Omenaldia, esker onez

Hogei bat artistak Pirritx, Porrotx eta Marimotots omenduko dituzte maiatzaren 3an, Barakaldoko BECen. Euskararen alde egindako lana aitortuko diete, besteak beste.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen omenaldiko antolatzaileak eta hainbat parte hartzaile gaur goizean, Barakaldoko BECen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Pirritx, Porrotx eta Marimototsen omenaldiko antolatzaileak eta hainbat parte hartzaile gaur goizean, Barakaldoko BECen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
amaia igartua aristondo
Barakaldo
2025eko otsailaren 20a
16:50
Entzun

Irribarretsu oroitu ditu Lur Errekondo herri kirolariak Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei buruzko bizipenak. «Maitasun handiz gogoratzen ditut. Ilusioa egiten zigun haiek ikusteak, haiekin barre egiteak... Txikitako oso oroitzapen onak dauzkat». Garai jakin batzuekin lotuak ditu; ez zaio ahaztu zelako goxotasunez hitz egin ohi zieten umeei, ezta euskaraz aritzeko arnasgune bat zirela ere. Antzera mintzatu dira beste artista batzuk: batetik, pailazoek pertsonalki egin dieten ekarpenagatik; eta, bestetik, gizarte oso bati eta hizkuntza bati egindakoagatik.

Esker on horrek bultzatuta, dozena erdi bat euskal artista bildu dira Barakaldoko BECen (Bizkaia), oraingoz motelki argiztatuta eta nabarmen hutsik dagoen pabiloi erraldoi batean. Baina lagun gehiago batuko dira laster. Maite Zaitut elkarteak antolatuta, Pirritx, Porrotx eta Marimototsi herri omenaldia egingo diete BECen, maiatzaren 3an, 17:00etan. «Toki hau eder bihurtzeko asmoz gaude», adierazi du Agurtzane Intxaurraga omenaldiaren zuzendariak. Makina bat diziplinatako hogei artista baino gehiago ariko dira horretan: aktoreak, abeslariak, bertsolariak, zirkukoak, dantzariak, musikariak eta antzezleak, besteak beste, eta ikus-entzunezkoz ere hornituko dute plaza bihurtuko den pabiloia. Sarrerak eskuragarri daude elkartearen webgunean: Nikeremaitezaitut.eus.

«'Abuela Maria Luisa' kantarekin migrazioa landuko da. Oholtzan, bere garaian Euskal Herrira etorri ziren bost amonak beren bizipenak kontatuko dituzte»

ANE LABAKAOmenaldiaren gidoigilea

Pailazoen kantu ezagunenekin josiko dute ikuskizuna. Ane Labaka emanaldiaren gidoilariaren arabera, bidaia bat egingo dute, pailazoen hastapenetatik hasi eta gaur egun arte: Irri egiten duenari kantarekin abiatuko dira, eta Maite zaitut-ekin bukatuko dute —hain justu, aurten hogei urte beteko ditu abesti horrek—; tartean, Epoitaitaye, Bizipoza, Ane Pirata eta Abuela Maria Luisa ere joko dituzte.

Guztira, 11 abesti izango dira, hainbat garaitakoak, eta askotariko balioak hizpide dituztenak, Labakak xehatu duenez. «Abuela Maria Luisa-rekin, migrazioa landuko da. Oholtzan, bere garaian Euskal Herrira etorri ziren bost amonak beren bizipenak kontatuko dituzte, eta bost bilobek kontatuko dute nola bidaiatzen duten udaran amonen herrira». Kulturartekotasunaz gain, heriotzari helduko diote Ane Pirata-rekin, eta hori izango da emanaldiko unerik «hunkigarriena», Labakak nabarmendu duenez. Alaiago mintzatuko dira euskararen inguruan: «Festatik landuko da gehiago».

