Oilarraren kukurrukua sinbolo gisa

Nola iritsi da oilarraren sinboloa Ekialdera eta Mendebaldera? Historian badira hainbat testu horren arrastoa azaltzen dutenak. Frantzian eta Portugalen oilarrak zergatik duen halako sinbolismoa azaltzen dute.

Portugaldarren oilarra. BERRIA
Portugaldarren oilarra. BERRIA
Patri Urkizu
Donostia
2024ko irailaren 5a
05:00
Entzun

Harrotasunaren sinbolo izan daiteke oilarra eta zenbait herrialdek, bai Ekialdekok bai Mendebaldekok, erabili izan dute maiz ezaugarritzat. Hala, Galian erromatar garaietatik batu izan zuten Gallus eta Gaulois, oilarra eta galiarra. Frantzian eta Portugalen oilarraren sinboloa hain erabilia izatea nondik dator, ordea?

Portugaleko oilarrak justizia eta askatasuna adierazten du, eta zorte ona dakar. Hala diote, behintzat. XIX. mendean, 1876an zehazki, Domingo Joakin Pereirak leienda berrasmatu zuen, kasu honetan urkatua pelegri galegoa zelarik, zebilena Done Jakoberen bide lusitanotik eta Barcelosera (Portugal) iristean gertatu zitzaion urkatu berpiztuaren istorioa. Egia jakin zenean, libratu eta hurrengo urtean Cruceiro do Senhor do Gallo bat harriz zizelkatu zuen, urkatuaren irudiarekin. XX. mendean esposizioetan oilarraren irudia oso zabaldu zen, eta 1974ko iraultza odolgabearen ondoren, are gehiago.

Frantziako oilarrari buruz, bestetik, badirudi aspaldiko nahaste etimologikotik datorrela, Gallia / Gallus artekoa. Jada 1789ko Iraultza erabilia izan zelarik, Napoleoni eskaini arren erabil zezan, hark mespretxatu zuela kontsideratuz oilarrak ez zezakeela bere boterea argi adieraz. XX. mendean Marienne aukeratu izan dute iraultzaren sinbolo gisara, baina Le Coq sportif markak bereganatu egin du eta hori ikusten da egun Frantziako futbol taldean. Baita herrialde horren beste talde batzuetan ere.

Frantsesen oilarra
Frantsesen oilarra. BERRIA

Baina atzera jo beharra dago. Eta, orokorrean, oilarra eguzkiaren sinbolo da bere kantak ekhiaren sortzea, altxatzea, goiz albaren argitasuna iragartzen baitu. Adibidez, Indian skanda-ren dohaia da: energeia, kemena. Japonianegun argiaren jainkosaAmateranada, eta Txinan gauaren eragin gaizto guztien bukaera iragartzen du. Alabaina, Tibeteko budismoan, existentziaren, izatearen gurpilean hiru etsai ageri dira: oilarra, sugea eta zerria, grina gaizto guztien sortzailea.

Ekialde Hurbilean, Biblian, (Job, 39,6), Jahverengandik datorren adimena dauka, Ibisek, oilarraren antzeko hegaztia, eta Kristoren hiru irudi nagusietan ere sar daiteke, arranoarekin eta bildotsarekin batera, baina batik bat azpimarratzen du argitasuna eta piztuera.

Kristautasunak jasotzen ditu ideia horiek, eta, hara nola, San Ambrosiok (330-397 ing.) Goiz albari Kanta idatzitako poema batean zer dion bertso batek: Oilarraren kantarekin birsortzen da esperantza, / Gaixo daudenak osatzen dute osasuna, / Gaizto maltzurrek gordetzen dute maginan ezpata / Eta galdua duenari itzultzen zaio sinismena.

Mendez mende jauzi handi bat eginez,XI. menderaino Mendebalde bezala kontsideratzen den horretan kristautasunaren mirarien zabalkundean tradizio berri batek indar hartzen du.

Gui De Bourgognek (1060 ing.-1154), Calixto II.a aita santu bezala ezagunak, Codex Calixtinus deitu kodizea idatzi zuenkopia ugari izan zituen—. Lau liburu osatu zituzten,eta bigarrenak (ff. 139v-155v) Libellus Miraculorum du titulu bezala, non Mirarien Liburua ageri den.

