Oilaskoaren hari zuriak, ekoizpen intentsiboaren arrasto

Oilaskoaren hari zuriak ez dira arriskuaren adierazle, baina ekoizpen prozesu intentsibo baten isla izan daitezke. Eskaria handitu ahala, ekoizpen sistema intentsiboek modua eman dute haragi gehiago eta merkeagoa eskaintzeko.

Oilaskoak kaiola batean, 2022an, Bangkoken. DIEGO AZUBEL / EFE
Oilaskoak kaiola batean, 2022an, Bangkoken. DIEGO AZUBEL / EFE
unai etxenausia
2024ko abenduaren 14a
05:00
Entzun

Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen datuen arabera, oilaskoa da munduan gehien kontsumitzen den haragia. Hori dela eta, aurreikusi dute hazkuntza intentsiboak gora egingo duela, eta horrek, ezinbestean, ondorioak izango ditu animalien ongizatean eta ingurumenean. Gaur egun, Amerikako Estatu Batuak dira munduko buru oilasko ekoizpenean, eta, haren ondoren, Brasil, Europako Batasuna, Errusia eta Txina.

Jaki guztiekin gertatzen den bezala, produktuaren kalitatea garrantzitsua da oilaskoari dagokionez ere. Duela gutxi, kezka hori herritarren artean ere zabaldu da, Animalien Ongizatearen Behatokiak txosten bat argitaratu ondoren. Hartan salatu zutenez, Lidl supermerkatuetan saltzen den oilaskoaren %98k hari zuriak ditu: miopatia muskularraren zerrenda zuria izenez da ezaguna gaitz hori.

Anima Naturalis erakundeak 2022an Bartzelonan egindako elkarretaratzea, Lidl supermerkatuei oilaskoen alferrikako sufrimenduarekin amaitzeko eskatzeko. QUIQUE GARCIA / EFE
Anima Naturalis erakundeak 2022an Bartzelonan egindako elkarretaratzea, Lidl supermerkatuei eskatzeko oilaskoen alferrikako sufrimendua amaiarazi zezatela. QUIQUE GARCIA / EFE

Oilaskoaren hari zuriak ez dira osasun arazo bat, baina kalitate arazo bat bai. Haragian halakoak agertzeak ez du esan nahi oilasko haragi hori jatea arriskutsua edo kaltegarria denik, baina gero eta maizago gertatzen da, eta horrek lotura du hazkuntza sistemekin, bereziki azkar hazten diren arrazekin. Hainbatek esan dute haragiaren anomalia horrek zerikusia duela animaliak gizentzeko hormonak edo antibiotikoak erabiltzearekin eta produktu transgenikoekin, baina ez da horrela.

Lehenik eta behin, aspalditik debekatuta dago hormonak eta antibiotikoak erabiltzea hazkuntza sustatzeko. Gaur egun, antibiotikoak soilik albaitaritza zereginetarako erabiltzen dira, eta lehen baino askoz gutxiago, gainera. Halakoak erabiltzen direnean, legez ezarritako kentze aldia zorrotz errespetatu behar da, eta analisi zorrotzak egiten dira bermatzeko haragian ez dela inolako aztarnarik geratzen. Era berean, transgenikoek ez dute zerikusirik miopatia horrekin. Izan ere, Europako Batasunean ez da genetikoki eraldatutako animaliarik ekoizten eta merkaturatzen, ezta haien deribaturik ere. Fenomenoa, beraz, animaliak azkar haztearen ondorio da.

Jesus Salmeron EHUko Elikagaien Zientzia eta Teknologiako doktoreak azaldu duenez, hari zuri horiek ez dute sortzen «inolako osasun arriskurik», eta gehitu du gai horren inguruan desinformazio handia zabaldu dela sare sozialetan. «Arazoa ez da berria; urteak dira agertu zela, animaliak hautatzeko eta elikatzeko tekniken aurrerapenen ondorioz», azaldu du Salmeronek. Praktika horiek aukera ematen dute jakiak azkarrago eta merkeago ekoizteko. «Eta hori ezinbestekoa da munduko biztanleria elikatzeko —are gehiago, kontuan hartuta gero eta handiagoa dela—, baita askotariko erosahalmenetara egokitzeko ere».

