Ezarian

Olatu gaineko familia

Acero abizena surfaren sinonimo bihurtu da urteen poderioz. Hiru anaiak munduko zirkuituan ibiliak dira, eta aita, Euskal Herriko Surf Federazioko presidente izana.

Lander Muñagorri Garmendia.
2012ko irailaren 11
00:00
Entzun
E gun batean surfa egiteko gogorik ez badaukat, ez dakit zer egingo dudan». Iker Acero surflari ohiaren hitzak dira horiek, baina acerotarren familiara orokortu daitekeen esaldia ere izan daiteke. Izan ere itsasoari, eta bereziki olatuei lotuta daude Iker (37 urte), Eneko (35 urte) eta Kepa (32 urte) Algortako (Getxo, Bizkaia) anaiak. «Gure etxean surfa pasioa da», dio Goio Acero hiruren aitak. Hirurak goi mailako surfean ibili dira urte luzez, eta gaur egun hirurek daukate euren ogibidea kirolari lotuta. Iker anaia zaharrenak DC surf markarentzat egiten du lan komertzial gisa; Enekok munduko surf zirkuituan jarraitzen du, onenen artean; eta Kepak, lehia alboratuta, abentura surfarekin elkartzen du munduan zehar egiten dituen bidaiekin. «Gure ibilbidea bakoitzaren izaeraren isla da», Keparen esanetan. Izaerak izaera, «garrantzitsuena horixe da, hirurek surfa egiten jarraitzen dugula». Hiru ibilbide daude hiru anaien artean, baina denen bidegurutzea surfa da.

Beste era batean ezin, eta acerotarrenean eguneroko hizketagaien artean dago surfa. «Goizero begiratzen dut ea nolako itsasoa dagoen, aurreikuspen metereologikoa zein den, eta egun ona denean Iker anaiari deitzen diot», dio Kepak. «Hondartza guztiak ezagutzen dituzte», Goioren esanetan. Hala ere, gutxitan joaten dira hiru anaiak elkarrekin surfa egitera, «horretan independenteak gara. Beti diogu Mundakako olatura joan beharra daukagula batera, baina bakoitza bere esparruan ibiltzen da», anaia gazteenaren esanetan. Hirurak elkartzea ia ezinezkoa dela dio, eta BERRIArentzat ere hala izan da: Eneko Malvinetan zegoen Europako zirkuituko lehiaketaren barruan, eta ezinezkoa izan da harekin harremanetan jartzea; Iker lanean zegoenez, hitzordura, Goio eta Kepa aita-semeak azaldu ziren. «Denok elkartzea zaila da», dio Goiok irri artean.

Hiru anaiek surfarekin daukaten harremanarekin nahikoa ez, eta aitak ere izan du lotura kirolarekin. Euskal Herriko Surf Federazioko (EHSF) presidente izan zen bi urtez, «egoera txarrean zegoela hartu nuen, eta ahal zen bezala bideratu genuen», dio. Baina EHSF euskal federazio bakarra da nazioartean onarpena daukana, eta euskal surflarien fitxak eurek kudeatzen dituzte. «Espainiako federazioarekin izan genituen tirabira batzuk, eurek sortu behar zuten zirkuituaren barruan sartu nahi baikintuzten. Baina Sopelan egindako batzar batean, EHSFko kideek aho batez esan genuen ezetz». Orduz geroztik, Euskal Herriko zirkuitua, eta Ballantines zirkuitua (Espainiakoa) egiten dira. Hori izan zen bere bi urteetako lorpenik handiena, «urte politak izan ziren. Gogorrak, baina politak».

