Ongietorri festa 2974. urteari

Agharas elkarteak amazig urte berria ospatuko du etzi, Bilbon. Musika egongo da, esaterako.

(ID_17048207339335) (/Agharas elkartea) Agharas elkarteak iaz ospatutako festa, amazig urte berriari ongietorria emateko
Iaz Agharas elkarteak antolatutako amazig urte berriaren ospakizunaren irudi bat. Portugaleteko Merkatuan egin zuten festa. AGHARAS ELKARTEA
amaia igartua aristondo
2024ko urtarrilaren 11
05:00
Entzun

Askotariko moduak daude urte berriari ongietorria emateko, eta ez da beti egun berean izaten aldaketa: 2024a hasi berri da, baina oraindik amaitu gabe dago 2973. urtea. Izan ere, amazigek bihartik etzira bitarteko gauean aldatuko dute urtea, eta larunbatean izango da Yennayer; hau da, urte berria. Bizkaian, Agharas amazigen elkarteak egun osoko egitaraua prestatu du larunbatean 2974ari ongietorria emateko, Bilboko Casilla kiroldegian. Soka luzeko tradizioa du, elkarteak bederatzigarrenez antolatuko baitu.

Zergatik, baina, 2974? Zein da mugarria? Amazig egutegia xehatu du Riduane Txakutx Agharas elkarteko presidenteak. Bi alderi erreparatu behar zaie, esan duenez. Alde batetik, egutegia nekazaritzari lotuta dago, eta lurraren zikloek baldintzatzen dute denboraren neurketa eta antolaketa. «Urte berria urtarrilaren 13an da: orduan hasten dira lurra lantzen», zehaztu du Txakutxek. Beste alde batetik, mugarri historikoa dago. «K.a. 950. urtean, Libiako errege amazig batek lortu zuen faraoien tronura igotzea [Sheshonq I.ak], eta aurreneko amazig dinastia sortu zuen». Faraoien XXII. dinastia izan zen hura, eta K.a. 715era arte gobernatu zuen.

Amazig kulturan aditu Ammar Negadik ezarri zuen lehen amazig egutegia, 1980an, mugarri horretan oinarrituta; besteak beste, Biblian dago jasoa Sheshonq I.aren garaipena, eta hori da, hain justu, amazig historiako idatzizko aipamenik zaharrena.

Familiartean egiten da ospakizuna, mahaiaren inguruan. Ez da jendetsua izaten, Txakutxek azaldu duenez. «Senideek batera afaltzen dute, kuskusa zazpi barazkirekin. Horrela deitzen da urtean zehar bildutakoak bukatzen ari direlako, eta eltzean sartzen dituztelako askotariko barazki soberakinak». Zorte onari deitzeko eguna bat ere bada, Txakutxen hitzetan: kuskusari datil hezur bat gehitzen diote, eta topatzen duenak zortea izango du datorren urtean.

Denentzako festa

Jendetsuagoa izango da larunbateko jaia, nolanahi ere. Batetik, ospakizunari ikusgaitasuna emateko. «Amazig herriaren Europako elkarteek urteak daramatzagu aldarrikatzen amazig urte berriak jaiegun nazionala izan behar duela iparraldeko Afrikako herrialdeetan». Aljeriak 2017 bukaeran izendatu zuen jaiegun nazional, eta Maroko batu zen iazko maiatzean. Bestetik, festak balio die eguna «harrera komunitatearekin» batera ospatzeko, eta batzeko guneak sortzeko. «Ospakizunak harrera ona izaten du, bai amazigen artean, baita gainontzekoen artean ere».

12:00etan hasiko da larunbateko ospakizuna, eta 20:00etan bukatuko da; sarrerak 10 euroan daude bazkaririk gabe, 15ean bazkariarekin, eta doan 10 urtetik beherako umeentzat. Hiru zatitan banatu dute eguna, Txakutxek esplikatu duenez: goizean, haurrentzako jarduerak eta ikastaroak egongo dira; herri bazkaria egingo dute eguerdian; eta 17:00etatik aurrera, dantzak eta kantuak egongo dira, hala amazig kulturakoak nola beste kultura batzuetakoak —tartean, euskal dantzak—.

Doinuen aurretik, aldarrikapenerako tartea hartuko dute, Agharaseko presidentearen esanetan. «Aurten, Palestinari eskainiko diogu eguna. Zalantza izan dugu ospatu edo ez, baina iruditu zaigu hobe dela urte aldaketan haiei toki bat egitea. Palestinar batek manifestu bat irakurriko du, lekukotza emateko eta gogoratzeko zer ari den gertatzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.