Herri bakoitzak bere modura ospatzen du Olentzeroren etorrera, eta, Baionan, urari loturik dago tradizioa. Olentzero Errobi ibaian behera agertzen da hiriburuan. «Errobi Baionan Aturriratzen da, eta sinbolizatzen du Baionak barnealdearekin duen lotura». Hala, menditik heldu denez, hori du Baionan sartzeko modurik errazena. Gainera, Irigoienek dio horrela «protagonismo handiagoa» duela pertsonaiak. «Bestela, karrikatik etorriko zen, autoen artean. Gainera, hor antzoki natural bat dugu zubien artean; beraz, ikusgarritasun handia ematen dio».Azalpen sinboliko eta estetikoa du, hortaz, ibaian behera agertzeak.
Kaian, Mari Domingirekin elkartuko da Olentzero, eta, haurren ongietorri kantak aditu ondotik, ibilbidea eginen dute Baionan barrena, musikariek eta danbor jotzaileek lagundurik. Ibilbide horretan geldialdi batzuk eginen dituzte, gogoko dituzten ateetan. Kalejira bukatzeko, Zahakin peñara joanen dira bi pertsonaiak, eta hango balkoitik behera goxokiak banatuko dituzte haurrentzat.
Ekitaldi gehiago ere antolatu dituzte gaurko. Goizean, abesbatzak kantuan ariko dira Baionako karriketan. Arratsaldean, jokoak, Xorrotx taldearen kontzertua eta askaria izanen dute haurrek Roland Barthes zabaltegian. Euririk egiten badu, Olentzero eta Mari Domingiren harrera lekuz aldatuko da, eta Lauga gelan eginen dute ekitaldia. Hala ere, Irigoienek dio ateri izanen dela eguna. Bestelako aholkurik ere eman ditu antolatzaileak: harrera ekitaldian tokia izan nahi duenak denborarekin joan beharko du kaira, jende asko espero baitute, aurreko urteetan bezala.
Tradizioa erroturik
Libe Goñi irakasleak eraman zuen Olentzeroren tradizioa Baionara. 1974an izan zen hori, eta orduz geroztik beti ospatu dela azaldu du Irigoienek. Azken 17 urteetan, Baionako Olentzero elkarteak hartu du tradizioari eusteko ardura. 2013an Olentzeroren Lagunak elkartea sortu zen, Ipar Euskal Herrian tradizio hori azkartzeko eta Olentzeroren irudia zabaltzeko. Irigoienek dio horregatik handitu dela Olentzeroren lan karga azken urteetan. Hasi da haren lanaldia.