Hainbat berrikuntzarekin eman zioten hasiera San Sebastian egunari atzo gauerdian Donostian. Gaztelubide elkarteko Jose Ramon Mendizabal arduratu izan da Konstituzio plazan danborrada zuzentzeaz azken urteotan, baina, osasun kontuak direla medio, aurten ezin izan du parte hartu, eta Gonzalo Aldanondok ordezkatu zuen atzo gauean. Bestalde, kaian, Portaleta inguruan, pantaila erraldoi bat jarri zuten, bertatik jaiaren hasiera ikusi ahal izateko. Hamar mila herritar inguru bildu ziren Konstituzio plazan San Sebastian egunari hasiera emateko, eta ehunka lagun elkartu ziren kaian. Ondotik, hiriko kalean, tabernetan eta elkarteetan festan jarraitu zuten.
Baina izan da beste aldaketa bat herritarren artean desadostasuna sortu duena: Oilarren zalditeria kanta ez zuten jo festaren hasieran, jende pilaketarik izan ez zedin. Herritar guztiak ez zeuden konforme erabaki horrekin, baina, hala ere, gainontzeko errepertorio guztia disfrutatu zuten donostiarrek eta kanpotik etorritakoek.
Nahiz eta telebistako emanaldian ez ziren argi ikusi, Konstituzio plazan hainbat pankarta jarri zituzten; hala ikus daiteke Efe agentziako argazkian.
Auzoz auzo eta kalez kale, milaka herritar ari dira egun osoan danborra jotzen. Helduen danborradan 23.000 herritar inguru aterako dira; 167 konpainia izango dira guztira, eta horietatik bitan ez da emakumerik aterako. Sei konpainia berriak hauek dira: Fortuna, Easo Abesbatza, Antigua-Luberri, Itzalpe, AMPA Mary Ward eta Harri-Berri Oleta. Mistoak dira sei horiek.
Eguerdian, haur danborradaren 45 konpainiatako 4.600 haur baino gehiago atera dira Alderdi Ederretik. Ilusioz beteta zeuden, San Sebastian martxa jo baino minutu batzuk lehenago. Enzo Cortes Amara Berri ikastetxearekin atera da lehen urtez. Baina esan du ez dagoela urduri: «Gustatzen zait danborra jotzea, eta asko entseatu dut, gainera». 11 urte baino ez ditu, ikastetxe bereko Telma Lizarazuk bezala. Haien alboan da Garazi Gonzalez. 12 urte ditu, eta bigarren urtea da San Sebastian eguneko danborradan ateratzen dela. «Oso egun polita da hau, eta Donostiaren ohitura bat». Haiek baino txikiagoak dira Salesianos ikastetxeko Airin Castro, Amaia Martinez, Elaia Ferrero eta Irati Olaia. 9 urte dituzte. Eta dagoeneko hirugarren danborrada dute Olaiak eta Ferrerok. «Ondo pasatzen dugu», oihukatu dute, pozik.
Ikastetxeetako banderei eusten ari zaizkie beste haur batzuk; tartean, Herrera auzoko ikastetxeko Eider Calvo dabil; badu eskarmentua danborradan, zazpigarren urtea baitu. Baina aurtengoa lehen urtea du ikastetxeko banderari eusten. Zuhaizti ikastetxeko Hugo Cortesek, berriz, laugarren urtea du danborradan, eta lehena bandera eskuetan duela. Nabarmendu du berarentzat berezia dela eguna. «Gainera, nire arreba Valeriak urteak betetzen ditu gaur». Arreba ere ateratzen da danborradan, 10 urterekin.
Urteak bete dituen beste protagonista bat Ander Alustiza Salsamendi da, 2025eko haur danborradako danbor nagusia. 11 urte bete ditu, eta hura arduratu da udaletxeko balkoitik hitz batzuk egin eta San Sebastian martxa zuzentzeaz. «Urduri nago», esan du, alboan erakunde publikoetako ordezkariak zirela; tartean zen Eusko Jaurlaritzako Imanol Pradales ere. Alustizak azkeneko egunetan ingurukoen berotasuna sentitu duela nabarmendu du, bide batez: «Familia guztia eta lagunak alboan izan ditut. Lagunek esan didate oso pozik daudela ni danbor nagusia naizelako». Asko entseatu duela azaldu du. «Laugarren urtea dut danborradan, baina aurtengoa ez dut inoiz ahaztuko». Heldutasunera iristen denean danborradan ateratzen jarraitzeko itxaropena du. «Gainera, nire urtebetetzea ospatzeko oso modu ona da». Amassorrain ikastolako ikaslea da Alustiza, eta Añorga auzoan bizi da.
