«Ez dakit zer garen». Ondoan duenari, Amaiur Goikoetxea (Altsasu, Nafarroa, 2004) kideari, begiratu dio segidan Ekain Alegrek (Altsasu, Nafarroa, 2001), laguntza eskatuz bezala. «Bi gazte ordenagailu batekin, gauzak egiten», esan du azkenean. Urtebete ere ez da igaro bi altsasuarrek Ganibet proiektua sortu zutenetik, eta jo eta su dabiltza ordutik, autotunea goraino eramanez. Herriko elektrotxarangan erein zuten taldearen lehen hazia.
Sakana analogikoegia dela esan duzue inoiz.
EKAIN ALEGRE: Kontzertu ia guztiak dira berdinak: bost tipo garrasika eta gitarra jotzen. Eta ez da produkzioa falta delako, kontsumitu nahi ez delako baizik.
Zergatik?
ALEGRE: Nostalgia moduko bat da, berrikuntzaren beldurra. Jendeari kosta egiten zaio gauza berriak entzutea.
AMAIUR GOIKOETXEA: Gure kanta bat abestu daiteke nahiz eta letra ez jakin. Punk abesti batekin ez da hori gertatzen. Shakirak zioen abesti batek gerriak mugiarazten ez bazizkion ez zuela eginen.
Horregatik egiten dituzue bertsioak nagusiki?
GOIKOETXEA: Gehiago da gure estilora eramatea kanta horiek. Eraldatzea eta garapen bat ematea.
ALEGRE: Inkontzienteki egiten dugu: gustuko dugun abesti bat hartu, eta moldatu.
Joera bat da euskal abesti tradizionalen moldaketak egitea.
GOIKOETXEA: Oso folklorikoak gara biak. Ahazturiko abestiak presentera ekartzen ditugu horrela. Gazteon artean inor gutxik zekien Erramun Martikorena nor zen, Pello Reparazen Itzulera abestian agertu arte.
ALEGRE: Sormen falta ere izan daiteke.
Gazteen artean euskal kultura tradizionala berpizten duzue horrela?
GOIKOETXEA: Bai, ezagutarazi, bederen. Erakutsi ez daudela soilik Eperrak, Ikusi arte eta Katedral bat.
ALEGRE: Nostalgia horri apelatzea da, baina modu diferente batean.
Eguneratzea behar du euskal gizarteak?
GOIKOETXEA: Hori da. Xorieri abesti originala, esaterako, irentsi ezina da. Oso geldia.
ALEGRE: 50 urte ditu, eta oso tradizionala da. Ondo dago zenbait kanta eguneratzea.
Abesti gehiago bertsionatzen dituzue kontzertuetan...
ALEGRE: Estra bat da, kontzertura etortzen direnentzat.
Goazen-eko Desiren kanta, esaterako?
GOIKOETXEA: Abesti hori noizbait entzun duenak soilik daki zein den, eta jendea konturatzen denean itzela da haien erreakzioa ikustea.
Albumik eginen duzue?
ALEGRE: Oraingoz, ez.
Abesti propioak ere badituzue?
ALEGRE: Bat kaleratu dugu: Korapilo. Errutinaren aurkako gogoeta bat da. Denbora azkar igarotzen da, kasik konturatu gabe. Sorgin gurpil batean bizi gara: aste osoan lan eta asteburuan jai, eta berriro hasi. Ezinegona sortzen du, eta gurpil zoro horretatik ateratzeko zer egin iradoki nahi dugu.
Kaleratu gabeko kantarik?
ALEGRE: Bi abesti berri kantatu genituen aurreko kontzertuan. Horietako bat bereziki ona, ezta, Amaiur?
GOIKOETXEA: Ez zait asko gustatzen...
Zer dela eta?
GOIKOETXEA: Oso pop estilokoa da, erromantikoa eta lasaia. Ohitu behar dut oraindik.
Zein da zuen estiloa?
ALEGRE: Batzuetan elektronikoa, beste batzuetan drill estilokoa... pop-a eta teknoa ere bai... Pop elektronikoa dela esanen nuke.
GOIKOETXEA: Gauza berriak bilatu ohi ditugu.
Makina estilokoa, akaso?
ALEGRE: Makina estiloko musika ondo dago, baina neurrian. Gauza desberdinak ere egin nahi ditugu. Agian bihar reggaetona egin nahiko dugu.
GOIKOETXEA: Oso metaforikoa da sormen prozesua; ez dugu kanta aukeratzen, kantak gu aukeratzen gaitu.
Baduzue bakoitzak bere rolik oholtza gainean?
GOIKOETXEA: Oraindik ez dugu planteatu. Dena den, Amaiur da abeslaria, eta aurrean egoten da dena ematen. Ni aurrera eta atzera ibiltzen naiz, bigarren ahotsak egiten eta ordenagailua erabiltzen.
ALEGRE: Fede ematen dut, bai. Ez zara geldirik egoten.
Maixa eta Malakiasen antzera?
GOIKOETXEA: Agian ez hain marronero, baina bai.
ALEGRE: Eta patxaranik gabe.
Nola otu zitzaizuen elkarrekin aritzeko ideia?
GOIKOETXEA: Elektrotxarangako entsegu batean, Ekainek galdetu zuen ea norbait egonen zen prest autotunea probatzeko. Birritan pentsatu gabe, «ni!» esan nuen. Laster hartu genuen serio, eta sortzen hasi.
ATZEKOZ AURRERA. Ekain Alegre eta Amaiur Goikoetxea. Musikariak
«Ondo dago zenbait kanta eguneratzea»
Orotariko abestiak bertsionatzen ditu Ganibet taldeak, autotunea erabiliz; ezagunena, apika, Erramun Martikorenaren Xorieri kanta. Txantreako Euskaldunon Biltoki elkartean izanen dira larunbatean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu