Arduratsu eta zentzuz kontsumitzea. Horixe da Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolaketaren gomendioa Eguberriei begira. Hilabete eta erdi falta da Gabonetarako, eta familia askotan hasi dira diru zorroei begira. Azken urteetan bezala, «Prezio apaleko» Gabonak datozela aurreikusi du, aurten ere, Kontsumitzaile Elkarteak.
Erosketak egiteko orduan urte osorako ematen dituzten gomendioek balio dutela dio Jose Luis Segurak, Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolaketako komunikazio arduradunak. Kontuan hartzeko hainbat aholku aipatu ditu. Lehenik, erosten hasi aurretik, norberaren gaitasun ekonomikoaren araberako aurrekontu bat egitea komeni da. «'Zenbat gasta dezaket?' Horixe pentsatu behar dugu lehendabizi, ahal duguna baino gehiago ez gastatzeko».
Behin aurrekontua izanda, erosi nahi diren produktuekin zerrenda bat egitea da hurrengo urratsa. Plangintza on batek lagundu egiten du, ondoren, kontsumitzeko orduan.
Saltokietan zentzuz jokatu behar da. «Eskaintza edo sustapen ezberdinak bilatu, eta saltoki batetik bestera salneurriak konparatzea komeni da». Izan ere, Seguraren arabera, alde handiak aurkitu daitezke leku batetik bestera. Jostailuen kasua aipatu du, prezioa erdira jaisten baita zenbaitetan.
Salneurriak konparatzeko Internet oso baliagarria dela gaineratu du, eta gero eta joera handiagoa dagoela kontsumitzaileen artean ere sarera jotzeko. «Iazko Eguberrietako oparien %30 Internet bidez erosi zen».
Azken unean ez ibiltzea, Eguberriak iritsi arte ez itxaroteko deia egin du, halaber, Segurak. Hobe da erosketak egiten lehenbailehen hastea, aurrezteko bidea ematen duelako horrek. Eguberriak gerturatzen ari diren neurrian, Gabonetako «produkturik ohikoenak» garestituz joaten dira; janarietan nabaritzen da gehien fenomenoa. Horri aurre egiteko, irtenbidea badu Segurak. Menuak aurretik prestatu, elikagaiak aste batzuk lehenago erostea eta izoztea. «Janaria izoztu behar da, poltsikoa gehiegi ez berotzeko». Hori bai izozketa ongi egin behar da, elikagaiek kalitaterik gal ez dezaten. Etiketei ongi erreparatzea ere garrantzitsua da, eta, horrekin batera, begiratzea iraungitze egunari eta noiz kontsumitzeko aholkatzen duten.
Guraso askorentzat buruhausteen iturri ere izaten dira Eguberriak. Ez da erraza izaten askotan zer erosi erabakitzea. Jostailuakadinaren eta haurraren araberakoak hautatu behar direla dio Segurak, haur bakoitza ezberdina baita. «Hezitzaileak eta taldean jolastekoak badira askoz hobeto, eta balio positiboak, esaterako laguntasuna bultzatzen dutenak». Jostailu sexista eta belikoak baztertu egin behar dira, eta tentuz ibili behar da jostailu batzuk arriskutsuak izan daitezkeelako. Imanak dituztenak, edo pieza txikikoak aipatu ditu, besteak beste.
Behin erosteko orduan, hobe da esku diruarekin ordaintzea txartelarekin baino. «Esku diruarekin ordaintzean gehiago konturatzen gara egiten ari garen gastuaz. Txartela oso erosoa da, baina arriskutsuagoa. Poltsikotik billeteak ateratzeak min handiago ematen digu».
Gainera, hartzaileari axola ez bazaio, Eguberrietako opariak atzeratzeko aukera ere badagoela esan du Segurak. Areago, zabaltzen ari den joera dela nabarmendu du. Helduen kasuan, batez ere, urtarrileko merkealdira jo daiteke, aurrekontua murrizte aldera. Erosketak egin eta gero, betiere, ordainagiria eskatzea eta gordetzeko komeni dela dio Segurak, gero erreklamazio eskaera egin nahi bada «ezinbestekoa» baita.
Krisiaren atzaparra
Krisi ekonomikoak kontsumo ohituretan jokabide aldaketa bat ekarri duela gaineratu du Segurak. Halabeharrez, orain jendeak gehiago begiratzen dio poltsikoari. «2008tik hona, prezio apaleko Eguberriak izaten ari gara urtero».
Datuek halaxe adierazten dute, behintzat. 2007tik gaur egunera, bost urteetan, ia erdira jaitsi da familien aurrekontua.
Orain, erosketa neurtuagoak egiten direla esan du Segurak, zuhurtasun handiagorekin eta inprobisazio gutxiagorekin ibiltzen dela jendea. Gero eta herritar gutxiago irteten da etxetik, adibidez, aldez aurreko plangintzarik gabe.
Krisia iritsi aurretik, 2007an, kontsumitzaileen %29k egiten zuten aurrekontu bat erosten hasi aurretik. Kopurua nabarmen hazi da. Iaz, kontsumitzaileen ia %90ek.
2007an opariak erosteko faktore nagusia prezioa zen kontsumitzaileen %43rentzat. Iaz %94ra igo zen zifra. «Duela zazpi urte irudikaezina zen, baina, gaur egun, jendeak bigarren eskuko merkatura ere jotzen du opariak erosteko prezio apalagoen bila». Opariak taldeka egiteko joera ere areagotzen ari dela nabarmendu du Segurak; haurrari senide guztien artean zerbait erostea, adibidez.
Horrez gain, egoerak behartuta, gutxitu egin da familiek Eguberrietan aisialdirako duten dirua. Atzean geratu da batzuek Eguberrietan mailegu arinak eskatzeko garai bateko ohitura ere. «Gero eta jende gutxiagok egiten ditu bidaia laburrak. Enpresa afariak asko murriztu dira, Urtezahar eguneko kotilioiak ere bai...».
Seguraren ustetan, hala ere, kontsumitzeko aipatutako jarraibide horiek guztiak ohikoak ziren, garai batean. «Gastatu ahal duzuna, horixe da funtsean oinarrian dagoena. Gure gurasoek eta aitona-amonek ere horixe bera egiten zuten, azkenean.Eromen urteen ondoren, zentzuzko jokabideetara itzuli gara krisiarekin, neurri handi batean. Jarraibide onak direla iruditzen zait».
Olentzero zentzuduna
Eguberriak hurbiltzen ari dira, eta Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolaketak aldez aurretik eta «arduratsu» kontsumitzeko gomendioa egin die herritarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu