Organista

Jose Luis Etxetxipia: «Ondarea oso aberatsa da, baina organo asko abandonatuta daude»

Euskal Herriko ondarea itzela dela dio Etxetxipiak. Galzorian dauden organoak bizirik mantendu behar direla ohartarazi du: «Organoak erabateko doitasuna duten ingeniaritza makinak dira».

Jose Luis Etxetxipia Iruñeko Santo Domingo elizako organoan. AITOR KARASATORRE/FOKU
Jose Luis Etxetxipia Iruñeko Santo Domingo elizako organoan. AITOR KARASATORRE/FOKU
Kristina Berasain Tristan.
2024ko urriaren 18a
05:00
Entzun

Nafarroako Organorako Musika Zikloko zuzendari artistikoa da Jose Luis Etxetxipia (Iruñea, 1966). Organista, konpositorea, irakaslea eta ikerlaria da, baina bereziki galzorian dagoen ondarea ezagutaraztera bideratzen du bere irrika. Web atari bat ere sortu zuen horretarako. Gaur Iruñeko San Nicolas eta Santo Domingo elizetako organoez arituko da, bisita gidatu banatan.

Nola doa Nafarroako Organorako Musika Zikloaren 40. aldia?

Oso ondo. Pozarren gaude. Gero eta zabalagoa da, eta gero eta harrera hobea dauka.

Organoen ondarea oso ezezaguna da.

Organoak elizetan daude, eta horrek baldintzatzen du ezezagun izatea, gero eta jende gutxiago joaten baita elizetara. Gure eginbeharra da organoa testuinguruan jartzea. Euskal Herrian itzela da ondarea. Frantziar jatorriko izen handiko organoak daude: Cavaille-Coll etxekoak, esaterako. Parisko etxea da, eta bere garaiko onena zen. Musika eta organo tradizio handia dago hemen. 

Harribitxiren bat ba al dago?

Donostiako Andre Mariaren basilikako organoa. Cesar Franck konpositorea erreferentzia goren bat da organoaren munduan, eta organo hori, berak erabilitakoaren garaikidea izateaz gain, bere horretan mantendu dute. Altxor bat da. 

Batzuek bost mende dituzte...

Bai. Eta esan behar da garai bakoitzean punta-puntako teknologia izan dutela. Erabateko doitasuna duten ingeniaritza makinak dira organoak. Egurra eta metala baino ez zuten erabiltzen. 

«Organo batzuk bost mende dituzte eta esan behar da garai bakoitzean punta-puntako teknologia izan dutela»

JOSE LUIS ETXETXIPIA Organista
Monumentu bat dira. 

Hala da! Kontua da ondarea oso aberatsa dela, baina organo asko abandonatuta daudela, galzorian. Horrelako makinek bizirik egon behar dute, bestela hondatu egiten dira eta. Horretan jarri nahi dugu arreta. Ez dut ezkorra izan nahi, baina, errealista izanda, litekeena da urte batzuetan organo batzuk erabat hondatzea. Herri txikietan gero eta jende gutxiago bizi da, ez diote erreparatzen daukaten ondare horri, eta ez dugu ahaztu behar herrien kultur ondare bat direla. 

Lesakan abiatu zenuten zikloa. Alde horretatik, salbuespen bat da, ezta?

Lesakan ohartu dira organoa ondare bat dela. Herri idilikoa da alde horretatik, musika tradizio handiko herria delako. Elkarte bat sortu dute, organoa eraberritu zuten, eta sekulako lana egiten ari dira. Dokumental bat eta liburu bat ere egin dituzte. Miguel Etxebeste eta Luis Taberna izan ziren herriko organistak, oso inportanteak biak ala biak. Bidasoko organoen inguruko dokumental bat ere egin genuen: Haizea eta ura.

Berakoa ere berezia omen da.

Lesakaren eta Beraren arteko herri lehiak organora egin zuen salto [barrez]. Anekdota bat kontatuko dut: Aurelio Sagaseta Nafarroako organoak liburuan aipatzen du nola beratarra zen gotzain bati behin galdetu zioten ea zein zen organo hobea; Berakoa edo Lesakakoa. Donostiako gotzaina zen; Jacinto Argaya Goikoetxea... Hark, oso diplomatiko, erantzun zuen: «Berakoa Lesakako elizan». Berako organoak beste kontu bitxi bat dauka: giza ahotsaren erregistroa daukala. Tremolo bati esker gertatzen da hori. Dardara moduko bat dauka, vibrato bat. Aquilino Amezua izan zen organoaren egilea, eta tinbre hori lortzeko ikerketa bat egitera joan zen Ingalaterrara. Garai hartan hemen ezin ziren hilotzak disekzionatu. Amezua pertsonaia bat zen. Laudorioak bezainbeste kritika jaso zituen.

Zer gehiago dakizu hari buruz?

Azpeitiarra zen jatorriz, eta oso gaizki zeraman organoak frantses jatorrikoak izatea. Loiolako organoa ere frantsesa zen, eta oso ernegatuta zegoen. Berako organoa egin zuenean, hitzarmenean klausula bat ezarri zuen esanez hemen egindako organoa atzerrian egindakoak baino hobea ez bazen atzera bota zezaketela bere proiektua. 

JOSE LUIS ETXETXIPIA
Jose Luis Etxetxipia tutuei begira. AITOR KARASATORRE / FOKU
Organoaren soinua ez da bereziki samurra...

Organoak ez dauka soinu bat, soinu ugari ditu; azken batean, orkestra baten modukoa da: hainbat erregistro ditu, eta nahastu egin daitezke. Erregistro altuak denbora luzez astunak izan daitezke, baina organistaren lana da erregistroak aldatzea erakargarriagoa egiteko. Aukerak askotarikoak dira, txirulak sartu daitezke...

Eliza batera sartzean nora begiratzen duzu?

Aldarera ez. Atzera begiratzen dut beti; horregatik, maiz egin izan dut estropezu bankuekin. Kutxa ikustean jada gauzak ikusten ditut, zein garaitakoa den eta... Batzuetan ustekabeak hartzen dituzu: kutxa kaskar eta txiki bat ikusi eta gero sekulako soinua atera dezake. Lizarrako San Miguel elizako organoarekin gertatzen da hori. 

Nola iritsi zen organoa zure bizitzara?

Irakasletza eta pianoa ikasten ari nintzela, behin, klasera nindoala, ikaskide batekin topatu nintzen. San Lorenzo elizara zihoan entseatzera, eta lagundu egin nion. Egun horretan erabaki nuen organoa ikastea. Haurra nintzela, gurasoekin igandeko mezetara joaten nintzen, eta aitak beti esaten zidan: Donibaneko Baratzeko Andre Mariaren parrokiako organista izango zara. Bere ilusioa zen, eta nolabait ametsa bete nuen. Bizirik zegoela behin jo nuen han. [Johann Sebastian] Bachen obra bat, gainera, haren kuttunena: Tokata eta fuga

Leireko monasterioko organista ofiziala zara egun. 

Bai. Plazera da igandero horren leku zoragarrian jotzea, kantu gregorianoaz lagunduta. Mezaren aurretik ere jotzen dut. Profesionalki erronka bat da, eta sasoi betean egotera behartzen nau.

JOSE LUIS ETXETXIPIA
Jose Luis Etxetxipia organoa jotzen. AITOR KARASATORRE / FOKU

Lotsabako

Organo bat?
Jakinduriaz eta zintzotasunez egindako edozein.

Autore bat?
Johann Sebastian Bach.

Obra bat?
Isaac Albenizen Suite iberia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.