Ondarroako ‘turruuuuna’

Ontziak porturatu direla jakinarazteko, turruna jotzen dute Ondarroan (Bizkaia). Arrain motaren arabera turrun bat, bi edo hiru. Euskal Herrian sirena jotzeko ohiturari eusten dion kostaldeko herri bakarra da.

Ondarroako portu zaharra. Elizan dago herri osoan entzuten den turruna. BERRIA
Ondarroako portu zaharra. Elizan dago herri osoan entzuten den turruna. BERRIA
Kristina Berasain Tristan.
Ondarroa
2024ko ekainaren 19a
05:00
Entzun

Turrunak behin jo du goizaldean. Arrantzaleak atunketan hasi dira Ondarroan (Bizkaia). Ostiralean porturatu zituzten sasoiko lehen atunak —4.500 kilo— eta irailaren amaiera arte milaka eta milaka kilo izango dira, tonaka batzuk ere bai. Goizero-goizero, udazkena bitartean, turrunak aldi bakar batez joko du, hegaluzeari eta hegalaburrari dagokien bezala. Ander Badiolak (Ondarroa, 1948) bizitza guztian entzun du herrian turrune deitzen dioten sirena hots berezi hori: «Ni hortxe bizi nintzen. Gure txalupa hementxe egoten zen. Hau portu zaharra zen, eta txalupaz beteta egoten zen... Nire jolaslekua izaten zen». Badiola Kofradia Zaharraren alboan dagoen harrizko zubi zaharretik ari da hizketan. Ondarroar peto-petoa da, arrantzale familia bateko semea: aitona eta aita arrantzaleak izan ziren, eta ama eta arreba, berriz, saregileak. «Ni 13 urterekin hasi nintzen itsasoan; arrantzaleen semea arrantzara. Zaustan izan zen gure azkeneko txalupa. Ondarroa eta Lekeitio [Bizkaia] artean dagoen senadi bat da, sardina asko harrapatzen zen han, eta aitona kala horretan ibiltzen zen. Oso gustukoa zuen. Elantxobe [Bizkaia] eta Getariara [Gipuzkoa] ere joaten zen, baina hau oso gertu zegoen».

Aitona Andresekin asko akordatzen da: «Oso gizon argia zen, eta txikitandik gustatzen zitzaidan bere kontuak adi-adi entzutea. Patroia zen, eta, ontziarekin porturatzen zenean, esaten zidan: ‘Aire kofradiako langilearen etxera: esan arraina ekarri dugula, eta zazpietako turruna jotzeko’. Herrian goizeko zazpietan jakiten zen zer arrain mota sartu zen portuan». Herri osoak ulertzen duen kodea azaldu du Badiolak: «Arrain bakoitzak bazuen bere turrun joera: antxoak hiru aldi, atunak bat, eta beste arrainak, txitxarroa, berdela, sardina, boga... bolintxekoa, bi. Herri guztiak jakiten zuen zer zetorren. Antxoa zetorrenean, hura poza».

Sakelako telefonorik gabeko garaiak ziren. Neskatilak ibiltzen ziren arraina saltzen, eta turruna zen modu bakarra jakiteko arraina noiz sartua zen portura. Kofradia Zaharrean zegoen lonja, eta otzara txikietan eramaten zuten lehen arrain freskoa. Ondoren, lehenengo solairuko bolatokian egiten zuten enkantea, goitik behera, eta, pisatu ostean, gurdietan eraman. Neskatilek merkatu plazan saltzen zuten arraina, eta baita baserriz baserri ere. Oinez joaten ziren Bolibar (Bizkaia) eta Iruzubietaraino (Markixa-Xemein, Bizkaia). Autobusen garaian, baita urrunago ere: Elgoibar eta Eibarrera (Gipuzkoa).

Ander Badiola arrantzale ohia. GORKA BOGAJO / FOKU
Ander Badiola arrantzale ohia. GORKA BOGAJO / FOKU

Zuri-beltzeko argazki zaharretan baino geratzen ez den mundua oroiminez gogoratzen du Badiolak. Kaian arrasteko ehun txalupa eta baxurako beste hirurogei bat zeuden garaiaz akordatzen da. «Ez da nolabait herri txiki batentzat. Gaur ez dago baxurako itsasontzi bakar bat ere». Euskal Herriko kostaldeko portuetan arraina sartzean sirena jotzeko ohiturari eusten dion herri bakarra da Ondarroa. Ohiturak bizirik jarraitzea poztekoa da arrantzale ohiarentzat: «Turruna herriko sinbolo bat izan da. Horrekin bizi izan gara, horrekin jaio gara, hori entzun izan dugu beti».