Hondartzaren eragina

Baina Goio Acerok surfarekin izan zuen lehen harremana ezagutzeko, urte asko egin behar da atzera. «Semeen ondorioz hasi nintzen ezagutzen, nola bestela?», dio. Iker, Eneko eta Kepa udako ia egun guztietan joaten ziren hondartzara, amarekin. «Asko gustatzen zitzaion hondartzara joatea, eta bertan surfa ikusten genuenez, horrela hasi ziren Iker eta Eneko anaiak», azaldu du Kepak. Anaia zaharrenak gogoratzen duenez, «Eneko eta bion lagun batzuen anaia zaharrak ibiltzen ziren surfean, eta eurek utzi ziguten estrainekoz taula bat». Urte horietan euskal kostaldean ez zen oso ohikoa surfa egitea, baina Getxo eta Sopelan ez zen batere arraroa. Edozein modutan, garai horretan boom gisako bat eman zen Euskal Herrian eta Europan, eta surfera jende ugari hasi zen inguratzen. Testuinguru horretan, egin zituzten lehen urratsak acerotarrek, 13 eta 11 urte zituztela. «Berez oso berandu da surfa egiten hasteko, adinean aurrera joan ahala taula gainean zutik jartzen ikastea zailagoa baita», Keparen esanetan. Baina Iker eta Kepa berandu hasi baziren ere, ondo moldatu ziren hasieratik.

Hastapen horietan, lehen surf taulak izan zituzten bi anaiek, «eta nik kortxo bat neukan», dio Kepak. Baina zaharrenek materiala aldatu zuten, eta horiek bere eskuetara iritsi ziren, «inertziaz hasi nintzela esan daiteke». Bero sasoiko hondartzako egonaldiek, beraz, bere ondorioa izan zuten Acero anaiengan, gaur egunera arte irauten duena. Baina hondartzara udan joateaz gain, neguan ere joaten hasi ziren hirurak, «olatu bila». Eta, horretarako, euren aitaren babesa ezinbestekoa izan zen. «Eskolara gure bila etortzen zen, eta handik zuzenean hondartzara joaten ginen, surf egitera», oroitu du Ikerrek. Egunerokotasunaren parte bihurtu zen, eta asteburuetan Iparraldera edo beste leku batzuetara joaten ziren. «Semeek eskatzen zuten joan nahi zutela, eta guk hala egiten genuen», dio Goiok.

Semeek eskatzen zutenari kasu eginez, hamaika irteera kontaezin egin zituzten. «Zortea izan genuen, surfa egitea gustatzen zitzaigun, eta gurasoek ere horren aldeko hautua egin zuten», azaldu du Ikerrek. Baina apustu hori ez zen egunero eskolako atean zain egotera mugatu, sei hilabetez eskolatik atera baitzituzten bi anaia zaharrenak, eta Australiara bidali surf egiten ikasteko. «Apustu handia izan zen, are gehiago garai horietan». Egonaldi emankorra izan zen bientzat, «gure maila hobetzeko aproposa izan zen». Lortu dituzten kirol lorpenak irteera haren ondorio izan dira, Ikerrek azaldu duenez. «Gazteen artean, lehenak izan ginen Australiara joaten, eta ondoren surflari asko joan da hara maila hobetzeko, horretarako leku ezin hobea baita».

Bizipen horren ondoren, berehala inguratu zitzaizkien lehen babesleak. Ikerri 13 urterekin. Euskal Herrian hasi zen, eta ondoren Europara egin zuen salto. Orduz geroztik, emaitza arrakastatsuak lortu ditu, horien artean aipagarriena 2004ko Ballantines zirkuitua. Munduko zirkuituan ere parte hartu zuen, baina 24 urte bete zituenean, goi mailako lehia hori utzi zuen. «Komertzial gisa hasi nintzen lanean, surfetik bizitzeko dirua bazegoen ere, nire mailarekin oso zaila baitzen», dio. Beraz, lau urtez lana eta lehia uztartu zituen, Euskal Herriko zirkuitua, Europakoa eta Ballantinesekoetan parte hartuz. Haren palmareseko titulurik garrantzitsuena irabazi, eta erabat alboratu zuen lehia. Gaur egun kirolaz gozatzen jarraitzen du, lehiara itzultzeko harrik gabe. «Batzuetangustatuko litzaidake, baina surfa egiten duzunean zeure buruarentzat egiten duzu, eta hori da garrantzitsuena», haren esanetan.