Eguerdian ekin diete haur danborradako 45 konpainiatako neska-mutikoek danborra jotzeari. Eta kalez kale ibili dira gero, jendetzaren erdian. Izan ere, eguraldi ona lagun, herritar ugari izan dira erdialdean haur danborrada ikusten. Kaiko pantaila erraldoian ere ikusi ahal izan da, ETBren seinalearen bitartez.
Moriartitarrak, danborrarekin eskuz esku
Alderdi Ederren parean, Donostiako udaletxean, Urrezko Danborra eman diete Moriarti zinema ekoiztetxearen bost kideei. Eneko Goia Donostiako alkateak aurkezpenean gidoi irakurketa berezi bat egin du: Cristobal Balentziagak eta Coco Chanelek Parisko jatetxe dotore batean izandako elkarrizketa irakurri du, entzuleei begiak ixteko eskatu ondoren. Izan ere, udaletxeko udalbatzan, ekitaldia egin duten toki berean, grabatu zuten eszena hori Moriarti ekoiztetxekoek Cristobal Balenciaga telesailarentzat; hain justu, ekitaldian aipatu ez duten arren, Margaret Lyons kritikariak The New York Times egunkarian kritika ezin hobea idatzi zuen hilaren 16an Balentziagaren inguruko telesailaz.
Jorge Gil Munarriz gidoilariak ―Moriartin hainbat urtez egin zuen lan― omenduen glosa hunkigarria irakurri du. «Udaletxe hau Moriartiren historia idazten hasi zen tokitik oso gertu dago: hemendik 480 metrora, Soraluze kaleko hirugarrenean, filmak egiten amesten hasi ziren [omenduak]». Lan asko egitearen ondorioz fruituak jasoz joan zirela azaldu du Gil Munarrizek. Eta orduan hasi ziren lehen sariak, film laburrekin. Gero iritsi ziren film luzeak. «Eta zuen euskarazko filmak mundu zabalean ikusi ahal izan ziren». Gidoilariaren iritziz, Moriartiko zinemagileek «egokitzen» jakin izan dute. «Etengabe aldatzen ari den testuinguru baten mende gaude, eta aldiro erronka berriak daude. 25 urteotan dena aldatu da, eta aldatzen jarraituko du. Baina badago aldatu ez den zerbait: gaurko Moriartik antz handia du Soraluze kaleko harena». Gaur egun, Zuatzun dute ekoiztetxea. Eta Gil Munarrizek uste du lehengo balioei eutsi dietela Moriartin: «Lana, zintzotasuna, laguntasuna... eta inor ez dago bestearen gainetik. Entzun egiten da, partekatu eta ikasi egiten da. Desadostasunak daude, bai, baina beti gailentzen da errespetua, afektua eta adiskidetasuna. Moriartin sartzea familia batean sartzea da, eta hori bera esan dezakete haiekin lan egin duten profesional guztiek». Moriartikoek senideen aldetik jaso duten babesa ere nabarmendu du gidoilariak, eta Urrezko Danborra haiena ere badela.
Donostiako alkateak Urrezko Danborra eman die Moriartiko Asier Atxari, Aitor Arregiri, Xabier Bersosari, Jon Garañori eta Jose Mari Goenagari. Baina ohartarazi die danborra bakarra dela, eta eskuz esku pasatu dute danborra, Union Artesana elkarteko danborradak eta Txistularien Udal Bandak Iriyarena jotzen zuen bitartean. Eskuz esku ibili dute danborra, eta irudi hori izan da haien eguneroko lanaren erakusle: eskuz esku ari dira zineman lanean.
Kamera aurrean gutxien agertu izan den Moriartiko kidea Atxa da, baina denek nabarmendu dute gaur haren garrantzia. Hitza hartzen lehena izan da, Urrezko Danborra jaso eta gero: «Moriarti duela 25 urte jaio zen, Donostian, parranda baten ondoren, eta ezin da gure historia ulertu hiri hau gabe. Haren kultur ekosistemak sustraiak eta hegoak eman dizkigu lanerako. Intxaurrondoko Larretxene bideo eskolan filmatu genituen gure lehen film laburrak, eta ezinbestekoak izan ziren gure formakuntzan». Aipatu du, halaber, Donostiako Zinemaldiak zinema egiteko beste modu batzuk ezagutzeko aukera eman ziela ikusle gisa. Ondotik, haien filmak eman dituzte jaialdian. «Esan dezakegu hiri honen fruitu garela».
