Oinak. Gorputzekoak lehenik, eta bertsoetakoak ondoren. Ibiltzeko balio dutenak, baina baita puntuak eta bertsoak osatzeko ere. Bi eratakoak elkartu ziren atzo Lesakan (Nafarroa). 2018. urtetik egitasmo ibiltaria da Bertso Eguna, eta atzo ospatu zuten aurtengoa.
Oinak bidean izeneko ibilaldiarekin hasi da eguna, Lesakako bertsolaritzarekin lotutako ibilbidearekin. Harriondoa kultur etxetik abiatuta, bisitariek herriak bertsoarekin duen harremana ulertzeko hainbat leku ezagutu dituzte. Ikasi dute Makukobordan bizi izan zela Luis Olaetxea bertsolaria, Mikelainean jaio zela Mikel Arozamena, eta Linddurrenborda sagardotegia dela Juan Mari Lopez Agirianoren bizilekua.
Lesakako bertso eskola egiten duten tokian ere gelditu dira: Arrano elkartean. Bertan egin dute oinetatik oinetarako saltoa, pausoetatik bertsoetarakoa; handik abiatu baita eguerdiko bertso poteoa. Oinak mugitu baino gehiago, oinak pentsatu eta kantatu egin dituzte Lilibertso, Aramaio eta Epifora bertso eskoletako bertsolariek, Josu Sanjurjo bertsolari lesakarraren gaiei erantzunez. Hala bota die Maider Arregik Aitor Etxebarriazarraga eta Manex Agirreri: «Eta ni, berriz, mendi aldera/ ez naiz iritsi aspaldi/ Bertso potea batzuontzako/ bada nahiko ibilaldi».
Kasino tabernan jarraitu du saioak, eta marileihoen azalean jarri ditu Sanjurjok Iker Uriarte, Iraide Onaindia eta Eli Pagola bertsolariak; plazako etxeetan bizi dira, eta leihotik kuxkuxean aritzen dira. «Lasai bizi nahiean/ etorri nintzen ta/ Bertso frikiez dago/ herria beteta», kantatu du Uriartek.
Amaierako kolpea
Arratsaldean, Harriondoa kultur etxean egin dute bertso jaialdia: Alaia Martinek, Amets Arzallusek, Julio Sotok, Maddi Ane Txoperenak, Peru Abarrategik eta Maialen Lujanbiok kantatu dute. Ondoren, Manex Pagolak eta aurtengo Bardoak txapelketako irabazle Hor Gu taldeak girotuta, Linddurrenbordan egin dute afaria, bertsolarien izenak dituzten upelen artean: Uztapide, Txirrita, Lazkao Txiki...
Eta, orain, baita Maialen Lujanbio ere. Bertsoekin egiten duten bezala, egunaren amaieran eman baitute azken kolpea, bertso poteoan salatariren bati sorpresak ihes egin dion arren. «Zer izan da behintzat zuentzako/ eguneko politena?», galdetu die Oihana Aranak Danel Herrarte eta Asier Galarzari. Galarzarena da erantzuna: «Maialenek [Lujanbio] kupel bat daukala/ bere izenean motza/ Ederrena da berak beretik/ egin ahal duela txotxa». Inazio Eizmendi Basarri-ren izenean zegoen upel bat Maialen Lujanbiorena bihurtu baitute orain. Bertatik egin dute txotx, Bertso Eguna biribiltzeko.