Alaia, jatorra, eta jendeari laguntzeko prest zegoena»; hala gogoratzen dute lagunek eta ingurukoek Mikel Martin. Joan den martxoaren 2an hil zen, eta bereziki ezaguna zen sexu askapeneko mugimenduan parte hartzeagatik. Baina beste hainbat borrokatan parte hartu zuen, seropositiboen estigmatizazioaren kontra, esaterako. Haren omenez, Mikelaldia egin zuten atzo Errenterian (Gipuzkoa), haren sorterrian. Martinen izaerari jarraituz, festa alai, koloretsu eta zenbait kolektiboren aldarrikapenez betea prestatu zuten. Egun osoko egitaraua, goizeko kalejiratik hasi, arratsaldeko kabaretarekin jarraitu, eta gaueko afari herrikoiraino.
Gaztaño auzoko baratzeak. Hor da kalejira hastekoa. Ordu erdi baino gehiagoren faltan, jendea gutxinaka hurbiltzen ari da. Belardiaren txoko batean, mandala bat egiten ari dira, bertaratzen den jendeak ekarritako loreekin, zein beste elementu batzuekin. Marrazkiaren erdian, Martinen omenez landatutako zuhaitza. «Haren zati maskulinoa zein femeninoa islatu nahi izan ditugu, eta loreekin ahalik eta ederren utziko dugu, merezi duelako», aipatu du mandala osatzen ari den Yetik ezizena da.
Baratzeetara iristeko aldapa luzetik geroz eta jende gehiago igotzen ari da, horietako asko eta asko koloretako lumez, jantziz, ileordez eta osagarriz beteta. Edurne Arrieta eta Fani Herrador marrazkiari begira ari dira. Biak ala biak Martinen lagunak ziren, eta ez zuten zalantzarik izan Mikelaldian parte hartzeko: «Egun honekin, genion maitasuna erakutsi nahi diogu», kontatu du Herradorrek. Arrietaren bizilaguna zen Martin, eta haren izaera konprometituari eman nahi izan dio garrantzia: «Berdin zen hemen Euskal Herrian, Katalunian edo Valentzian egon, beti zegoen laguntzeko prest».
Ekitaldira joandako guztiek marrazkia inguratu, eta «gora Mikel!» oihukatuz loreak bota dizkiote mandalari. Horrekin batera hasi da kalejira. Amaigabea da parte hartzaileen errenkada luzea, eta LGTBI banderek ematen diote kolorea Gaztaño auzoari. Kalejira Errenteriako gaztetxera iristean, autoek ere gelditu behar izan dute, jende oldeak errepidea ere hartu baitu.
Ahotsa
Gaztetxearen parean, Martinek parte hartzen zuen talde eta kolektiboetako ordezkariek hitz egin dute. Gipuzkoako EHGAMeko Maider Beristainek omendutakoaren ahotsa goraipatu du: «Ahots bakarra zuen, eta, hala ere, guztionarekin nahasten zen, gure sentitzen genuen». Haren ahotsa zabaltzeko aukera izan zuen EHGAMen —taldearen sortzaileetako bat izan zen—, eta baita Euskal Herritik kanpoko taldeetan ere.
Mar Cambrolle trans aktibistak ere ez du omenaldira etortzeko aukera galdu nahi izan. Andaluziako transexualen elkarteko presidentea da. «Ertzetan utzi nahi izan gaituzten horien guztien konplizea izan da». Orain Martini egin ahal zaion omenaldirik handiena haren borrokarekin jarraitzea dela iruditzen zaio.
Cambrollez aparte ere etorri da kanpotik jende gehiago. Eugeni Rodriguez Kataluniako homofobiaren aurkako behatokiko presidentea da. Mikela —hala deitzen zioten lagun eta ezagun askok Martini— ezagutu zuen aldia kontatu du: «1986an ezagutu genuen elkar, Bilboko Txomin Barullo konpartsan, eta zera esan zidaten: 'Izugarrizko pertsona bat aurkeztuko dizugu'. Hala izan zen». Sexu askapenaren mugimenduaz gain, antimilitarismoan eta antifaxismoan egin zuen lana goraipatu du.
Pasadizoak, abestiak, bertsoak, emozioa... Iztieta auzoko zebra bide koloretsura iritsi, eta eserialdia egin dute. Han inguruan polizia batek Vicente Vadillo Francis trabestia hil zuen; haren omenez, ortzadarraren koloreekin margotu zuten zebra bidea. Eta talde argazkia atera dute zebra bide horretan bertan. Mikel Martin bizirik dago oraindik, izan ere.
ATZEKOZ AURRERA
Omenaldia konplizeari
Mikelaldia egin dute Errenterian, Mikel Martin aktibista eta militantea gogoratzeko eta omentzeko egun osoko ekitaldi sorta, festa giroan. Duela sei hilabete hil zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu