Autista eta Apnabiko kidea

Iker Pascual Larrinaga: «Ondo moldatzen naiz zaratarekin eta jendetzarekin, baina autismoa duten pertsona asko ez»

Autismoaren espektroko nahasmendu bat du Pascualek, eta jai irisgarriak lortzeko lan egiten du. Bilboko jaietan, gustukoagoa du eguneko giroa.

Iker Pascual Bilboko Areatzako txosnagunean, herenegun. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Iker Pascual Bilboko Areatzako txosnagunean, herenegun. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
irene baranano
Bilbo
2024ko abuztuaren 18a
05:00
Entzun

Isila da Iker Pascual Larrinaga (Durango, Bizkaia, 1990), baina irribarreak merke saltzen ditu; hitz gutxi eta zehatz batzuk aski zaizkio Bilboko Aste Nagusia zelan bizi duen kontatzeko. Autismoaren espektroko nahasmendu bat du, eta Apnabi elkarteko irisgarritasun kognitiboko taldean parte hartzen du, ErrazTEA zerbitzuan, jaiak irisgarriagoak egiteko. Apnabiko kide baten laguntza izan du elkarrizketan, eta hark azaldu ditu testuingurua eta lorpenak: esaterako, Casilda Iturrizar parkeko Txikiguneko begiraleek formazioa jaso dute adimen urritasuna dutenei eta irisgarritasunari buruz, eta zarata handirik gabeko ordu tarteak ezartzea lortu dute barraketan eta Txikigunean.

Zer egiten duzu Aste Nagusian?

Bilbainadak ikustera joaten naiz, horixe gustatzen zait gehien. Kontzertuetara ere joaten naiz, goitibeherak ikustera, balearen desfilera eta txosnetara.

Tailerretan eta ekintzetan parte hartzen duzu?

Paseoak ematen ditut. Patata-tortilla lehiaketa ikustea gustatzen zait. Bokadilloa jatera ere joaten naiz Txomin Barullora.

Kirolzalea ere bazara. Aste Nagusian txapelketaren bat jokatzen duzu?

Ez, esku pilotako partidak eta herri kirolak ikustera joaten naiz lagunekin.

Norekin irteten zara?

Bakarrik, lagunekin eta, batzuetan, begiraleekin. Txango batzuk egiten ditugu egunez eta gauez haiekin. [Laguntzaileak aipatu du egunez ez duela zailtasunik bakarrik joateko, baina gaueko giroaren beldur dela batzuetan. Pascualek baietz esan du, konbikzioz].

Zer-nolako zailtasunak edo beldurrak izaten dituzu gauez?

Jendeak gehiegi edatea eta borrokan hastea. Egunez, giroa lasaiagoa da.

Zer emozio sortzen dizkizu Aste Nagusiak?

Ondo pasatzeko gogoa eta jendearenganako errespetua.

Errespetu faltak nabaritzen dituzu?

Bai: txosnetan, jendearen artean, edaten pasatzen direnean. [Laguntzaileak azpimarratu du desgaitasunen bat dutenak askotan ez dituztela errespetatzen: ezberdinak diren horiekin zakar jokatzen dutela, edo gauzak ezberdin egiten dituztenei begiradak botatzen dizkietela].

Bizi izan duzu egoera deserosorik?

Bai, batzuk bai.

Erantzun txarrik eman dizute?

Bai.

Barraketara joaten zara?

Bai, begiraleekin.

Autismoa duten asko hipersentikorrak dira estimulu bortitzekiko. Zu zer moduz moldatzen zara barraketako zaratarekin, koloretako argiekin eta jendetzarekin?

Ondo moldatzen naiz, baina autismoa duten asko urduri ipintzen dira. Petardoak arazo handia dira. [Laguntzaileak zehaztu du erraza dela su festei izkin egitea, programatuta daudelako, baina bat-bateko zaratak arazotsuagoak izaten direla, autismoa duten asko ikaratu egiten baitira. Pascualek etengabe berretsi ditu hitzok, irmo].

Zer egoera izaten dira estresagarriak zuretzat?

Jende gehiegi dagoen lekuak; adibidez, suziria botatzen den tartean.

Joaten zara suziria nola botatzen duten ikustera?

Behin egon nintzen, eta jende gehiegi zegoen. Zikinkeriatik aldendu behar izan nuen. Orain, telebistan ikusten dut.

Estrategiarik baduzu horrelakoei aurre egiteko?

Beste leku batera joatea, edo lagunen babesa bilatzea. Sakelako bat ere badut eskura edonoiz deitzeko.

Hurrengo egunean zer egingo duzun planifikatzen duzu? Horrek lasaitzen zaitu?

Jende gehiegi egongo den lekuak saihesten ditut, baita metroa ere, oso beteta dagoen orduetan.

Non egoten zara erosoen Aste Nagusian?

Leku lasaietan: adibidez, bilbainadak ikusten, Pergolan.

Txomin Barullon egoten zara. Beste txosnaren batera joaten zara?

Pinpira.

Pinpilinpauxara? Eta zelan moldatzen zara purpurinarekin?

[Barreak] Ondo, lagunei ere gustatzen zaie.

Nola erraztu ahalko litzateke autismoa dutenen egoera Aste Nagusian?

Ordu tarte batean musikaren bolumena jaitsita, eta jaietako zarata guztiak apalduta, oro har. Eta barren altuera moldatuta gurpil aulkian doazenentzat. [Laguntzaileak zehaztu du jakin behar dutela non egongo den zarata handiagoa edo jende gehiago, baina gauza gehiago egin behar direla, ez soilik zarata kentzea. Pascual erabat ados agertu da. Autismoa dutenak leku guztietan egotea nahi dutela aldarrikatu dute gero].

LOTSABaKO

Zer konpartsa duzu gustukoena?
Txomin Barullo.

Herri kirol bat?
Aizkolaritza. Bilboko jaietan, ikustera joaten naiz.

Musika talde bat?
Su Ta Gar.

Mendi bat?
Pagasarri.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.