Ongizatearen (lan)bidea

Eguneroko biziak sortzen dituen kezkei aurre egiteko, gero eta pertsona gehiagok erabakitzen dute ordura arteko lanbidea utzi, eta norbera zaintzea ardatz duten lanbideetara jauzi egitea.

Yoga klase bat, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Yoga klase bat, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
julene muruaga
2024ko azaroaren 14a
05:00
Entzun

Osasunaren Mundu Erakundeak 2024ko ekainean egin inkesta batek erakusten du Frantziako Estatuko herritarren %71k «medikuntza alternatiboko artamenduren bat» jaso dutela gutienez behin bizian; gorantz doa kopurua, gainera. Biziaren erritmo azkarrak, sare sozialek edota bizi baldintza zailagoek sortzen ahal dituzten osasun eta buruko arazoei aurre egiteko, norbere burua zaintzeko ongizatea ardatz duten jarduera batzuen alde egiten dute geroz eta pertsona gehiagok. Bide horrek «ikuspegi orokor bat lantzea» proposatzen duela diote hautu hori egin duten zenbaitek: «Egoera emozional, sozial, fisiko eta espiritualak kontuan hartzea».

Ihitza Parot Pauget lehen mailako irakasle izan zen hamabost urtez, baina bestelako bide bat hartzea erabaki zuen. Orain, naturopata da, eta haurdunendako eta gorputz osorako masaje saioak proposatzen ditu: «Medikuntzaren osagarri dira gure praktikak, ez ordezko. Ez naiz nehoiz mediku baten ordez ematen. Ez zait sekula gertatuko tratamendu bat geldiaraztea. Ez gara medikuak; eta guregana heldu denak artak behar baditu, bideratuko dugu».

Maika Herediak, berriz, drainatze linfatikoak egiten ditu, sistema linfatikoa estimulatzeko masajeak, eta enpresetara ere joaten da eserita lan egiten dutenen postura hobetzeko metodoa eskaintzera. Haren ustez ere, ohiko medikuntzarekin batera, osasuna zaintzeko bestelako modu batzuk ere «indartzen» ari dira. Pentsatzen du bereziki koronabirusaren pandemiaz gero anitz hedatu dela. «Lehen, jendea eri zelarik, medikuarengana joaten zen eta kito! Baina, orain, jendea pentsatzen hasi da zer egiten ahal duen egunerokoan hori prebenitzeko». Hortaz, uste du ongizatean oinarritutako jarduerek prebentziorako balio dutela. «Adibidez, frogatua da estresak, lo eskasak edo elikatzeko manerak eritasunak sortzen ahal dituela. Gure lana izanen da, justuki, estres horri buru egiteko gomendioak ematea, betiere medikuntza tradizionalarekin osagarri».

Maika Heredia
Maika Heredia, drainatze linfatikoko saio batean. BERRIA

Praktika horiek ongizatea xerkatzen dutenak erakartzeaz gain, lanbidez aldatu nahi dutenak ere erakartzen dituzte. Aldaketa hori, anitzetan, ibilbide pertsonal baten emaitza izaten da; ongizatearekiko interesa dutenek eta ordura arteko lanbidea utzi nahi dutenek egiten dute jauzia, Herediak eta Parotek bezala.

«Lehen, jendea eri zelarik, medikuarengana joaten zen eta kito! Baina, orain, jendea pentsatzen hasi da zer egiten ahal duen egunerokoan hori prebenitzeko»

MAIKA HEREDIADrainatze linfatikoaren praktikatzailea

Jauzia, ia oharkabean

Badu hamabost bat urte yoga irakasle bilakatu zela Ekai Alkorta. Gazteago zelarik sekula ez zuen pentsatu yoga maitatuko zuenik, eta are gutiago diziplina hori irakatsiko zuenik. Anitzen buruan bezala, Alkortak pentsatzen zuen yoga «adinekoentzat» zela. Baina bere biziko «pasarte txar bat» gainditzeko, yogaren mundura sartu zen; ama yogazalea zuen eta horretan hasteko gomendatu zion. «Segitu nuen lehen yoga kurtsotik atera nintzen, aspertu bainintzen. ‘Hau jasangaitza da!’, pentsatu nuen. Baina beste kurtso batzuetara joan nintzen, eta, hogei urte berantago, hemen naiz, yoga irakasten!», kontatu du Alkortak.

Esplikatu duenez, ez du arras berak hautatu yoga irakaslea bilakatzea: «Yoga egiten hasi nintzen, eta argiki, on egiten zidan. Nire ingurukoak hobeki nintzela ohartu zirelarik, klaseak ematea galdetu zidaten. Horrela hasi nintzen, nire hurbilekoei kurtsoak emanez». Yogan hasi zenetik bizia aldatu egin zaiola ziurtatu du Alkortak. «Osasun fisiko eta mentala laguntzeko» hasi zuen diziplina hori, eta erran du azken urteetan «anitz» lagundu duela. «Azken hilabeteetan lan geldialdian naiz, antzeman ez duten arazo batengatik. Ezin naiz kasik mugitu. Baina, yogari esker, meditazioa eta zenbait postura egitea lortzen dut. Hori gabe ero bilakatuko nintzen». Horrez gain, aipatu du ikasle talde ttipi bat lotu duela, eta adierazi du haiekin partekatzen dituen momentuak «bikainak» direla; gainera, azken aldietan, haurrekin ere saioak egiten hasi da.

