Udako seriea. Euskal Herriko ingurubideak (IV)

Ollobarrengo harpe arraildua

Euskal Herrian ugari dira harkaiztegiak alderik alde zeharkatzen dituzten leiho, begi edo zuloak. Lokiz mendiguneak zoko estimatua dauka Ollobarrengo mendatetik hurren. Haren bila abiatuko da bidaztia.

Erlojuaren haitza antzemango da San Paulo ibarrean behera egitean. JOSEAN GIL-GARCIA
Erlojuaren haitza antzemango da San Paulo ibarrean behera egitean. JOSEAN GIL-GARCIA
Josean Gil-Garcia.
Ollobarren
2024ko uztailaren 26a
05:00
Entzun

Irakurri hemen serieko artikulu guztiak

 

Lokiz mendiguneko ordokia ikusgarria, bakartia eta, era berean, gizagabetua da. Denbora atzera doalako itxura segituan hartuko dio bidaiariak. Zer gordeko ote du bere baitan horren erakargarria izateko? Izan ere, mila metrotik gora zabaltzen den mendigune kamustua ez da nolanahikoa. Lehen bisitaldian, bederen, oinezkoari zirrara berezi batez jantziko zaio barrena. Behiala, baso galant batek jantzarazten zuen goi ordokia; etenik gabeko ikazkintzak, ordea, basoa soiltzea ekarri zuen gero. Panorama horretan harri xehearen eta belarraren gainean ezpela eta ipurua hedatuz joan ziren, itzalak erliebea iluntasunez janzten duen moduan. Itsasargi baten moldean antzemango du Lokizko mendigunea eta soseguz nabigatzeko gonbita jasoko du bisitariak, kareharri urdinkaran parada gozoa izango baitu maneatua. Santiago baseliza hegoaldeko malkarraren babesean ikusiko du, Sardegiko atakara doan xendatik gertu-gertu.

Kondaira interesgarria kontatzen du ahozko tradizioak Santiago apostolua eta Lokiz mendigunea hizpidera ekarrita. Horren arabera, Galiziara bideari heltzen ari zelarik, burutik buru zeharkatu behar izan zuen mendigunea. Tapiz karstikoaren artean topatzen diren erromesen fosil edo maskorrak, hain justu ere, Lokiz mendilerrotik igaro izanaren lekuko bitxiak baino ez dira. Sakanean behera eginda, gainera, Morteropeko haitzaren begiradapean, haitz arraildua agertuko zaio bat-batean. Elezaharrak dioenez, Santiago apostolua, etsaiez inguratua eta garaitua izateko zorian, ezpata atera eta kolpe bakar batez harria erdibitu zuen.

Boilurren errainua

Lokiz mendilerroa Nafarroako ipar-mendebaldean dago. Mendigune zabala da, eta bazter ederrez josia. Urteak beharko lirateke, seguruenik, Lokiz naturagunea ongi ezagutzeko. Batzuek esaten dute denbora aspaldi gelditu zela han. Beste batzuek, ordea, haren paisaia ohartu gabe pasatzen dela berretsiko dute. Dena dela, natura oparoko mendigune trinko eta sendoa da, interes bereziko landaredia eta fauna gordetzen dituena. Lokiz oso zapaldua izan ez arren, ez da sekula ahanzturan erori, bizkar gaineko basoek zer esana eman baitute betidanik. Gaur egun ikazkinaren ogibidea galdua izanagatik ere, XX. mendera arte bizirik iraun zuen erregai gisa. Energia errentagarriagoek betiko ordezkatu zuten arte. Lokiz inguruko ibarretan, ordea, egur ikatza ekoiztearen prozesua bizirik mantendu nahi izan dute, kosta ahala kosta. Biloria herrixkan, esaterako, txondorrak pizten dituzte urtero-urtero, egur ikatza oso estimatua baita ospe oneko jatetxeetan.

Gauza
 

Bestalde, XXI. mendeak basoarekin loturiko ogibide berri bat ekarri du, hala nola diamante beltza onddoaren ekoizleak. Boilur beltzarena (Tuber melanosporum), bestela esanda. Sukaldaritzan oso estimatua den produktuaren fabrikatzaileak erkameztiak eta artadiak dira. Antzinako denboran jaki ezaguna bazen ere, misterio aura zerion, eta lilura handia sorrarazten zuen. Carlos E. Hermosilla mikologoak Las trufas artikuluan (ENZA, 2001) esaten duenez, Jean-Henri Fabre frantses naturalistak hipotesiok zapuztu zituen 1857an, eta, zientifiko batzuen gogoen kontra, zuhaitzaren sustraiekin erlazio estua duen onddoa zela argitu zuen. Egun, fruitu delikatua, mikatza, usain gozokoa eta perfumatua da, tira handiko ondasun gutiziatua goi sukaldaritzan. Mikorrizaren laborantzaren nondik norakoen berri izateko, Ollobarrendik hurbil dagoen interpretazio zentrora bisita egitea ezinbestekoa da. Boilurren omenezko museo aurrendarian zer ikusi eta entzuna dago eta.

Ibilian-ibilian Ollobarrenen

Ollobarren herrian (Nafarroa) ibilian hasita, mendi bizkarrera igoko da ibiltaria leiho edo zulo batetik igaro ondoren. Aurrenik, herrian sartu baino lehen autoa ongi aparkatuta lagako du. Oinez barneratuko da segidan, eta xarma berezia darion herri xumeaz gozatuko du. Kale Nagusian iparraldera eginez, beraz, Urbasa landetxearen ondotik igaro eta kalean gora jarraituko du zaletuak. Azkenik, ibilbidearen nondik norakoak dakartzan mapa bat ikusiko du elizara iritsitakoan.

