Marrazkilaria

Eneko Lizardi: «Oneka erabakigarria izan zen Iruñeko Erresuma sortzeko»

‘Oneka, Iruñeko Erresumaren sorrera’ komikia argitaratu du Nabarralde fundazioak. Elkartearen komiki bildumako zazpigarrena da, eta Durangoko Azokan aurkeztuko dute gaur.

Eneko Lizardi marrazkilaria, azaroaren 29an, Atarrabian. IÑIGO URIZ / FOKU
Eneko Lizardi marrazkilaria, azaroaren 29an, Atarrabian. IÑIGO URIZ / FOKU
Ane Etxandi.
Iruñea
2024ko abenduaren 7a
05:00
Entzun

Eneko Lizardik (Igantzi, Nafarroa, 1987) egin ditu marrazkiak, eta Iñigo Larramendik idatzi du testua. Bien artean sortu dute Oneka, Iruñeko Erresumaren sorrera. Nabarralde fundazioak urtero pertsonaia historiko bati buruzko komiki bat argitaratzen du, eta aurten, zazpigarrena, Onekari buruz egin dute. Historian ezkutuan geratu den arren, oso garrantzitsua izan zen Iruñeko Erresuma sortzeko garaian. Gaur aurkeztuko dute Durangoko Azokan.

Zure lehen komikia da. Nolakoa izan da esperientzia?

Oso polita. Hasieran larri hartu nuen, denbora aldetik. Nabarralde fundazioa udaberrian jarri zen harremanetan nirekin, baina udan hasi nintzen lanean. Alaba jaio behar zen; beraz, ordu asko sartu nituen denbora gutxian egiteko. Baina oso pozgarria izan da esperientzia.

Fundazioak publikatzen duen komiki bildumaren barruan argitaratu duzue.

Hori da. Duela zazpi urte, Joseba Larratxe Josevisky marrazkilariak komiki historiko bat egiteko proposamena egin zion Nabarralderi. Lehenengoa, Larretxerena, Eneko Aritzari buruzkoa izan zen. Arrakastatsua izan zenez, urtero pertsonaia historiko bati buruzko komiki txiki bat argitaratzen du fundazioak. Nirea zazpigarrena da, eta honetan Oneka da protagonista.

Nor izan zen Oneka?

Eneko Aritzaren ama izan zen. Agian ez da hain ezaguna, aspaldiko istorioa delako, gainera, baina bere garaian oso pertsonaia garrantzitsua izan zen. Aliantzak eta estrategiak sortu zituen, eta haren jarduna erabakigarria izan zen Iruñeko Erresuma sortzeko.

Zer kontatzen du komikiak?

Orreagako bigarren bataila delakoa gertatu zen garai hartan. Batailan, baskoiak frankoen aurka oldartu ziren, eta bataila hori Iruñeko Erresuma sortzeko hazia izan zela esaten da. Guda horren ostean Onekak leinu ezberdinen artean egindako aliantzen ondorioz Iruñeko Erresuma sortu zela azaltzen dut komikian.

Hogei orri inguru ditu, eta hogei urte igarotzen dira komikian. Nola jorratzen dira hogei urte hain tarte txikian?

Oso zaila izan da. Nabarraldeko kideek gidoia bidali zidaten, eta haiek, historialariak izanda, pertsonaiak egindako gauza garrantzitsuenak nabarmendu nahi izan dituzte. Baina ez da istorio jarraitu bat; gidoi hori komikian islatzeko, orri bakoitzean kontatu dut urte desberdin batean gertatutako gertakari jakin bat. Hala, komikian zehar, Onekaren bizitza kontatzen da.

Zaila egin zaizu pertsonaiak irudikatzea?

Arroparen aldetik, zailena baskoien inguruko informazioa bilatzea izan da, ez baitago ezer ere. Nire imajinazioarekin lan egin dut, eta oso itxura menditarra eman diet. Frankoen eta musulmanen inguruko informazio dezente gehiago dago, eta Interneten eta liburuetan begiratuz sortu ditut haien irudiak.

Iñigo Larramendiren laguntza izan duzu lan horretan?

Bai. Larramendirekin eta Angel Rekalderekin elkartu naiz bizpahiru aldiz. Nabarralde fundazioko kideak dira, historian adituak, eta batez ere zalantza historikoak argitu dizkidate. Haiek sortu dute gidoia, eta alde historiko hori indartu dute.

Publikatu berri duzue, baina jaso duzue dagoeneko iritzirik?

Hernanin [Gipuzkoa] izan ginen, Hernanikomik jaialdian: oso harrera ona izan zuen komikiak. Azokaren hirugarren aldia egin dute aurten; Euskal Herrian sortu diren komikiak aurkezten dira bertan. Oso interesgarria da, Euskal Herriko komikizale asko elkartzen baitira. Horrez gain, beste marrazkilari eta editore batzuk ezagutzeko aukera izan nuen; oso esperientzia polita izan zen.

Gaur Durangoko Azokan aurkeztuko duzue komikia. Zer espero duzue?

Nire lehenengo aldia da Durangoko Azokan, eta komikiak sinatzeko gogoa dut, batez ere. Ikusiko dugu nola doan salmenta. Arratsaldean, 18:30ean, aurkezpen txiki bat egingo dugu Iñigok eta biok.

lOTSABAKO

Marrazkilari bat?
Juan Luis Landa.

 

Historiako pertsonaia bat?
Matalaz.

 

Marrazteko gai bat?
Euskal mitologia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.