Belaunaldi uztarketa

Argi utzi dute antolatzaileek: ez da soilik umeentzako ikuskizun bat izango; berez, belaunaldi askotako lagunak bildu nahi dituzte. Pailazoekiko lilura ez baita bakarrik haurren kontua. «Bertsotan hasi nintzenean, gazte-gaztea nintzela, haien proposamen bat iritsi zitzaidan, abesti baten kanta idatz nezan», oroitu du Labakak. «Haurtzarotik balio pila bat landu ditugu haien abestiei esker, baina kulturgile bezala ere asko egin dute saretze horretan: kulturgileoi ere asko eman digute». Horren erakusle da zenbat artistak kolaboratu duten haiekin. «Zerrenda bat egin genuen hasieran, eta amaigabea zen».

Batzuek haur zirela ezagutu zituzten, eta beste batzuek zeharka izan dute haien berri. Gozategi musika taldeko Iñigo Goikoetxeak bere haurren bitartez izan du harremana haiekin. «20, 18 eta 4 urte eta erdiko hiru seme-alaba dauzkat, eta, azken hogei urte hauetan, pailazoak gure etxeko sintonia izan dira. Kotxean ez dugu beste musikarik entzuten». Haien ikuskizunetan ere parte hartu izan dute.

«Ez da inor Euskal Herrian Pirritx, Porrotx eta Marimotots maite ez dituenik. Haiei esker, 'maite zaitut' gehiago esaten dugu»

MARKEL OIARZABAL, 'ZAPOTXIN'Pailazoa

Beste ertz bat ere aipatu du Goikoetxeak: plaza sortzeko eta indartzeko izan duten garrantzia. «Gure partetik miresmen puntu bat dago, benetan sinesten baitugu plazan. Pentsatzen dugu plazan egiten dela herria, harreman natural eta oso aberatsak sortzen direla han». Gaur egungo «mundu digitalean», ezinbesteko deritzo halako esperientziak ere bizitzeari. «Eta euskaldunok badugu formula».

Izan dira hezitzaile, inspiratzaile eta askatzaile haientzat. Eta izan dira ispilu ere hainbatentzat. «Gure etxean beti izan dira pailazoak», kontatu du Markel Oiarzabal Zapotxin pailazoak. «Gure aitonak esaten zuen etxean bat gehiago zirela». Koskortu zenean, bide bera hartu zuen hark ere, zapata handiak eta sudur gorria soineratuta. «Ez Zapotxinek bakarrik. Badator belaunaldi indartsu bat, Euskal Herria pailazoz beteko dugu denon artean». Hala, Pirritx, Porrotx eta Marimototsi lotuta segitu zuen nola edo hala: haurraren ilusioarekin aurrena, eta profesionalaren trebatzeko gogoarekin hurrena. «Katxiporretatarrek pailazogintza berrasmatu zuten euskaraz, herritik eta herriarentzat. Ez da inor Euskal Herrian Pirritx, Porrotx eta Marimotots maite ez dituenik. Haiei esker, maite zaitut gehiago esaten dugu».

parte hartzaileetako batzuk

  1. Itziar Ituño

  2. Lur Errekondo

  3. Sua Enparantza

  4. Gure Zirkuko kideak

  5. Eñaut Elorrieta

  6. Uxue Alberdi

  7. Amets Arzallus

  8. Olatz Salvador

  9. Kai Nakai

  10. Aitor Gorosabel

  11. Maialen Lujanbio

  12. Go!azen

  13. Tapia eta Leturia

  14. Landarbaso abesbatza

  15. Oinkari dantza taldea

  16. Bonberenea txaranga

  17. Beñat Gaztelumendi

  18. Yogurina

  19. La Pulga

  20. Jon Maia

  21. Gozategi

  22. Igor Elorza

  23. Nerea Urbizu

  24. Beatriz Egizabal

  25. Ines Osinaga

  26. Amets Aranguren

  27. Intza Alkain

  28. Anabel Arraiza

  29. Bizipoza elkartea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.