Telesailak

Ongiaren eta gaizkiaren arteko mugan

Bosgarren denboraldira heldu da 'Better Call Saul', 'Breaking Bad' telesail ospetsuaren prekuela

Hurrengo urtean iritsiko da Better Call Saul-en agurra. BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2020ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Breaking Bad-en arrakastari tiraka abiatu zuen bidea Better Call Saul-ek. Bost urteren ostean, ordea, telesail sonatuaren jarraipen soil bat baino zerbait gehiago bilakatu da. Kontakizuna ez da mugatu Saul Goodman abokatu ezagunaren pertsonaia aberastera, bere inguruan berezko izaera duen errealitate oso bat sortzea lortu du, pauso bat harago joan, eta istorio pertsonal eta konplexu bat osatzea. Legelaritza, gizarte onarpena eta familia drama uztartuta, egungo telesailen arteko kontakizun tragikorik finenetako bat da, eskubide osoz. Are gehiago, Better Call Saul-en bosgarren denboraldia estreinatzear den honetan, zaleek ez ezik, kritikari berezitu zenbaitek ere uste dute Breaking Bad baino hobea dela.

Formari dagokionez, kontinuista izan da Vince Gilligan sortzailea. Segida eman die Heisenberg antiheroi ikonikoaren eskutik, AEBetako Mexiko Berria estatuko unibertsoko argazki lanari eta irudien bidezko narrazio estiloari. Urteen poderioz eraikitako marka pertsonala mantendu du Gilliganek, eta, horri esker, ikusleek berehala identifikatu dituzte bi telesailak batzeko balio duten kokaleku, sinbolo eta gainerako zeinu kontzeptualak.

Antzekotasunak ere bai

Legearen eta kriminalitatearen arteko uretan aritu izan dira beti igerian Walter White eta Jimmy McGill. Izen aldaketarekin batera egin zuten jauzi pertsonaia biek putzuaren alde batetik bestera, besarkatu zuten euren nortasun profesional eta etiko berria. Baina, Heisenbergek, minbiziari aurre egin, eta droga trafikoaren bidez autoestimua, boterea eta aldi baterako zoriontasunatopatu zituen, baina Saul Goodmanek kontrako bidean egin du aurrera. Gizarteko kode etikoak jarri ditu kolokan, abokatu ogibidea partekatzen zuen anaia eredugarriaren etengabeko itzalpean.

Munduan bere tokia aurkitu ezinik, aurrez ezarritako bidetik desbideratzen da McGill. Arrakastan oinarrituriko gizarte neoliberala ordezkatzen du Chuck anaia helduak, baita itxuraz modu eraginkorrean funtzionatzen duen sistema judiziala ere. Kontrako muturraren sinbolo da, aldiz, Jimmy, legezkotasunetik gero eta urrunago, Saul Goodmanen azalean.

Mutur horretara eginiko bidaiak, ordea, ezinbestean du kutsu mingotsa. Izan ere, Goodman hasiko da lanean estatuarentzat arazo edota mehatxu diren pertsonekin, bi bandoen arteko arrakala gero eta nabarmenagoa bilakatzeraino, eta, bere bide propioa egiteko ahalegin horretan, bazterrean utziko ditu hainbat eta hainbat pertsona kuttun.

Dena den, honako hau ez da soilik Jimmy abokatuaren bidaia, baita Breaking Bad telesaileako beste hainbat pertsonaiarena ere, tartean Mike Ehrmantraut, Gus Fring, Hector Salamanca edota Hank Schrader. Kriminalitatearen kontraesanek josi dituzte euren bizitzak, eta, itxura guztien arabera, telesailak dilema hori zukutzen segituko du azken ataleraino.

Hurrengo urtean helduko da Better Call Saul-en agurra; seigarren denboraldiarekin Breaking Bad-ek baino emanaldi bat gehiago izango du, beraz. Telesailaren atalen kopuruei erreparatuz gero, bata zein bestea parez pare daude. Heisenbergen amaiera bezain borobila izan bedi, Goodmanena ere.

'BETTER CALL SAUL'
Sortzaileak: Vince Gilligan, Peter Gould.
Aktoreak: Bob Odenkirk, Jonathan Banks, Rhea Sheehorn, Giancarlo Esposito, Dean Norris.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2020.
Non ikusi: Movistar+.
Atal bakoitzaren iraupena: 50 minutu.
Generoa: Drama. Komedia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.