Anaietan zaharrenari bakarrik ez, bigarrenari, Enekori, ere hein batean edo bestean eragin zion Australiako bidaiak. Hiru anaien artean, sari handienak lortu dituena izan da, eta denbora gehien lehian dabilena. «Eneko lehiatzeko jaio da», dio aitak. Lorpenen artean daude, 1999. eta 2001. urteko Europako Txapelketa, eta oraindik ere mundu mailako zirkuituan hartzen du parte, goi mailako surflarien artean.

Gazteena, abenturara

«Iker eta Eneko atzerrira joan zirela ikusita, nik ere hori egin nahi izan nuen», dio Kepak. Esan eta egin. 15 urterekin, taula gainean ikasia zen, baina hark ere anaiek izan zuten esperientzia ezagutu nahi zuen. Hala, AEBetara eta Australiara joan zen. «Esperientzia polita izan zen, gauza asko ikasi bainituen: bakarrik bizitzen, ingelesa, surfa eta abar». Eta berak ere berehala lortu zituen babesleak handik itzuli zenean. 18 urterekin profesional gisa lehiatzen hasi zen, eta lehen urtean irabazi zuen Europako junior txapelketa. «Ondoren hasi nintzen mundu mailako zirkuituan lehiatzen». Baina bi sorbaldetan izan zituen lesioek bide horretan segitzea trabatu zioten. «Lehia uzteko arrazoi nagusia izan zen», Keparen esanetan.

Beste arrazoirik ere bazuen, ordea. Bestelako bideren bat urratzeko nahia zeukan acerotarretan gazteenak, «zirkuituetan lekuak ezagutzen bainituen, baina ez behar bezala. Bertako jendearekin ez neukan harremanik, eta ez nekien nola bizi ziren». Beraz, abenturaren bidea urratzeko gogoa sortu zitzaion, baina ez zekien nola. Pou anaien hitzaldi batera joan zen arte: «Ikusi nuen 7 pareta 7 kontinente izeneko egitasmo bat egin zutela, eta halako zerbait egitea erabaki nuen». Hori surfera pasatu, eta 5 olatu 5 kontinente proiektua sortu zen. Kontinente bakoitzeko olatu bat ezagutuz eta harrapatuz. Eta hortik iritsi dira Azken muga proiektua, Alaska eta Patagonia elkartu zituena; Santiagoko bidea bi kirol uztartuz egitea, bizikleta eta surfa; eta une honetan murgilduta dagoen 5 itsaso egitasmoa. Bertan, munduko bost txokotako olatuak ezagutzera joango da.

Abentura horiek guztiak etxeko eskaratzan sortu dira. «Orduak egoten gara hizketan, eta hor ideia ugari ateratzen dira. Baina asmatzaile nagusia bera da», dio irri artean Goiok. Bidaia gehienak bakarrik egin izan ditu Kepak, inor egoten ez diren olatuak, eta harrapatzeko onak direnak bilatuz. Baina berarekin eramaten du kamera: «Badakit biziko dudan une hori grabatuko dudala eta norbaiti erakutsiko diodala, eta horrek laguntzen du». Buruan duen lagun bat bezalakoa da. Material horrekin guztiarekin, gainera, dokumentalak egiten ere hasi da; «inprobisazio bat izan da, egia esan».

Babesle gutxiago

Lehia utzi, eta abenturen ildoa hartu zuenean ere babesleak atzetik izan zituen Kepak. «Hasieran nire aldetik joan nintzen, baina denborarekin joan dira inguratzen», dio. Hala ere, gaur egun surfaren munduan hori da arazo nagusia: babesle falta. «Egun leku guztietan dago zaila egoera, baina surfaren mundua txikiagoa da, eta hor ere eragiten du», Ikerren esanetan. Alde horretatik, acerotarrek izandako zortea azpimarratu du Goiok: «Hartan errazagoa ere bazen babesleak bilatzea». Bidean surflari on asko geratzen dira babesik ez dutelako, eta munduko zirkuitua utzi behar izaten dute. «Babesleek asko baldintzatzen dute surflari baten bizi profesionala».

Acerotarrena ere baldintzatu dute, hirurek ere goi mailan lehiatzeko aukera izan dutelako. Baina afizioa garatzeko bidea besterik ez da izan, Ikerren esanetan. «Afizio gabe ez dago ezer». Leinu honetan, bederen, soberan daukate.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.