Arroken kontra eta uharri artean lehertzen dira han olatuak. Indarrak bihurtzen du ura bits. Itsaslasterrak hondalea uher. Haizeak airea doinu. 1975eko iraila da Meñakozko hondartzan, Barrika eta Sopela artean (Bizkaia). Sabino Muguruza eta Pepe Toni Gainza barrura doaz. Ausart parea. Bi David txiki Goliat armada baten aurrean. «Ez zeuden halakoetarako prestatuta. Sabinok taula galdu egin zuen, eta harkaitz artera joan zitzaioan. Zer egin zuen? Igerian hartu zuen hurrena zetorrena. Hondoa arriskutsua da han; harritsua. Ez zegoen kalitatezko materialik orduan, eta ezta tamaina egokiko taularik ere. Asko egin da aurrera geroztik. Baina hura izan zen abiapuntua». Zeren abiapuntua? Olatu handien modalitateak euskal kostaldean egindako bide oparoarena. Javi Amezagak eta Borja Peñeñorik kontatu dute, Big Wave Basque Country liburuan.
3sesenta surf aldizkari historikoaren sortzaileak, Punta Galea Challenge olatu handien txapelketaren antolatzaileak... euskal surfari buruzko jakituria entziklopedikoa daukate Amezagak eta Peñeñorik. Surflari izandakoak —inoiz izateari uzten bazaio, behintzat—, argazkilariak, kontalariak, eta, batez ere, surfaren dibulgatzaileak izan dira, eta dira. Haien jardunari segika surfean egin liteke denboran, azken berrogei urteotan kirol horrek Euskal Herrian eman duen guztian zehar, eta liburua izan da ginga, agurrekoa, erretiroa hartu baitute. «Zer kontatua amaitu zaigu», esan du Peñeñorik, barrez. «Zahartxo batzuk gara, txo! 65 urte dauzkagu», egin du Amezagak arrapostu.
Entzunez ikasten da, eta lehorretik itsasora begira egindakoa da oraingoan ariketa. «Euskal Herrian ez gara erreferenteak izan olatu handietan. Ez, behintzat, aitzindari gisa. Hawaiin, Australian eta beste toki batzuetan askoz lehenago hasi ziren horretan. Baina egia da olatu handia ezezaguna dela Euskal Herrian. Eta Belharratik Galearaino, olatu handi ikusgarriak dauzkagu, eta horiek hartzeko toki ederrak», azaldu du Peñeñorik.
Izan ere, olatu handien mundu mailako zerrenda eginda dago aspaldian, eta hauek dira lehen postuetan agertzen direnak: Nazare (Portugal), Jaws (Maui, Hawaii, AEBak), Mavericks (Kalifornia, AEBak), Teahupo’o (Tahiti, Polinesia Frantsesa) eta Belharra (Euskal Herria). Baina Peñeñorik beste «ezezagun bat» nabarmendu du: «Galea lurmuturreko olatua. Bilbo Handian daukagu. Giro industrial horretan sortzen da: Zierbenako superportuaren inguruan. Olatu ikusgarria da, bederatzi edo hamar metro izan ditzakeena. Eta gune horretan dago. Gezurra dirudi. Kargako itsasontzi handi horiek igarotzen diren toki berean. Eta erreferentziazkoa da olatu handietan, baina ezezaguna ere bai gurean». Baita surflarien artean ere. «Punta Galea Challenge txapelketari esker ezagutu dute askok, eta haren bila etorri direnek gero euskal kostaldea ezagutu dute. Horixe da Twiggi Bakerren kasua. Galeako txapelketa irabazi ostean, munduko txapelketa irabazi zuen».
«Euskal Herriko olatu handien kontakizuna da, protagonisten ahotik jasoa. Mundu horretan giltzarri direnek osatu dute»
JAVI AMEZAGALiburuaren egileetako bat
Gutxi egongo dira naturaren egoerak horrenbeste baldintzatzen dituen kirolak. Olatu handiak agertu eta desagertu egiten dira. Egun jakinetan eta baldintza jakinetan baino ez dira agertzen erraldoi horiek. Amezagak azaldu du: «Olatu handietako surflari top rider horiek meteorologoak eta ozeanografoak ere badira. Olatu mota honek oso baldintza bereziak behar ditu agertzeko. Dena ez da tamaina. Neguan denboraleak egoten dira, eta olatu erraldoiak sortu ere bai, baina denetan ezin da surfean aritu. Haizearen norabidea, itsaslasterrak… horiek denak ere aintzat hartu behar dira. Baldintza horiek denak egotea lau edo bost aldiz gerta daiteke neguan. Eta badaude neguak egun bakar batean ere surfa egin ezin daitekeenak». 2022-2023ko Galeako txapelketa ekarri du gogora: «Txapelketara deitu genuen, eta ez zen itsaski edo sagailo egokirik egon surfa egin ahal izateko. Ez zen baldintza egokirik egon. Horregatik, surflari mota hau oso adi egoten da beti. Baldintza egokiak ikusi orduko, mugitu egiten dira, eta agertzen dira Nazaren, Irlandan, hemen...».
Kostalde egokia
Euskal kostaldea bada toki egokia halakoak agertzeko. «Korapilatsua; senadiz eta uharriz betea; lurmuturrez, badiaz eta itsasadarrez betea. Eta horietan sortzen dira halako olatuak. Badauzkagu gurean dozena erdi bat sekulako kalitatea dutenak», nabarmendu du Amezagak. Meñakoz, Roka Puta (Zumaia, Gipuzkoa) eta Sorginetxe (Deba, Gipuzkoa) nabarmendu dituzte biek, besteak beste.
Agertzen dira horiek guztiak liburuan. Kontakizun bat da osatu dutena, gazteleraz, euskaraz eta ingelesez emana. «Euskal Herriko olatu handien kontakizuna da, baina protagonisten ahotik. Hautaketa bat egin dugu. Olatu handien mundu horretan funtsezkoak direnak gurean, arlo ezberdinetan. Eta horiek osatu dute kontakizuna», azaldu du Amezagak. Hitz egin dute aitzindariekin: Pepe Toni Gainza, Jaime Fernandez, Ibon Amatriain... Egin dituzte puntakoenen soslaiak: Natxo Gonzalez, Adur Letamendia, Twiggi Baker, Axi Muniain, Bianca Tye, Gary Linden, Luis Garcia... Hitz egin dute Punta Galea Challenge txapelketari buruz, meteorologiaz, entrenamenduez, eta salbamendu taldeekin. Jorratu dute beldurraren kudeaketa, eta jaso dituzte surf saio berezien kronikak: Meñakoz, Roka Puta, Sorginetxe, Galea, Playa Gris, Agiti, Belharra... Eta jaso dituzte horiek denak irudi ederren bidez. «Ez ditugu gure argazkiak aukeratu eta jarri. Urte askoan gurekin lan egin duten argazkilarien hautaketa bat egin dugu. 3sesenta aldizkariko kolaboratzaileak dira denak. Eta duten onena eskaini digute. Olatu horien eta surflari horien segimendua egiten duten argazkilariak baitira».
«Berrogei urte daramatzagu surfa dibulgatzen, eta egin dugun hori guztia liburuan irudikatu dugu. Gure jardunaren ginga da»
BORJA PEÑEÑORI Liburuaren egileetako bat
Kresal usaineko liburu bat da. Pasioz hartutako uhin erraldoi bat. Eta olatuaren gandorrean eta ur gaineko bitsetan dabiltza Amezaga eta Peñeñori egileak. Azken horrena da agurrekoa: «Berrogei urte daramatzagu surfa dibulgatzen. Galeako txapelketaren antolakuntzan aritu gara urteetan. Mundu mailako zirkuitu baten parte izan gara. Eta dibulgazio lan hori, eta egin dugun hori guztia, liburuan irudikatu dugu. Olatu handien munduan jende garrantzitsua dela uste dugun horiekin batera, eta mundu horretan garrantzitsuak diren tokiak eta paisaiak erakutsiz jendeari. Gure jardunari jarritako ginga baten modukoa da liburua. Sekulako gogoa geneukan hau egiteko, eta sekulako balioa dauka guretzat; sekulakoa. Gure bizitzan egin dugun gauzarik onenetakoa da, eta halaxe gordeko dugu».