Ondotik, Berzosa ekoizleak nabarmendu du Donostiaren, zinemaren eta euskararen alde egin dutela apustu: «Donostiaren alde egin genuen apustu, pentsatzen genuelako hemen zerbait bakana sor genezakeela, eta uste dugulako sormenaren habia izan daitekeela; apustu egin dugu zinemaren alde, sinisten dugulako haren izaera transformatzailean, eta mugak eta belaunaldiak gainditzeko ahalmena duelako; eta euskararen aldeko apustua egiten dugu gure nortasuna eta emozioak hobekien adierazten dituena delako, gure hizkuntzak pantaila handi bat merezi duelako, eta, gainera, uste sendo horrek ateak itxi baino gehiago, ireki egin dizkigu. Gure istorioak inoiz imajinatu ez genituzkeen lekuetara eraman ditugu».
Goenagak, ahotsa apur bat urraturik, gogoratu du erabakiak taldean hartzeak liskarrak eragiten dituela zenbaitetan. «Baina hori da gure lan egiteko modua. Sormena gure kasuan kolektiboa da. Gure lanetan autoretza balego, talde autoretza litzateke, dudarik gabe». Edonola ere, gogoratu du zinema beti dela talde lana, eta horretan konplize ugari izan dituztela nabarmendu. «Guztion lana beharrezkoa izan da gure helburua lortzeko: istorioak kontatzea».
Arregik goraipatu egin du haien bidean Irusoin ekoiztetxeak izan duen rola. Nabarmendu du, era berean, Kimuak egitasmoak izan duen garrantzia, eta haien belaunaldiarentzako funtsezkotzat jo du. «Euskal zinemagileen kolektiboaren parte sentitzen gara. Gaur jasotzen dugun Urrezko Danborra ez da soilik gurea, baizik eta euskal zinemagile guztiona da».
Garañok, amaitzeko, gurasoak, senideak eta «etxekoak» izan ditu gogoan. «Gurasoei zor diegu hasierako bidaia. Zinema ordu amaigabeak dira: frustrazioak, sormen blokeoak, gaizki ulertuak... eta etxekoak, bikotekide eta seme-alabak, beti hor daude gure ondoan. Zuen pazientzia, ulermena, babesa eta maitasuna ezinbestekoak izan dira gaur gu hemen egiteko. Maite zaituztegu!». Donostiako erakundeei eta herriari esker onez amaitu ditu hitzak Garañok: «Gora Donostia!».
Bestalde, Hiritar Merezimenduaren dominak jaso zituzten atzo Mestiza elkarteak, Gipuzkoako Elikagai Bankuak, Radio San Sebastian irrati kateak, Iñaki Almandoz Askatuak taldeko presidenteak eta Kontxu Uzkudun moda diseinatzaileak. Donostiako norbanako eta elkarteei hiriaren alde eta komunitatearen alde egindako lana aitortu eta eskertu diete hala. Dominak emateko ekitaldia atzo egin zuten, Donostiako udaletxean.
Egun osoan entzun daitezke danbor hotsak Gipuzkoako hiriburuan. Adin guztietako lagunak ari dira jaiaz gozatzen. Eta giro oso ona sentitzen da hiriko kaleetan ibilita.
Konstituzio Plazan amaituko da festa, gaur gauerdian, Union Artesana elkarteko danbor eta upel doinuekin. ETB1ek zuzenean emango du.
Azpeitian eta Tafallan
Donostia bakarra bada munduan, baina ez da San Sebastian eguna ospatzen duen leku bakarra. Urtero bezala, Azpeitiko (Gipuzkoa) herritarrek ere astindu dituzte upelak eta danborrak. 31 konpainiak parte hartu zuten: 1.600 herritarrek baino gehiagok. Talde berri bat batu da helduen danborradara: Perdillegi. Bandera jaitsitakoan bukatuko da festa, gaur gauean.Azpeitia Guka ari da jaiaren berri ematen.
Tafallan ere (Nafarroa) San Sebastian jaiak ospatzen dituzte. Igandekoa izan da han danborrada nagusia. 19:00etan abiatu zen plazatik, eta hainbat konpainia ibili ziren kalean.
Euskal diasporako herritarrak ere ari dira San Sebastian eguna ospatzen, munduko hainbat txokotan.