Bide seinaleak dioenez, Lokiz mendilerroan barneratzeko aukera emango dio PR NA-184 zidorrak. Elizaren ostetik jarraituko du oinezkoak, eta Ollogoien eta Gauza herriak lotzen dituen nekazari bidera iritsiko da bizkor. Eskuin-ezker egin gabe, zuzen segituko du, eta La Chopera parkera iritsiko da. Makalak, intxaurrondoak eta lizarrak hazten diren atseden gisa antolatuta dago ingurunea. Hartaz baliatuko da ibiltaria ura hartzeko, baita magalean gora hasi aurretik indarrak berritzeko ere. Magalera zuzen-zuzen joko du zidorrak. Bi lursailaren artetik igaro ostean, eskuineko zidorra laga eta zuzen egingo du bidaztiak. Artadiak bete-betean hartuta, goratasuna hartzen hasiko da. Magalean barrena zeharka-meharka, bertoko landaretzaz gozatuko du. Txorbeltzak, arangurbeak, ipuruak, ezpelak, ezkaia, genistak… bidelagun, Allin ibarraz gozatzeko tenorea izango du. Alanbre batera iritsiko da berehalakoan. Hiruzpalau minutu geroago, ezkerrera joko du bidebanatzean eta, hormatzarrak gain-gainean dituela, zeharkaldi ikusgarria egingo du. Holaxe, samur-samur, Ollobarrengo arraildura handira iritsiko da.

(ID_17207101379425) OLLOBARRENGO HARPE ARRAILDUA
Ganuzako mendatean behera egin behar da ibarrera jaisteko. JOSEAN GIL-GARCIA

Ollobarrengo barrunbea zeharkaldi naturala da. Zorionez, harbide bihurgunetsuak ahoraino lagunduko dio bidaiariari. Harkaiztegia zeharkatzeko itxaropena galdua duelarik, tanpez ezusteko galanta etorriko zaio: Lokiz mendilerroaren gainaldea zapaltzeko bidea eskainiko duen igarobide misteriotsua bekoz beko irekiko zaio. Arrailduran sartu bezain pronto, tunel ederra luzatuko zaio. Naturak eskainitako edertasun paregabea, zinez!

Mendate berrian behera

Sigi-saga malkarrean gora egingo du zaletuak, betiere eremu kaotikotik irtete aldera. Labirintoa atzean utzitakoan, arte polit batek agurtu egingo du. Aldatsa amaitu egingo da hor, eta erkameztiak protagonismoa hartuko du. Eskuinera joko du han goian, eta ezpelek osaturiko galerian gaindi jarraituko. Hala, bidebanatze batera helduko da laster. Arraturas ur baltsara doan bidea lagata, eskuinetik jarraitu eta Santiago baselizara iritsiko da ibiltaria. XIV. mendeaz geroztik aipatua da baseliza, eta, gaur egun, obra handia bezain atondua erakusten du tenplu entzutetsuak. Gauzako eta inguruko herrietako bizilagunen topaleku estimatua da. Baselizaren atzealdeko basabidean aurrera metro batzuk egingo ditu ibiltariak, bi minutu besterik ez. Izan ere, mugarri txiki batek Gauzako mendate berrira doan zidorra adieraziko dio. Basabide zabaletik irtengo da orduan, eta eskuinaldetik doan bidexkari helduko zaio. Ikuspegi zabaleko talaia batera iritsiko da laster. Gauza eta Ollobarren herriak ez ezik, Monjardin eta Montejurra tontor ezagunak ere bistaratuko zaizkio bidaiariari balkoi horretatik. Talaian ezkerrera eginda, landaretzak estalitako aspaldiko bidea ikusiko du. Jaitsiera liluragarria egiten hasiko da orduan, atakatik bertatik, eta Zologorriko ibarrarekin topo egingo du. Gauzako mendate berria deitua den arren, aspaldiko harbidea dela bistan da, ibarreko baldintza gogorretara arras ongi moldatua. Arkitekturaz mira-mira eginda, sigi-saga abiatuko da txangolaria, beherantz. Ezkerraldean San Prudentzioko begi biribila ikusiko du harkaiztegi bertikalean. Ekialderago, ordea, Reloj haitz sonatua [Erlojuaren haitza] agertuko zaio Gauzako mendate zaharretik hurren. Haitz arraildua San Paulo ibarrean behera eginda antzemango du ibiltariak.   

(ID_17207100416605) OLLOBARRENGO HARPE ARRAILDUA
Santiago baseliza mendiguneko ordokian altxatzen da. JOSEAN GIL-GARCIA

Gauzara iritsi aurretik, ur biltegi bat ikusi du bisitariak, baita zur eta lur geratzeko moduko haritz sendoak ere. Gauzako herrian jada, Lokiz Mendilerroko kaletik segitu eta errepidera irtengo da. Eskuinera egingo du han, elizaren ondoko porlan bidea hartzeko asmoz. Kanposantu aurretik igaro eta berehala eskuineko bideari men egingo dio, eta, ibili-ibilian, bidaztia Ollobarren herrira iritsiko gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.