Surflariarentzat, miraria dirudi harengana heldu den olatuak, altuera egokia baitu, eta tamainako abiadura, ez azkarregia, ez motelegia. Alabaina, olatuek ez dute zerikusirik mirariekin, ezpada zientziarekin, fisikaz bustita baitago olatu baten bizialdia, hura sortzen denetik kostaldearen kontra aparretan itotzen den arte. Eta, hala ere, badu olatuak arrazoiaz bestelako zerbait, Nagore Ezeiza zinemagileak antzeman duenez. «Harrigarria egiten zait zientziak argibideak emateko halako ahalmen izatea, baina, aldi berean, ezin esplikatu izatea surflari batek duen pasioa». Ez da soilik hitzetan jasotako gogoeta bat: Maia Garcia Vergniory Donostia International Physics Centerreko ikerlariaren eta Kepa Acero surflariaren laguntzarekin, olatuaren alde zientifikoa eta emozionala irudikatu ditu Ezeizak Olatu baten istorioa dokumental laburrean (El Santo Films). Bilboko Zinebi jaialdian estreinatu dute.
Garcia Vergnioryk eta Acerok Donostian emandako hitzaldi bat izan da lanaren ernamuina. Acerok egindako hausnarketa batek bereziki hunkitu zuen zinemagilea: esan zuen surflari batek ez duela pentsatzen berak hiltzen lagunduko dion olatu hori nondik datorren edo zer istorio duen. «Eta egia da surflaria dela olatuarekin topo egiten duen azkena, hark hondarrean amaitu baino lehen», esan du Ezeizak.
Bizialdi laburra du olatuak, baina, gehienetan, desagertuko den kostaldetik urrun sortzen da, Garcia Vergnioryk azaldu duenez. Oro har, ekaitzak sortzen diren lekua dute jatorri: Ternua (Kanada), Islandia, Groenlandia, Irlanda... «Tira, Mediterraneoan kostatik hurbil ere sor daitezke, baina, orokorrean, olatu onak urrun sortzen dira».
Eguzkiak ematen du aurreneko hauspoa, eta fenomeno kate batek bultzatu eta moldatzen du uhina. Eguzkiaren erradiazioek atmosfera berotzen dute, baina ez modu berean, eta, beraz, presio ezberdineko eremuak sortzen dira, aire beroak presio apalagoa du eta. Konbekzio deritzon fenomenoaren bidez, dentsitate apaleko aireak —hau da, beroak— gorantz joko du, eta aire hotzak beteko du hutsune hori. Fronte bero batek eta hotz batek topo egiten dutenean, konbekzioaren ondorioz, aire epela igo egiten da, eta hotza jaitsi; hala, zikloi edo ekaitz bat eratzen da. Zikloiek energia transmitituko dute itsasorantz, haizearen bidez.
Aldagai asko
Itsasoan, energia hori norabide guztietan hedatuko da, ura ez baita oztopo. Eta azpimarra egin du zientzialariak: energia transmititzen da, ez ur partikulak; olatuak ez baitira mugitzen den ura, baizik eta ura dela medio mugitzen den energia. «Energia pakete» hori kostara heltzen denean eta hondoak sakonera galtzen duenean, olatuak apurtu egiten dira.
Ñabardura gehiago ditu prozesuak, ordea, aldagai mordo batek baldintzatzen baitu olatuaren abiadura, forma eta egokitasuna. Zikloiaren intentsitatea zenbat eta handiagoa, olatua orduan eta garaiagoa izango da. Eta, halaber, garrantzitsuak dira kostaren geometria, mareak, eguraldia eta beste hainbat ezaugarri, olatua ona izateko. Eta zer da olatu on bat, zehazki? «Apurka-apurka apurtu behar du, eta bertikal pixka bat eduki behar du, ondo surf egin ahal izateko», zehaztu du Garcia Vergnioryk. Kostaldea irregularra izatea lagungarria da; geometria laua eta leuna badauka, ordea, olatua kolpe bakarrean hautsiko da. Halaber, kostako haizeak ere moldatzen du uhina: hego haizearekin, aireak aurretik jotzen dio olatuari, eta harrotzen lagundu; haizeak atzetik joz gero, aldiz, olatu desordenatuak sortuko dira, eta azkarrago desagertu.
ZENBAIT KONTZEPTU
- Uhin luzera. Olatuek uhin funtzioa dute, eta uhin luzera da funtzio horren ezaugarrietako bat, Maia Garcia Vergniory Donostia International Physics Centerreko zientzialariaren arabera. «Bi olaturen arteko distantzia da. Uhin luzera oso handia bada, denbora pila bat behar da hurrengo olatua etor dadin, baina azkarregi etortzea ere ez da ona». Zazpi segundokoa da tarterik egokiena.
- Coanda efektua. 1910ean aurkitu zuten. Gainazalek erakarri egiten dituzte haiekin kontaktuan dauden fluidoak. Horrek azaltzen du zer dela-eta egin daitekeen surfa desorekatuak diruditen jarreretan.
- Gainazal tentsioa. Ur molekulek elkar erakarri, eta geruza bat sortzen dute gainazalean. Olatuak horrela eusten dio bere formari, eta horregatik egon daiteke ohola haren gainean.
