Oilaskoa umore saltsarekin

Malas Kompañias taldeak oilasko erretegi ibiltari batean girotutako antzezlana eramango du Gueñesera

Roberto Ferro eta Mikel Pikaza aktoreak dira Oilaskotxea obrako protagonistak. MALAS KOMPAÑIAS TALDEA.
Erredakzioa
2011ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
«Oilaskotxea, kentzeko gosea!» oihukatuz helduko dira Oilaskotxea anaiak gaur Gueñesera (Bizkaia). Oilasko erretegi ibiltaria festara aterako dute, eta barre gosez dagoenak han izango du gozatzeko aukera. Saioa Sodupe auzoan izango da, 20:30ean.

Egunerokotasunetik ihes egiten du Malas Kompañias taldearen antzezlanak. Baserriko lana eta familia alboratzea erabakiko dute bi protagonistek, bizitza dibertigarri batean murgiltzeko. Furgoneta oilasko erretegi ibiltari bihurtu, eta herriz herri mugituko dira oilaskoak saltzeko. Ez dute, ordea, su artean esperientzia handirik. Esperientziarik ez, baina bezeroak gustura geratzeko beharrezko osagaiak primeran ezagutzen dituzte. Akrobaziak eta eskujokoak egiten iaioak dira edozein tresnarekin, bai sukalde barruan, baita kanpoan ere.

Roberto Ferro eta Mikel Pikaza aktoreek ordubeteko saioa emango dute. Gorka Ganso da antzezlanaren zuzendaria, eta Malas Kompañias da ekoizpen etxea. 2006. urtean sortu zen taldea, Iruñeko Oreka zirku eskolako bi ikasleren ekimenez. Zirkuko hainbat teknika umorearekin uztartzen dituzte euren emanaldietan; azkenaldian, euskarazko ikuskizunak lantzen buru-belarri dabiltza.

'OILASKOTXEA'

Non. Gueñesen (Bizkaia), Sodupe auzoan.

Noiz. Gaur, 20:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.