Eta txokolatea jaten, ontzak zupatzen, haginka egin gabe, ahosabaian, poliki-poliki.

jakingarriak

  • Zer txokolate? Osasunean izan ditzakeen onurei buruz aritzekoan, kakaoak ematen dituen onurei buruz ari dira nutrizionistak. %85etik gora kakao duen txokolateari buruz ari dira. «Bestea azukredun pasta bat da». 
  • Txokolate beltza: Txokolate beltzak ditu onurak osasunean, izatekotan. Purutasun mailak baldintzatzen ditu horiek, eta etiketetan jartzen diren batez bestekoak benetakoak diren jakiteak ere bai. Esnedun txokolateak ez ditu beltzak dituen osagai horiek, edo kantitate txikiagoan ditu, behintzat. Eta txokolate zuriak ez du osagai horien arrastorik ere: gantza, esnea, azukrea eta banilla aroma baino ez dauzka.
  • Onurak: Kakaoa mineraletan aberatsa da: magnesioa, zinka, selenioa... Eta zuntza dauka. Eta flabonoideak dauzka. Oso antioxidatzaile ona da. Onuragarria da, beraz, osasun kardiobaskularrentzat. Ona da kolesterol mailak orekatzeko ere, eta tentsioa erregulatzeko ere bai. Kognitiboki ere onurak dauzka: flabonoide horiek laguntzen dute garuna hobeto oxigenatzen.
  • Gomendioa: Ontzak banaka eta haginka egin gabe, zupatuz eta disfrutatuz jatea. Azukredunarekin ohituta dagoenari: apurka kakao kopurua igotzen joatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.