Fray Jose Manuel Maciasek latinetik gaztelaniara egindako itzulpen bat Santiago de la Voragineren Leyenda Dorada liburukoa da, Calixtoren Kodexa oso gertutik jarraitzen duena. Hona nola hasten den mirarietariko bat Calixtorenean latinez eta ondoren Voragirenena euskaratua:

«1090. urte inguruan, alemaniar bat eta bere seme bat Santiagorako erromesaldian irten ziren beren lurraldetik, eta Tolosara iritsi zirenean, ostatu batean lo egitea erabaki zuten. Afarian, ostalaria zaldun alemaniarra horditzen saiatu zen, eta lortu zuen; eta, erromes horditua lo sakonean zegoela, zilarrezko kopa bat ezkutatu zuen haren zakutoan. Biharamunean, aita-semeak ostatutik irten eta berriro abiatu zirenean, ostalaria haien atzetik joan zen, lapurrak, lapurrak, oihukatuz eta aldarrikatuz esanez zilarrezko kopa bat lapurtu ziotela. Alemaniarra gelditu egin zen, ukatu egin zuen egozten zitzaion laidoa, bere ekipajea miatzea proposatu zion ostalariari, eta, lapurreta egozten zion objektua bertan aurkituz gero, justiziak ezartzen zion zigorrera gogo onez makurtuko zela adierazi zuen. Ostalariak erromesaren zakutoak arakatu zituen, bere kopa aurkitu zuen, eta, delituaren gorpua erakutsiz, hiriko epailearen aurrera eraman zituen gaizkileak. Epaileak, kasuaren berri izan ondoren, honako epai hau eman zuen: aita-semeek eramaten zituzten gauza guztiak enbargatzea eta ostalariari entregatzea, eta haietako bat, aita edo semea, publikoki urkatzea. Aitak bere burua eskaini zuen bera urkatzeko, kosta ahala kosta semearen bizia salbatu nahirik; semeak, bere aldetik, hurkatua bera izan beharko lukeela nabarmendu zuen, eta ez bere aita. Bi borrokalari errukitsuen artean bata bestearen bizia salbatzen saiatu ondoren, epaileak auzia ebatzi zuen semea urkatzea erabakiz, eta semea hurkatu egin zuten. Atsekabez beterik jarraitu zuen aitak Santiagorako erromesaldian.

Hogeita hamasei egun geroago, apostoluaren hilobia bisitatu zuen [Santiago de] Compostelatik itzultzeko bidaian berriro Tolosatik igarotzean, semea exekutatua izan zen lekuan gelditu zen, eta gorputza urkamenditik zintzilik zuela ikustean negarrez hasi zen, baina bat-batean semeak hitz egin zuen eta esan zuen aita kontsolatu nahian: «Ene aita maitea! Ez negarrik egin! Jakin ezazu inoiz ez dudala hain ondo pasatu. Urkamendi honetan zintzilikatu nindutenetik, Santiago apostolua beti egon da nire ondoan, nire arimari eusten eta zeruko gozamen zorrotzez betetzen». Semea hizketan ari zela entzun zuenean, eta esaten ari zena entzun ondoren, aita korrika joan zen hirira, eta gertatu zitzaionaren berri eman zien jendeari; jende asko itzuli zen berarekin semea zintzilik zegoen lekura, eta bizirik zegoela ikusi zuten. Berehala askatu zuten, eta ikusi zuten bizirik egoteaz gain, guztiz osasuntsu zegoela. Berehala konturatu ziren erromes jainkotiar haiek ostalariak altxatutako kalumnia baten biktima izan zirela, eta denborarik galdu gabe, kanpotar errugabeei egindako iraina beren eskuez mendekatzeko irrikaz, ostatura joan ziren korrika, ostalaria hartu zuten, alemaniarraren semea zintzilik zegoen lekura eraman zuten, eta urkamendian bertan hurkatu zuten ostalari zitala».

Beste toki batera joz, Cancioneiro de Santa Maríadeituareneskuizkribua, Alfontso X.a erregearen gortean XIII. mendearen bigarren erdian neurtutako notazio musikalean (1270 eta 1282 artean, Walter Mettmannen arabera), artista gailenek marraztu eta bikain koloreztaturiko irudiz, hain dira eder ezen eta Marcelino Menendez Pelayok Biblia estética del siglo XIII deitu zuen —Mendebaldeko Erdi Aroko literaturako abesti monodikoen bilduma garrantzitsuenetariko bat da—. Europa osoko trobadoreen gai profanoetatik eta garaiko musika sakratutik bereizten delarik Alfonso X.ak idatzitakoak.

