Ikastolen jaiak

Olarizun, Arabako Errioxaren alde

Araba Euskaraz ospatu zuten igandean Olarizuko zelaietan, Gasteizen, 'Mugaezin' lelopean. Oiongo San Bizente ikastolari laguntzeko baliatuko dituzte irabazi guztiak.

Haur batzuk dantzan, igandean, Araba Euskaraz-en. IÑIGO URIZ / FOKU
Haur batzuk dantzan, igandean, Araba Euskaraz-en. IÑIGO URIZ / FOKU
unai etxenausia
2024ko ekainaren 18a
05:00
Entzun

Oiongo San Bizente ikastolaren (Araba) aldeko jaia izan zen igandeko Araba Euskaraz, eta, bide batez, IKA euskaltegia omendu zuten, urteak daramatzalako lanean Arabako Errioxako helduen euskalduntzearen alde. Goizean jada bazen jendea Olarizun, Gasteizen, baina eguerditik aurrera hasi zen jende uholdea zelaietara iristen. Orduak pasatu ahala, bero handiagoa egin zuen, eta bertaratutako milaka lagunak gerizpea topatzera behartu zituen.

Egun eguzkitsuak lagundu egin zuen, eta umoretsu zeuden Olarizuko zelaietara inguratu ziren euskaltzaleak. Haur, gazte, guraso... Araba Euskaraz jaiaren 44. aldia ospatu zuten igandean lurraldeko ikastolek, Mugaezin lelopean. Urtero legez, bildutako dirua ikastola edo proiektu baterako bada ere —Oiongo San Bizente ikastola aurten—, Arabako ikastolek elkarlanean prestatu zuten dena, jai handian ezerk huts egin ez zezan: Lautada, Argantzon, Assa, Armentia, Amurrioko Aresketa, Aguraingo Lautada, Bastida eta Laudio. Guztiak batu ziren Oiongo San Bizente zentroaren alde. Hirugarren urtez egin dute Araba Euskaraz Olarizun. Urtero Arabako ikastola batek hartu arren ardura, zortzi ikastolak bat eginda aritzen dira beti. Urte osoko lanari ginga jarri zioten, horrenbestez, igandean.

Araba Euskaraz 2024
Araba Euskaraz-eko saltoki bat, igandean, Gasteizko Olarizuko zelaietan. IÑIGO URIZ / FOKU

Egun ederra izan zen igandekoa Olarizun egoteko, giro eta eguraldi ona izan baitzuten. Euskalmetek iragarrita zeukan bezala, 26 graduraino igo zen tenperatura eguerdi-arratsaldean, eta horrek lagundu egin zuen Arturo Lopez de Lacalle Oiongo San Bizente ikastolako zuzendariaren nahia betetzen: «Egun gogoangarria, zoriontsua eta alaia izan dadila, eta, aldi berean, ahalik eta erosoena, gurekin Arabako ikastolen jaia ospatzera datozen guztientzat».

Goizeko hamarretan ekin zioten jaiari, hasierako ekitaldiarekin, Olarizuko etxaldearen ondoko auditorium begetalean. Hasierako ekitaldi horretan izan ziren, besteak beste, Beatriz Artolazabal Gasteizko alkateordea, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua. Ikastoletako ordezkarien eta agintarien diskurtsoekin batera, Maider Lasa Santamariaren abestiak eta Jose Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioko ikasleen dantza bat ere izan ziren entzungai eta ikusgai.

Unai Mendizabal Arabako Ikastolen Elkarteko lehendakaria Bildarratzen presentziaz baliatu zen hurrengo Eusko Jaurlaritzari eskatzeko 2023an onartutako Hezkuntza Legea «lehenbailehen» garatu dezala. «Datozen lau urteetan hezkuntza politikak gidatuko dituenari ikastolen mugimendua onar dezala eskatzen diogu; elkarrekin egin dezagun etorkizunerako bidea, eskura ditugun erronkei aurre egiteko», aldarrikatu zuen. Bildarratzek jaso zuen mezua, baina oraindik ez daki saileko buru izango den edo ez.

Dantza ikuskizunak izan ziren ere. IÑIGO URIZ / FOKU
Dantza ikuskizun bat, igandean, Olarizuko zelaietan. IÑIGO URIZ / FOKU

Hiru gunetan banatu zituzten eguneko ekintzak: Lautada, Mendia eta Erreka. Batetik bestera ibili ziren gaiteroak, Gasteiz Kantuz, Arai erraldoien konpartsa eta Alt Maresmeko casteller taldea ondoan zituztela. Euskal dantzen topaketa, Bertsotan saioa, Maria Arandiaren Magia eta mirariak familian ikuskizuna, eta Goazen-en karaokea izan ziren goizean. Eguerditik aurrera, musika taldeak igo ziren oholtzara. Ibil Bedi, Mirotz, Akerbeltz eta Araba Euskaraz-en aurtengo kantua konposatu duen EH, Mertxe taldeen kontzertuek hartu zuten tokia.

Bertaratuei eskerrak

Igandekoa oroitzapenerako eguna izan zen arren, balorazioa egiteko eguna da gaur. Roberto Gonzalez Araba Euskaraz-eko koordinatzaileak aitortu du espero zutena lortu dutela. «Amesten genuen eguna izan zen, euskaltzale mordoa etorri ziren ikastolei babesa ematera. Mugaezin leloa aukeratu genuen aurtengo aldirako, euskarak ez daukalako mugarik; hain justu, hori ikusi genuen». Gainera, «gertakizun berezirik gabeko jai lasaia» izan zela azpimarratu du Gonzalezek.

BERRIAk ere saltokia jarri zuen Olarizun. IÑIGO URIZ / FOKU
BERRIAk ere saltokia jarri zuen Olarizun. IÑIGO URIZ / FOKU

Ikastolak bai, baina, batez ere, Oiongo ikastola izan zen igandeko protagonista nagusia. Arabako Errioxan dago Oion. Mugakidea da Errioxarekin (Espainia) eta Nafarroarekin. 1976. urtean sortua, Oionen errotua dago ikastola. 0-16 urte bitarteko ikasleak hartzen ditu, eta 201 familiak, 288 ikaslek, 34 irakaslek eta langilek osatzen dute ikastolaren komunitatea. «Bazterretik ari gara, bazter herritik», azaldu du Araba Euskaraz-eko komunikazio arduradunak. Baina Oiongo ikastolak «indar zentripetua» eragitea lortu duelakoan dago, «errioxarrak eta haragotik etorri berriak euskarara erakarri» dituztelako. Lau hamarkada pasatxo ditu Oiongo San Bizente ikastolak. «Gure gogoa, borondatea eta grina da Arabako Errioxa euskalduna izatea, Euskal Herri euskaldunean».

Kooperatiba gisa funtzionatzen du, eta «kalitatezko zerbitzua» eskaintzea da ikastolaren helburua. «Familia, irakasle eta ikasle aitzindariek duela mende erdi hasitako ikastolen mugimendua erabat errotuta dago Arabako Errioxan. Urte hauetan guztietan lortu dugu kuadrilla honetako euskaldunak eta ia euskaldunak %4 izatetik %40 baino gehiago izatera igarotzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.