Itsasoaren gainazalean sortzen diren uhin indartsuak dira olatuak. Gehienetan haizeak sortzen ditu, nahiko gainazal likido handian jotzen duenean. Ozeanoetan milaka kilometro egin ditzakete itsasertzera iritsi baino lehen, eta, poliki-poliki, haizeak sortutako ur mendiek kostaldea jotzen dute. Kolpe hori bortitza izan daiteke; izan ere, olatuak dira kostaldearen higaduraren arrazoi nagusietako bat. Harearen kontra egin dezakete, baita kostaldea eta bertako hiriak babesteko eraiki diren hesien kontra ere. AZTI zentro teknologikoan aztergai izan dute nolako eragina duten ekaitzetan sortutako ur uhinek kostaldean, eta, argitaratutako ikerketaren arabera, hondartzako harea eta hesiak funtsezkoak dira kostaldea babesteko.
Denboraleek Bizkai eta Gipuzkoako itsasertzeko hamahiru hondartzatan jasaten duten inpaktua aztertu dute zentro horretan: Bizkaian, Arena, Arrigunaga eta Arriatera; eta Gipuzkoan, Saturraran, Ondarbeltz, Deba, Itzurun, Santiago, Gaztetape, Malkorbe, Zarautz, Antilla eta Hondarribia. Hondartza horiek gertutik aztertu ditu hiru urtez Iñaki De Santiago AZTIko ikerlariak, olatuek kostaldean zer eragin duten zehazteko asmoz: «Ezaugarri desberdinak zituzten hondartzak behar genituen, orientazio, hesi eta malekoi ezaugarri desberdinekoak. Horregatik aukeratu genituen hamahiru hondartza horiek». Ocean and Coastal Management aldizkarian argitaratu berri dute ikerketa.
Ikerketa egiteko, AZTIk euskal kostaldeko 150 kilometroko luzera hartzen duen bideometria sare bat erabili du, Kostasystem teknologian oinarritutakoa. Sare horri esker, euskal kostaldeko hondartza nagusiak aldi berean monitorizatu daitezke, eta funtsezko datuak ematen ditu kostaldea kudeatzeko tresnak garatzeko.
Kostasystem teknologia kostaldeetan sakabanatuta dago: 30 estazio daude guztira. Kostaldean poste bat dago, eta horren tontorrean, kutxa bat. Kutxa hori irekiz gero, router bat eta kamera bat ikusiko lirateke. Kamera horrek itsasertzaren argazkiak ateratzen ditu une oro, denboraleen inpaktua eta hondartzen ezaugarri morfologikoa biltzeko asmoz. «Argazki mota desberdinak lortzen ditugu, baina ez dira argazki normalak. Argazki horiekin datuak ateratzen ahal ditugu; neurtu dezakegu hondartzaren zabalera, non dagoen itsasertza, edo zenbat aldiz gainezkatu den itsasoa hesietatik», azaldu du De Santiagok.
Bideometria sarea
Bideometriari esker informazio guztia aldi berean ikusteko aukera izan dutela adierazi du Aritz Abalia AZTIko ikerlariak: «Bideometriarekin lortutako informazioari esker lortu ahal izan dugu hamahiru hondartzetan ekaitz berberen informazioa izatea». Kostasystem erabilgarria da itsasoaren itzulera korronteak detektatzeko eta iragartzeko, baita denboraleen eragina aztertzeko egiteko ere.
Aukeratutako hondartzetan lortutako informazioari esker, datuak hiru multzotan banatu dituzte, olatuek kostaldean duten inpaktuaren arabera: hasteko, ia inpakturik ez dagoeneko datuak, hesietara ere iristen ez direnekoak; gero, etengabeko inpaktua dagoenekoak eta hesiak jotzen dituztenekoak; eta, azkenik, olatuek hesiak gainditzen dituztenekoak.
Olatuek defentsa hesietan duten inpaktua eta gainditzeak Zarauzko hondartzan nagusitzen dira. Hondartzaren altuera 3,5 metrotik beherakoa da, eta harea lehorraren zabalera ez da 30 metro baino gehiagokoa, baina kaltegarriena dela ondorioztatu dute ikerlariek, denboraleek eragin handiena duten gunea delako.
Ekaitz batek hamahiru hondartza horietan duen eragina ikertu du Abaliak, olatuek hondartzaren arabera zer-nolako inpaktua izan duten ikusteko: «Normalean pentsatzen da ekaitz handi batek inpaktu handia izango duela, baina ez da kontuan hartzen hondartzaren formak zer-nolako eragina duen. Ikusi dugu hondartzaren formak eragin handia duela, olatuen talka desberdina baita formaren arabera».
Hondartza babesleku
Hondartzak: oporgune udan, hesi natural neguan. Hondartzak leku ludikoak ez ezik uholdeetatik babesteko tresnak ere badirela ikusi da ikerketan, olatuak frenatzen baitituzte, poliki-poliki ur uhinei indarra kenduz. «Zenbat eta handiagoa izan hondartza lehorraren zabalera eta altuera, orduan eta handiagoa da denboraleen aurkako babesa», azaldu du Abaliak. Hondartza zabalagoa denean, uholdeak egoteko probabilitatea ere txikitzen da, olatuak indargabetzen direlako eta kostaldera txikiago iristen direlako. «Uholdeetan, ez da kontuan hartu behar olatuen energia bakarrik, baizik eta hondartzaren forma ere bai», esan du De Santiagok.
Ikerketa euskal kostaldearen erresilientzia hobetzeko «urrats garrantzitsua» dela esan du De Santiagok: «Kostaldearen inpaktuari buruzko oinarrizko ezagutza praktikara eramatea nahi dugu, alerta goiztiarraren eskualde sistema sendotzeko». Kostaldeko kudeaketa erraztea da helburua, eta, horretarako, hondartzen ezaugarri morfologikoak ezagutu behar dira, modu batean edo bestean erantzuteko. Abaliak azaldu bezala: «Ikusi dugu ez dugula kostalde osoan babes bera jarri behar. Uste dugu estrategia lokalak ezarri beharko liratekeela, azkenean ekaitz jakin batek ez baitu eragin bera hondartza guztietan».