«Segitu nuen lehen yoga kurtsotik atera nintzen, aspertu bainintzen. ‘Hau jasangaitza da!’, pentsatu nuen. Baina beste kurtso batzuetara joan nintzen, eta, hogei urte berantago, hemen naiz, yoga irakasten!»

EKAI ALKORTAYoga irakaslea

Herediaren egungo lanbideak zerikusi guti du haren hasierako ikasketekin. Enpresa Kudeaketa eta Nazioarteko Merkataritzako Masterra egin zuen bere garaian. Ikasketen ondotik, naturalki, enpresa, proiektu eta administrazio kudeaketan lan egin du hainbat urtez.

2016an hasi zen merkataritzan lan egiten, baina aski fite konturatu zen ez zuela gustuko egiten zuena: «Banekien egiten nuena ontsa egiten nuela, baina ez zen aski; aspertzen nintzen». Egunero lanera joaten zen «beharrez» eta ez baitezpada «gogoz». Beste lan ideia batzuk xerkatzen hasi zen. Zehazki zer egin nahi zuen ez zekien, baina argi zuen «ongizatearen inguruko terapia batzuetan» lan egin nahi zuela, arlo horrek gogoko dituen bi elementu batzen baititu haren ustez: enpresa kudeaketa, eta, sustut, jendearen zainketa. «Sentitzen nuen egiten nuen lanbidean ez nuela nehor laguntzen. Merkataritzan, soilik diruaz arduratzen gara».

SENDABELARRAK
Sendabelarrak.

Hortaz, 2022an, Donibane Lohizunen (Lapurdi) Eseritako Amma metodoari buruzko formakuntza batean izena eman zuen: erlaxatzeko eta lasaitzeko metodo bat da, horretarako sortua den kadira ergonomiko bati esker, eta helburua da enpresetan jarririk lan egiten dutenei proposatzea. Urtebeteko formakuntza segitu zuen, beraz, 2023ko martxoan diploma erdietsi arte. Denbora berean, merkataritzako lanbidea segitu ahal izan zuen lanaldi murriztuan, diru sartze bat segurtatzeko. Berantago, drainatze linfatikoko formakuntza segitu zuen, gerora zuen proiektuan bi metodo proposatu ahal izateko.

Haurdunaldian, aldaketa

Parotek, nerabe zelarik, familiakoen ber bidetik segitzea erabaki zuen: irakaskuntzan sartu zen. Egiten zuena maite bazuen ere, hasieratik ez zen ongi sentitzen, eta pentsatzen zuen bere lekuan ez zela. «Betidanik banekien 40 urte bete baino lehen lanbidez aldatuko nuela. Nire hirugarren haurdunaldia ukan nuelarik, garai ona zela pentsatu nuen», aitortu du Parotek. Naturopata bilakatzeko bideak xerkatzen hasi zen.

«Betidanik banekien 40 urte bete baino lehen lanbidez aldatuko nuela. Nire hirugarren haurdunaldia ukan nuelarik, garai ona zela pentsatu nuen»

IHITZA PAROT PAUGETNaturopata

Tolosako (Okzitania) naturopatia eskola batean ikasi zuen, garai hartan eskola hurbilena baitzen; geroztik, eskola bat ireki dute Baionan. Ikasketekin batera, irakasle lanbidea atxiki ahal izan zuen, eskolak proposatzen zituen ordutegiei esker: asteburuetan eta oporretan zituen formakuntza saioak. Gustuko izan zuen garai bat izan zen, baina, antolaketa aldetik, baita «zaila» ere: «Aste barruan lan egiten nuen, eta asteburuetan Tolosan nintzen. Etxean familia nuen, etxeko obrak ere bai... Aldi zaila izan zen». Hiru bat urteko formakuntza izan zen; 2022an bukatu zuen.

Hainbat oztopo edo zailtasun ukanik ere —lantoki bat lortzea, diru sartze ez segurtatuak, paziente kopuru irregularrak...—, hirurek «bizi aldaketa bat» nabarmendu dute ongizatea zaintzeko lanbide baten alde egin dutenetik. «Maite dugun zerbait egitean, ez da gehiago lana. Besteen burua zainduz nirea ere zaintzen dut!», erran du Herediak. Estres «gutiago» eta alaitasun «handiagoa» sentitzen du egunerokoan. Horrez gain, lanaren egutegia bere erara moldatzen du, denbora librea utziz bere buruari eta maite dituen aktibitateak egin ahal izateko, baita lanbideari lotutako formakuntza eta ikastaldiak segitu ahal izateko ere. Ber alde positiboa azpimarratu du Parotek: «Nire bulegoa etxean dudanez, denbora gehiago dut maite dudana egiteko, behar delarik haurrak zaintzeko... Irakasle nintzelarik, ordutegi finkoak nituen. Orain, askatasun handiagoa dut, eta erritmo lasaiagoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.