Egungo ikerle zenbaitek kontsideratzen dute cantiga bildumetako iruditegiak adierazten duela argi eta garbi nolakoak ziren garaiko ikuskizunak eta teatroa Alfontso X. aren gortean.

Hala bada, cantiga horietatik batek kontatzen eta kantatzen du mirari bat. Alegia, itzulpenak dioen bezala, nola Santiagora zihoazen pelegri batzuek, iritsi zirenean Santo Domingo de la Calzadara (Espainia), ostalari maltzur batzuek salatu zuten lapur gisara eta semearen poltsan aurkitu ondoren zilarrezko gobaleta epaileek zintzilikatu egin zuten gazte gizagaixoa neskameari ezetza emateagatik. Gurasoak Santiagotik bueltan iritsi zirenean seme zintzilikatua eta oraindik bizirik zegoen lekura, salatu zieten gertaera agintariei. Eta bazkaltzen ari zelarik, horiek erantzun zieten lehenago jaten ari ziren oilarra kukurrukuka hasiko zela hura egia izan baino lehen, eta horrela gertatu zen, oilarra kantari hasi zela, eta mirariaren aurrean semea jaso zuten urkaberatik eta mirabe gezurtia erre.

Santo Domingo de la Calzadako elizako oilarra.
Santo Domingo de la Calzadako elizako (IX. mendea) oilarra. BERRIA

Garai hartako zenbait eskuizkribu badaude, eta esan bezala Escorialeko Monasteriokoa (Espainia) da ilustrazio ederrenetarikoak dauzkana. Miraria kontatzen duen kantigaren hasiera hauxe da: Santa María livrou de morte unu mancebo que enforcaron a mui gran torto, e quemaron un hereje quello fezeva fazer. Mirari hori CLXXV kantigan kontatzen da, eta haren seigarren ahapaldiak honela dio:Eta semearen zakuan sartu eta joan egin zen. Eta haien atzetik atera zen ahots handiekin, bere zilarrezko edalontzi berri eta diztiranta eraman ziotela, eta harrapatu ondoren esan zien: Egon zaitezte, egon, zuzenbidez du Ama Birjinak jaunaren leialtasuna...

Eskuizkribu gehiago

Bai Voragine XV. mendean, bai Parthenay-le-Vieux-en (1150 ing.) sortu Aymeric Picaud monje beneditarraren bertsioak anplifikatu samarrak daude, ohiko sarrera batez, Memorie tradendum est (Tradizioak dioenez...) motako formula batekin hasten baita [ed. W. Whitewill, 1944: 267-268] eta horrela amaitzen da Jane E. Connollyk argitaratutako XIV. mendeko gaztelaniazko eskuizkribu batean itzultzen den aholkua: Por este miraglo podedes entender que non deven los omnes fazer mal nin tuerto a sus huéspedes nin a sus christianos, mas fazelle bien e aver dellos duelo, e reçebir los romeros e los huéspedes, e fazerles algo. Ca esto es obra de misericordia, que Dios, que es señor, les dé ende misericordia e gualardon en el su santo regno. Amen [Mirakulu honen bidez uler dezakezue gizakiek ez dietela gaitzik egin behar ez beren apopiloei ez beren kristauei, baizik eta on egin eta haiekin duelua izan, eta erromes eta apopiloei harrera egin eta zerbait egin. Izan ere, hau errukizko lana da Jainkoak, Jauna baita, horregatik errukia eta saria eman diezaien bere Erresuma Santuan. Hala bedi.]

Galiziako prosazko mirarien bertsio bat ere badago; Jose Luis Pensado irakasleak argitaratu zuen 1958. urtean. Baina lastima da V. mirakulua, honela hasten dena: «Eno ano da Encarnaçao de Nostro Señor de mili et noveenta anos húms homes boos d 'Alemana que tragiá grade...» hori eten eta beste mirakulu batera jauzi egiten du, mirakulu horren folioa desagertu baita.

Bartzelonako Unibertsitate Liburutegiak katalanez egindako mirari batzuen eskuizkribua ere badu; eta, zehazki, bosgarrena, beste modu honetan hasten da: Seguns ques recompte en los miracles de sént Iác un hom de Teutonia anave en romería a sent Iaque e menave un fill seu iove e bell... Eta honela amaitzen da: Etentost tots anaren al loch on stave la forca e ab gran eucao e pler despernaren lo iove e tornaren los bens quels havien pres e peniaren loste malvat [MS 89, f. 124v, 125r.].

