Ongietorria 'Ipar Euskal Herriko Hitza' berriari

Atzo argitaratu zuten 'Ipar Euskal Herriko Hitza'-ren formatu berriaren lehen zenbakia. 24 orrialdeko magazinari harrera egin zioten goizean, Baionako erredakzioan.

'Ipar Euskal Herriko Hitza' berriaren aurkezpena, atzo goizean, Baionako erredakzioan. BERRIA
julene muruaga
Baiona
2024ko azaroaren 23a
05:00
Entzun

Zeru hodeitsu eta euri xorten artean, Ipar Euskal Herriko Hitza berriak argia ikusi du. 24 orrialdeko astekariaren formatu berriaren lehen alea publikatu dute. Aldaketaren harira, atzo goizean, proiektu berria presentatu zuten Baionan, euskalgintzako eragile zenbaitzuen aitzinean.

San Andres plazan kokatua den Baionako erredakzio zaharberrituan egin dute aurkezpena Oihana Teyseyre Koskarat Ipar Euskal Herriko Hitza-ko zuzendariak eta Amagoia Mujika Tolaretxipi BERRIAko zuzendariak. Ipar Euskal Herriko Hitza astekariaren formatu berria aurkeztu, eta asmoak azaldu dituzte. Lehenik eta behin, atzotik, Ipar Euskal Herriko Hitza-k 24 orrialde ditu, eta «bisualagoa» izanen dela esplikatu du Teyseyrek: «Kazetaritza argazkilaritza ere bada, eta anitzetan ez diegu zor zaien lekua ematen argazkiei». Egunkari formatutik magazin formatura pasatu da. Alde batetik, erabiltzeko «errazagoa» dela uste du Teyseyrek, eta, beste alde batetik, edukiak eta formak «bat hobeki» eginen dutela adierazi du.

Orain arte harpidedun eta irakurleek eskuratzen zuten eduki bera ukanen dutela erran du, baina «aniztasun handiagoko edukia» proposatuko dute. Teyseyrek gehitu du: «Euskararen larrialdizko egoera ikusirik, euskarazko hedabide gisa erronka handia dugu astero euskaldunei astekari bat egiteko, eta entseatu nahi dugu alde horretatik ere ekarpen bat egiten».

Amagoia Mujika Tolaretxipik azaldu du 2024ko azaroaren 22a «egun garrantzitsua» dela BERRIAko langile, irakurle eta eragile guztientzat. «Ez dira garai onak ez euskararentzat, ez kazetaritzarentzat eta ezta munduarentzat ere. Eta gu hementxe gabiltza arraunean gain behera datozen olatu guztien kontra». Arazo horiei aurre egiteko, iazko udazkenean BERRIAk egin aldaketaz gain, aurten, «garrantzi funtsezkoa» duen Hitza azalberrituarekin heldu dira. Mujikak ezinbestekotzat jo du Ipar Euskal Herriko Hitza «indartsu» eta «berritua» proposatzea euskaldunen geroa «bermatzeko».

«Ez dira garai onak ez euskararentzat, ez kazetaritzarentzat eta ezta munduarentzat ere. Eta gu hementxe gabiltza arraunean gain behera datozen olatu guztien kontra»

AMAGOIA MUJIKA TOLARETXIPI BERRIAko zuzendaria

Tresna, euskararen alde

«Ipar Euskal Herriko herritarren %80k ez dakite euskaraz; hemen, euskara ez da kinka onean; eta emendatuz joanen da populazioa hurrengo urteetan. Horrek erran nahi du gero eta jende gehiagok ez duela batere euskararekin harremanik ukanen», dio Antton Kurutxarri Euskal Elkargoko lehendakariordeak. Ipar Euskal Herriko Hitza sostengatzea euskara sostengatzea dela iritzi dio Kurutxarrik: «Hitza bezalako baitezpadako tresnek laguntza ekartzen dute, euskara sozializatzen dute».

AEK-ko kideak ere izan dira aurkezpenean. Ihintz Oliden AEK-ko koordinatzaileak begi onez ikusi du astekari horren hats berria: «Badakigu hizkuntza gutituen egoera zein den; larrialdi linguistikoa aipatzen da euskararentzat». Euskararen aldeko baliabideak sendotu behar direla uste du AEK-ko koordinatzaileak. Hitza berriaren formatu aldaketa baliabide bat izan daitekeela uste du, bereziki, duen itxura «modernoagoari» esker: «Hitza berria ederragoa da begira, eta eguneratuagoa da». Euskaraz ikasten dutenentzat, eta, orokorrago, euskaldunontzat horrelako proiektu bat «eskertzekoa» dela uste du. «Klase betan ikastea gauza bat da, baina gero, tresnak behar dira, eta tresna modernoagoak behar dira. Ipar Euskal Herriko Hitza-k hori ekarriko du», finitu du AEK-ko koordinatzaileak.

Ipar Euskal Herriko Hitza-n harpidetzeko kanpaina egingo dute ondoko asteetan. Urteko harpidetza 40 euroan izango da, eta irakurleak etxean errezibituko du magazina astero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.