Sanantolinak Lekeition. Nahia Aboitiz Lekue. 'Lea Artibai' traineruko patroia

«Omenaldiarekin pozik gaude; hor gaudela erakusteko balio du»

Lekeitioko eta Ondarroako arraun elkarteek emakumezkoen traineru bat osatu dute denboraldi honetarako, 'Lea Artibai' izenpean. Antzara Egunean omenaldia egingo diete, 60 ontziak atera aurretik.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
2017ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Duela 40 urte, Isuntza arraun elkarteko gizonezkoek trainerua sortzea lortu, eta Antzara Egunean omenaldia egin zitzaien, Lekeitioko (Bizkaia) sanantolin jaietako egun garrantzitsuenean. Lau hamarkadaren ostean, Isuntzako emakumeek traineru bat osatzea lortu dute Ondarroako Arraun elkartearekin batera, eta gaur omenaldia egingo diete, iraganean gizonekin egin zuten bezala. 60 ontzik parte hartuko dute Antzara Egunean, eta horien guztien aurretik aterako da Lea Artibaiko trainerua, lehen antzarari zapia jartzera. Nahia Aboitiz Lekue (Lekeitio, 1992) traineruko patroia da, eta pozik dago gaur egingo dieten omenaldiagatik.

Urduri zaudete Antzara Eguneko omenaldia dela eta?

Bakoitzak bere kuadrilla eta ontzia daukagu. Jai giroan sartuta egoten zara, eta bihar [gaur] traineruan egingo digute omenaldia.Oraindik ez dago urduritasunik, baina, unea gerturatu ahala, agertuko da. Pozik gaude omenaldiarekin, herrian hor gaudela erakusteko balio baitu.

Nola izan da trainerua sortzeko prozesua?

Iazko irailean, lau pertsona entrenatzen hasi ginen Isuntzan, eta, jendea horren berri jakinez joan zen heinean, hemezortzi neska batu ginen. Traineru moduan hasi, eta ligan lehiatzen hasteko berba egiten hasi ginen, baina ez geunden trainerua betetzeko beste, kirol gogorra baita. Ondarroarrek ere antzeko esperientzia zuten, eta haiekin egin genuen berba trainerua sortzeko, Lea Artibai izenarekin. Batu ginen Lekeitioko bederatzi bat neska, Ondarroako beste horrenbeste, eta baita Elantxobeko lau neska ere. Esperientzia polita da, arraun elkarte ezberdinen artean atera delako. Ondarroa eta Lekeitioren arteko betiko lehia hori ere hor dago.

Nola eramaten duzue lehia hori?

Hori kanpoan geratzen da, eta guretzat sekulako esperientzia izan da. Hurrengo denboraldian berdin jarraituz gero, gu pozik.

Nolakoa izan da lehen denboraldia?

Urrian hasi ginen arraunean ikasten. Bagenekien gogorra izango zela, eta ez ginela gai izango onenekin lehiatzeko. Beraz, hobetuz joatea izan da gure helburua, eta azkenean nahiko ondo moldatu gara ligan: hamarretik bederatzigarren amaitu dugu, eta Kontxako banderan egoteko aukera eduki dugu. Taldea egonkortuz joan da, eta hori sumatu dugu. Gu pozik gaude denboraldia egin ahal izan dugulako eta emaitzak lortu ditugulako.

Ohitzen hasteko hartu duzue urtea, alegia.

Bai, eta zer den ikusteko ere balio izan digu. Azkenean, beti ikusi dugun zerbait izan da, baina ez dakizu zer den. Ez dakizu zer den estropada aurreko urduritasuna, edo entrenamenduetan hobetu nahi hori. Arrauna gogorra da, baina, era berean, polita ere bai. Nire familian tradizio handia egon da betitik, eta pentsatzen duzu ea zergatik ematen dioten halako dedikazioa. Baina gero, barruan zaudela, ikusten duzu zergatia, eta orduak sartu beharra. Oso gustura gaudela esan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.