Antzinako kontua

Miopatia horiek 1950eko hamarkadatik dira ezagunak, eta azken urteetan azterketa gehiago egin dira haien inguruan. Animalien muskuluak azkar haztea da arazoaren oinarria: ehun muskularrak azkar garatzen dira, baina odol hodiak eta oxigeno hornidura motelago. Ondorioz, ehun muskularra ehun konektibo eta gantz ehun bihurtzen da, eta horrek zerrenda zuriak sortzen ditu. Animalien Ongizatearen Behatokiak argitu du arazo hori ez dela supermerkatu edo marka jakin batena, baizik eta ekoizpen sistema orokorraren emaitza dela, azkar hazitako arrazekin lotua.

Bi oilasko ildo zuriekin. BERRIA
Supermerkatu bateko bi oilasko bularki hari zuriekin. BERRIA

Horrez gain, nutrizio konposizioan ere aldaketa batzuk gertatzen dira. Animalien Ongizatearen Behatokiaren txostenaren arabera, hari zuriak dituzten oilasko haragiek %224 gantz gehiago dute —piezen kaloria kopurua %21eraino handitzen du horrek—, %10 kolageno gehiago eta %9 proteina gutxiago. Dena den, kopuru absolutuei dagokienez, aldaketa horiek ez dira kezkagarriak dieta orekatu baten ikuspegitik. Testurari eta zaporeari dagokienez ere, haragiak kolageno gehiago eta ur gutxiago atxikitzen du, eta, ondorioz, kozinatzean lehorrago eta gogorrago geratzen da. Era berean, gantz gehiago izateak zapore indartsuagoa ematen dio haragiari, eta baliteke batzuek desatsegintzat jotzea.

Iraunkortasunaren ikuspegitik, gainera, Salmeronek azpimarratu du ekoizpen eredu intentsiboek abantailak eta desabantailak dituztela. Batetik, modua ematen dute elikagai eskuragarriak ekoizteko, eta asko. Bestetik, ordea, zenbait erronka ere badakartzate, besteak beste animalien ongizatearekin, ingurumen inpaktuarekin eta baliabideen agortzearekin zerikusia dutenak. «Oreka lortu behar da jakiak lortzeko modua bermatzearen eta ingurumena gehiago errespetatzen duten praktikak baliatzearen artean», azaldu du.

«Arazoa ez da berria; urteak dira agertu zela, animaliak hautatzeko eta elikatzeko tekniken aurrerapenen ondorioz»

JESUS SALMERONEHUko Elikagaien Zientzia eta Teknologiako doktorea

Kontrara, harategietako haragiak ez du halako arazorik, ez behintzat hurbileko produktu ekologikoak saltzen dituzten harategietakoak. Hala jarduten du Rosalia Garcia harakin gasteiztarrak: prezioan baino gehiago, kalitatean jartzen du arreta. «Arabako harakinak garen aldetik, beti saiatzen gara produkturik onena ekartzen, ez merkeena», azaldu du.

Ohartzen da, baina, jende guztiak ez duela erosahalmen berbera: «Nik beti gomendatzen diet kalitateari lehentasuna emateko. Baina erosleak kontuan hartu behar du zer gastatu dezakeen, guztiz ulergarria da hori garai zailetan. Kalitatezko haragia jatea luxu bat izan daiteke askorentzat, norberak ikusi beharko du hori». Hau da, badaki ez dela beti ez dela modurik izaten «gama altuko produktuak hautatzeko».