Kofradia Zaharrera joan, eta turrun zaharra gordetzen zuen egurrezko kutxa zabaldu du Badiolak: «Hemen zegoen turruna. Halako argindar palanka bat zegoen eta klak, altxatu eta uuuuuuuuuuuu... klak eta uuuuuuuuuuu». Soinu hotsa primeran imitatzen du ahotsarekin. Nostalgiaz mintzo da turrun zaharraz: «Lehengo soinua oso ederra zen, baritono eder batena. Gaur egungoa, berriz, tenor makal batena da». Bada herrian oraingo soinua «ganorabakoa» dela esaten duenik. 

Ander Badiola

«Ikusten duzu kaperatxoa? Han, elizaren sabaian, kanpandorrean? Hori da turrun berria, tenor makala». Badiolak ez du umorerik galdu. Dioenez, orain lehorrekoa da. Aita jubilatzean utzi zuen itsasoa, eta suhiltzaile lanetan aritu izan da erretiroa hartu zuen arte. Arrantzaren mundua, baina, barru-barruan darama, baita turruna bera ere. «Entzun eta: kaixo, egun on, gora! Horixe da turruna niretzat; horregatik, kendu zutenean, kristoren hutsunea sentitu nuen».

Ondarroako lonja berria zabaltzean turrunak izan zuen etenari egin dio erreferentzia arrantzale ohiak. 2020an inauguratu zuten lonja erraldoia. Ondarroa itsasoari lotuta bizi da, baina arrantzak galdua du aspaldi zuen oparotasuna. «Guretzat, hegaluzearena da kanpainarik garrantzitsuena, bigarrena antxoarena eta hirugarrena berdelarena». Angel Arkotxa (Ondarroa, 1963) da turruna jotzeaz arduratzen direnetako bat: «Ez da esklusiboa. Ez da ezer berezirik egin behar». Lonjatik aktibatzen du, urrutiko kontroletik, leku jakin batetik, elizari begira: «Pentsatzen ari gara leku hori zuriz margotzea, kokapena zehazteko». Kanpandorrean dagoen tramankulua aktibatzen da orduan. Eskuzko agintea jartzeko aukera daukate, baina automatikoan izaten dute, urrutitik eragin ahal izateko. Arkotxa turruna geldirik egon zen urteaz ere aritu da: «Kofradia berritik lonjara pasatu ginenean, ez zen uhinik heltzen kanpandorrera, eta telekomunikazioan aditu zen batek etorri behar izan zuen. Urtebetean egon zen etenda, eta herritarrek haren falta sumatu zuten. Turrunak bizitasuna ematen dio herriari».

Kofradiako salmenta arduradunak ere uste du lehengo turrunaren soinua politagoa zela: «Xarma handiagoa zuen». Turrunaren liturgia noiztik datorren azaldu du jarraian: «Kofradia Zaharra 1912. urtekoa da, eta uste dugu turruna urtebete lehenagokoa dela. Arraina portuan sartu zela esateko modua zen. Lehen, lau turrun ere jotzen ziren, antxoa txikia sartzen zenean, baina gaur egun debekatuta dago arrain txikiak arrantzatzea».

Arkotxa Inaxio Urkiaga eta Jose Mari Bengoetxearen eskutik hasi zen lanean, 22 urterekin, Kofradia Zaharrean. Patxi Etxaburu aitaginarrebarengandik ere asko ikasi du: «Historialaria zen, eta asko idatzi zuen. Baserrian daukagu turrun zaharra. Ea inoiz egiten duten museo bat». Ondarroan hiru turrun izan dira: 1911tik 1965era, 1965etik 2020ra, eta azkena, oraingoa, 2020koa.

Herrian inork ez du ahaztu Kofradia Zaharra erre zen eguna. Itsasoko eguzki erlojua eta bolatokia ere erre ziren egun hartan. Eta orduko hartan ere turruna jo zuten; izan ere, herrian zerbait larria gertatzen zenean ere turruna jotzen zuten, alarma moduan, esaterako itsasoan ezbeharren bat gertatzen zenean edo alde zaharrean sute bat pizten zenean. 1953ko uholdeetan ere entzun zen sirena hotsa, urak zubi zaharra eraman zuenean.

ONDARROAKO TURRUNE - AMAIA DIZ ETA ISAURA PIÑEIRO
Amaia Diz eta Isaura Piñeiro paketatzaileak, kaian. BERRIA

«Hirutik gora jotzen badu, arazoren bat dagoelako da, edo ospakizunen bat dagoelako... Bost, sei, zazpi... Ondarroako arraunlariek estropadak irabazten dituztenean ere jotzen dute, asteburuetan, zapatu eta domeketan, jaietan...». Amaia Diz (Ondarroa, 1963) eta Isaura Piñeiro (Ondarroa, 1968) lonjaren parean elkartu dira turruna hizpide hartuta: «Bizitza guztian egon da turruna», diote, aho batez. «Lehen hori zen manera bakarra jendeak jakiteko txalupa noiz zetorren. Bat jotzen zutenean, atuna; bi, sardina, berdela... eta hirugarrena jotzen zutenean, denak pozik».