- Iribarrenen Zenbakia. Ramon Iribarren gipuzkoarrak asmatu zuen. Olatuak nola apurtuko diren jakin daiteke, kontuan hartuta olatuaren altuera, olatu batetik besterako denbora eta hondartzaren malda.
'Fetch'. Ingelesezko berba bat da. Haize gogorrak jotzen duen eremu bat izendatzeko erabiltzen da. Eremua zenbat eta handiagoa, orduan eta indartsuagoak eta garaiagoak izango dira olatuak.
Mareek ere aldatzen dute forma. Zientzia Astearen harira, EHUk Surfa eta zientzia erakusketa ipini du Bilboko Bizkaia aretoan abenduaren 12ra arte, eta mareak nabarmendu ditu, orobat, Mikel Bizinai itsas energia berriztagarrietan espezializatutako ingeniari eta surflariak erakusketan egindako bisita gidatuan. Esplikatu duenez, Ilargia edota Eguzkia lerrokatzen direnean, haien masek eragiten duten grabitate indarraren ondorioz, itsasoa luzatu egiten da norabide horretan: hala jazotzen da itsasgora. Lerrokatzerik ez dagoenetan egongo da itsasbehera. «Batik bat Ilargiak eragiten die mareei, Lurretik gertuago dago eta», azpimarratu du Bizinaik. Itsasgoran eratzen dira surf egiteko olaturik egokienak.
Gutxi gorabehera hiru astean gertatzen diren fenomeno horiek guztiak ordu laurden batean jasotzen ditu Ezeizaren dokumentalak, sotilki, azalpenik gabe, lanaren helburua ez baita tratatu zientifiko bat taxutzea, zuzendariak nabarmendu duenez, baizik eta olatu bihurtzen den ekaitz baten jarraipena egitea, Ternuatik Cabo Verdera. Irudi errealekin eta Joseba Elorzaren animazioarekin ondu du olatuaren istorioa: Aceroren bidaia eta jarduna kamerarekin harrapatu, eta irudiekin erakutsi dituzte energiaren transmisioak, Eguzkitik atmosferara, atmosferatik itsasora, itsasotik kostaldera... «Irudi horien oinarrian zorroztasun zientifikoa dago: Newtonen legeak adierazten dira, Coriolis efektua, grabitatea... Erronka izan da ikusten ez diren energia horiek nolabait irudikatzea», adierazi du Ezeizak. Koloreekin josi dute olatuaren bizialdia: itsasoaren urdina, Cabo Verdeko okreak eta marroiak...
Oholaren garrantzia
Surflariak ez du olatuaren bidaiaren berririk; eguraldiaren iragarpenei adi erreparatzen die, eta, hondartzara abiatu baino lehen, itsasoari so eginda aurreikusten du zer-nolako olatuekin topo egingo duen egun horretan. Izan ere, aldagaiek olatuen tankera aldatzen duten bezala, olatuek ere baldintzatzen dute surflariak ohol baten edo bestearen alde egingo duen. «Ohol bakoitzak bere nortasuna du: batzuek abiadura handiagoa dute, beste batzuek kontrol handiagoa... Ohola da itsasoarekin konektatzen zaituena», azaldu du Acerok. 35 ditu, zehazki; haizearen eta olatuen tamainaren arabera, bost bat sartzen ditu autoan.
«Harrigarria egiten zait zientziak argibideak emateko halako ahalmena izatea, baina, aldi berean, ezin esplikatu izatea surflari batek duen pasioa»
NAGORE EZEIZAZinemagilea
Oholek ere badutelako beren zientzia. Luzera, zabalera, loditasuna eta litroak hartzen dira kontuan, Bizinaik aletu duenez, eta ugariak dira aldagai horien uztarketaren emaitzak: 30 litroko bi ohol guztiz ezberdinak izan daitezke elkarren artean, pisua ez dagoelako berdin sakabanatuta, esate baterako. Eta diseinuari ere erreparatu behar zaio: punta eta isatsa estuagoak badira, maniobratzeko errazagoa izango da, baina ezegonkorragoa; gilek egonkortasuna ematen dute, baina abiadura apaldu; olatu zakarragoekin, puntaren kurbadura —rocker delakoa— handiagoa duten oholak behar dira; eta, hasiberrientzat, ohol lauagoak, zabalagoak eta pisutsuagoak gomendatu ditu Bizinaik, egonkorragoak izateaz gain, abiadura handiagoa hartzen dutelako, eta, beraz, surflariak gutxiago egin behar duelako arraun.
Ohol handi bat erabili beharko litzateke, halaber, olatu handietarako, Aceroren ustez. Eta olatuaren abiadura orekatzea izan beharko litzateke joera, era berean: uhin leunetarako, taula azkarragoa erabili behar da, baina, oso azkar badoa, kontrola lehenetsi behar da, abiadura ez baita beti ona, surflariaren arabera. Eta uraren testurak ere ematen du gakoren bat edo beste. «Haizeak testura ematen dio itsasoari: adibidez, hemen, hego haizearekin, marmola bezala egoten da, eta errepidean ibiltzearen antza du, baina ipar haizearekin, zuloak egoten dira: 4x4 auto bat beharko bazenu bezala da», xehatu du Acerok.