Salgai jartzeko haragia aukeratzeko orduan zer neurri hartzen dituzten galdetuta, harakinak argitu du saltzen duen oilaskoak ez duela hari zuririk izaten: «Haragia era kontrolatuagoan ekoitzia dela bermatzen dugu. Hegaztiak erritmo naturalagoan hazi direla, eta ez hain azkar». Izan ere, harakinaren helburua da kalitate handiko produktuak eskaintzea dendan, zaporetsuagoak izateaz gain, osasungarriagoak ere izan daitezen.

Erosleak ahal duena

Joan den mendearen hasieran, txerrikia zen familia askorentzat haragirik ohikoena; izan ere, oilaskoa baino errazago lortzen zen, animalia bera sendoagoa zelako eta hondakin gutxi sortzen zituelako. Txerriak etxean bertan hazten ziren, eta urtean behin hil, urte guztirako txerrikia izateko. Oilaskoak, berriz, arrautzatarako izaten ziren batez ere, eta oilasko haragia festetan edo egun berezietan soilik jaten zen. Ekoizpen sistema intentsiboak garatu eta hazkuntza azkarreko arrazak sortu ahala, ordea, oilaskoa nabarmen merkatu zen, eta gaur egun, oilaskoa da haragia kontsumitzen dutenen artean gehien erosten den jakia.

Emakume bat harategi batean erosten, 2023an. DANIEL GONZALEZ / EFE
Emakume bat harategi batean erosketak egiten, 2023an. DANIEL GONZALEZ / EFE

Animalien ongizatea gehiago zaintzeko, ekoizpen sistema intentsiboa aldatzea izan daiteke bide bat, eta motelago hazten diren arrazak lehenestea, baina, hori eginez gero, ekoizpen kostuek gora egingo lukete. «Adibidez, kilo bat oilasko ekologiko 12 euro inguru kostatzen da; hazkunde azkarreko oilaskoarena, aldiz, 4 euro inguru. Kontsumitzaile gisa, gure erabakiek ekoizpen sistemak moldatzen dituzte, eta galdetu beharko genuke prest gauden produktu hobeen truke gehiago ordaintzeko», esplikatu du Salmeronek.

Era berean, doktoreak nabarmendu du sistema iraunkorragoetara igarotzeko erantzukizuna ezin dela kontsumitzaileengan bakarrik utzi: «Badakigu oilasko ekologiko bat edo landako bat ekoizteak kostu handiagoa dakarrela, baina ezin dugu onartu kostu hori soilik erosteko ahalmen txikiagoa dutenen kalterako izatea».

«Arabako harakinak garen aldetik, beti saiatzen gara produkturik onena ekartzen, ez merkeena»

ROSALIA GARCIAHarakina

Baina animalien elikadura ere aldatu egin da beste ekoizpen eremu batzuetan; esaterako, arrautzak ematen dituzten oiloena: «Kaiolatutako oiloen arrautzei alternatiba etikoagoak gailendu zaizkie, lurzoruari, askatasunari eta ekologiari dagokienez. Prezioak zertxobait garestiagoak diren arren, gero eta kontsumitzaile gehiago dago prest horiek ordaintzeko».

Beraz, oilaskoaren hari zuriak ez dira arriskuaren adierazle, baina ekoizpen prozesu intentsibo baten isla izan daitezke, eta horrek haragiaren kalitateari eragiten dio. Erosteko orduan, kontsumitzaileek produktuaren prezioa eta kalitatea hartu behar dituzte kontuan, adituek azpimarratu dutenez. Ekonomikoki horretarako oztoporik ez badago, haririk gabeko oilaskoa hautatzea onuragarria izan daiteke, «haragia zaporetsuagoa eta elikagarriagoa» delako. Hala eta guztiz ere, Salmeronen iritziz, gehienetan «ezin zaio kontsumitzaileari leporatu haragi ekologikoa ez erostearen errua», baldin eta aukerarik ez badu merke erosteko: «Produkzio sistemak bidezkoagoak eta naturalagoak izateko urratsa egin behar da, baina trantsizio horrek koherentea eta justua izan behar du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.