Urtero pertsona ugarik hartzen du parte egun horretan, eta jende andana biltzen da Euskal Herriko hainbat txokotatik. Aurten ere ez dute gutxiago espero antolatzaileek.
Ekitaldiz betetako eguna antolatu dute gaur, eta egun osoandastatu ahalko dira olagarro zopa eta brotxetak han eta hemen egongo diren zazpi txosnetan, edariez lagundurik. Gosez geratzeko tarterik ez da egongo; izan ere, hara bildutakoak asetzeko, 850 olagarro kilo erosi dituzte. Olagarroa prestatzen ikasi nahi duenarentzat sukaldaritza erakustaldia egongo da Eusebio Gurrutxaga plazan 11:00 eta 13:00 artean. Bestalde, olagarro harrapatzaile izandakoak omendu nahi dituzte antolatzaileek, eta, horretarako, hamaiketakoa egingo dute, beraientzat soilik, Pulpo elkartean, 11:15ean. Horrez gain, herri bazkaria egingo dute Maddalen eta Jagoba trikitilarien musikak alaiturik, plaza horretan bertan, 14:30ean; eta olagarroa izango da protagonista, noski: olagarroa patatekin eta olagarro paella jango dute.
Dena ez da jatea bakarrik izango, ordea. Egunari hasiera emateko, herriko kaleetan ariko den txistulari diana egongo da, 09:00etan hasita. Urtero legez, argazki rallya ere egingo dute goizean zehar. Flyschean olagarroa nola harrapatzen zuten jakin nahi duenarentzat, Flyscheko olagarroa bisita gidatua egingo dute euskaraz 11:00etan, eta gazteleraz, 12:30ean. Eguneko ekitaldirik garrantzitsuenetako bat kuadrillen arteko batel estropada ere bada: aurtengoa Olagarro Eguneko 11. bandera izango da. Telmo Deun arraun elkarteak antolatutako estropada 12:00etan izango da, eta ibaian bertan jasoko dute irabazleek bandera.
Musika emanaldiak izango dira eguneko beste protagonistak. Herriko kaleetan Beheko Plaza eta Pola de Sieroko Angel Embil Abesbatzen saioak egongo dira 12:00etan hasita, eta, 13:30ean, kalejira Maddalen eta Jagoba musikariekin. Zumai txarangak 18:00etan hasiko du bere emanaldia, eta, egunaren amaierarako, musika DJ Goiko eta DJ Urangak jarriko dute.
Umeek ere izango dute ongi pasatzeko parada: 11:00etatik hasita, Itxas-Gain elkarteak antolatutako jolasetan, Gernikako Parkean, eta haurrentzako doako tailerretan, Algorri interpretazio zentroan.