Antxoa garaiak aberastasuna ekartzen zuen herrira. Piñeirok dioenez, kostera onenak antxoarenak ziren: «Jende asko mugitzen zen. Ondarroa arrantzatik bizi zen oso-osorik. Txanpa egoten zen. Portuan taberna ugari zeuden, eta gauetan argituta egoten zen. Las Vegas ematen zuen. Baziren bi urtetik behin etxe berria erosten zutenak». Getariano tabernan itsasotik ekarritako arrainak prestatzea ez zuten kobratzen. Ogia eta ardoa kobratzen zuten. Arrantzaleek sareak nasan eta zubian uzten zituzten sikatzen.

ONDARROAKO PORTUA
Amaia Diz eta Isaura Piñeiro paketatzaile lanetan, lonjan. BERRIA

Diz eta Piñeiro paketatzaile lanetan ibili dira ia ume zirenetik. Arraina txalupatik lonjara iristean izotza eta plastiko zaharra kendu, arraina pisatu, eta plastiko eta izotz berria jartzeaz arduratzen ziren. Dizek oraindik jarraitzen du lanean, eta arrain bat eskuetan hartuta doi-doi asmatzen du pisua. Arrantzaren mundua emakumeena ere badela azpimarratu dute etengabe: «Neskatilak, saregileak, paketatzaileak... Kate horretan denak gara beharrezkoak. Emakumeak inportanteak izan gara arrantzan. Itsasgizon esaten da, baina itsasemakumeak ere bagara. Ondarroan sasoirik hoberenean 150-200 bat emakume arituko ziren krixaratzan».

Argi dute gaur egun ez dagoela turruna jotzeko premiarik, baina usadioari eustearen aldekoak dira. Dizek ulertzen du batzuei enbarazu egitea: «Antxoa sasoian gaueko bederatziak arte ia orduero entzuten da, gerra ematen du, eta, noski, gauez lan egiten dutenentzat ez da samurra. Protesta ere egin dute batzuek, eta turistak izutu egiten dira». Piñeirok, baina, argi du turruna gorde beharreko ondarea dela: «Ohitura guztiak galtzen ari gara, eta hau ere galdu egin behar al dugu? Baxurako ontzi guztiak galdu ditugu, eta horren kontra ezin dugu ezer egin, baina turruna... Ezin dugu ahaztu herri arrantzalea garela, ezin dugu ahaztu nondik gatozen».

Berdelaren garaiarekin hasten da turruna, otsailean. Piñeiro poztu egiten da lehen sirena hotsa entzuten duenean: «Antxoa datorren lehen egunean ere herrian ez dago besterik. Entzun duzu? Entzun duzu? Bat, bi eta hiru jotzen duenean, ba, denak pozik. Gure amak ere galdetzen du ea antxoa sartu den». 

Urtza Alkorta alkateak (Ondarroa, 1977) ere argi du turruna ondarearen parte dela: «Nik hala ulertzen dut. Kostaldeko herrietan galdu egin da, eta gu bereizgarri egiten gaituen kontu bat da. Egia da ez duela hasierako helburua betetzen, baina arrantzatik harago ere badu bere funtzioa». Alkortak badaki herrian badaudela turruna kentzearen aldekoak, baina ez du uste gai polemikoa denik: «Badirudi alde eta kontra esaten duzunean dena zuria edo beltza dela, baina ez da hala». Ondarroarrak bereziak diren mitoa oso errotuta dago, eta turrunaren xarmak ere berezi egiten ditu. Norbaitek edo zerbaitek oso balio gutxi duela esateko ere hala esaten dute: arraiñe balitx, turrunik jo be ez.

'Turrune' Kultura Ondarea Lea Artibai 2023

Lea artibai ikastetxeko ikasle talde batek kultura ondareA saria eskuratu du 'turrune' lanarekin

'Turrune' izeneko lanak irabazi du aurten Kultura Ondarea saria. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak urtero antolatzen du euskal kultura ondarea gazteen artean zabaltzea eta ezagutaraztea asmo duen lehiaketa, eta aurtengo hiru irabazleen artean lau gazte ondarroar daude: Denis Alberdi, Amets Alvarez, Araia Gartzia eta Elaia Gogenola. Markina-Xemeingo (Bizkaia) Lea Artibai ikastetxeko ikasleek herrian horren errotuta dagoen turruna hartu dute ardatz 7 minutu inguruko bideo eder bat osatzeko. Napolira (Italia) joango dira hilaren amaieran, astebetez; saria horixe baita, zazpi eguneko bidaia bat. Sariaren X. aldia izan da aurtengoa, eta orotara 61 bideo aurkeztu dituzte. Lea Artibai ikastetxeko lanaz gain, beste bi saritu dituzte: Legazpiko (Gipuzkoa) Haztegi ikastolako 'Chillida lantoki: Legazpitik mundura' eta Gasteizko Armentia ikastolako 'Euskal Herria, antzerki mundua'.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.