Katalanez bada hitz lauzko bertsio honetaz at beste bat bertsotan Jaime Roig (XIVm-1478) poetak moldatua Llibre de les dones liburuan, non jadanik ostatua ez dagoen Tolosan (Okzitania), baizik eta Santo Domingo de la Calzadan: Una vil hosta, / royn, disposta / a putería, … Eta hara non, istorioaren amaieran oilarrak kantatzen duen eta ostalaria hurkatua izanen den.

per maravella dos cuyts ocells,

presents tots ells,

resuscitaren e alt cantaren

gallina e gall. Sens entrevan

L' hosta damnada prest fon penjada.

[Mirariz bi hegazti egosi, denak aurrean zirela, berpiztu eta ozen, oilo eta oilar kantatzen hasi ziren. Tarterik gabe ostalaria kondenatu eta berehala hurkatu zuten.]

Camille Arnaud filologo okzitanoak Ludus Sancti Jacobi-ren edizioaren hitzaurrean dioenez [1858], Erdi Aroan eta Errenazimentuaren ondoren oraindik ere Proventzan misterioak publikoki irudikatzeko ohitura zegoen, nahitaez okzitanieraz osatuak zeudenak, herriak ez baitzituen frantsesez ulertuko. Zati batek Codex anplifikatuaren bosgarren miraria jasotzen du, eta mezularia, Ludus-eko pertsonaietako bat, honela mintzatzen da hasieran, publikoa agurtu ondoren, igandean plazan emango den antzezpenera denak gonbidatuz:

Un essemple vos demostren Que vengas veyre lebtement De sant Jame en beritat Que si fara joussament En esta plassa sertanament E si Deu nos dona victoria Dimenge jugaren lestoria [Ensienplo batek erakutsiko dizue, Santiago santuaren ikuskizun hau ikustera etor zaiteztela, plaza honetan benetan pozarren emango dena, eta igandean Jainkoak garaipena ematen badigu historia antzeztuko duguna].

Kukurrukuak

XVI. mende hasierako Il miracolo di tre Pellegrini (1519) bezalako edizio florentziar ugari daude. Baina pikardia handiagoa du XVIII. mendeko Il pellegrino, la forca e il gallo italierazko bertsio dramatikoak, izenekoak, non Jacopo eta Concetta honela hitz egiten entzun daitezkeen:

JACOPO: — Ti ho detto che non é possibile.

CONCETTA: — Non se vale la pena... stupido presuntuoso. Per me hanno fatto pazzie nobili e villani, mercanti e cavalieri... Quanti pellegrini hanno planto su questi mani...

Esloveniako bertsioan, amodio frustratua ezkondu nahi duen alargun gazte baten alabaren eta erromes eder eta aberatsaren artekoa da, eta honela erantzuten die amaren erasoei: Ez nauzu etorri ezkontzera, erromes gisara baizik Galiziara, Done Jakobe saindua adoratzera.

Done Jakoberen bizitza eta heriotza kontatzen duen istorioa hizkuntza neolatino anitzetan antzerki bezala kontatu izan ohi da XV-XVI eta XVII. mendeetan, eta euskaraz Santiagoren tragedia kontatzen duen pastoralean; Jundane Jakobe Handiaren trageria, Lehen euskal antzerkia,1634, Ed. P. Urkizu, Errenteriako Udala, 1996) ageri zaigu baita ere. Miraria ez da soilik hemen ageri, Beñat Oiharzabalek (1991) argitaratu Charlemagne pastoralean ere ageri baita. Hona nola agertzen den pasaia hori Jakoberen historian Saffores-en eskuzkribuan (A), eta Charllemagne-n Bassagaix-enean (B)

A (1548.b) O bai, hire semia orai dun hain bizirik

Noula eta beitira gerreneko oilasko horik.

Gerrena gora eta ager bi oilasko bizirik, egin kukurruku.

B (1494.b) Pularda eta oilasko haur orobat bizi dütüzü

Eta hoiak ere suian arroztiturik dütüzü.

Jaki pularda eta oilaskua eta kantatzen has platin.

Zenbait herri kantetan ageri denn hitz onomatopeikoetarik dugu kukurruku, euskaraz, zeina Europako beste zenbait hizkuntzatan honela ahoskatzen den natura imitatuz, bakoitzak bere manerara: cocorico (frantsesez), cocoroco (portugesez), kikiriki / quiquiriqui (espainolez), kukareku (errusieraz), cock-a-dododle-do (ingelesez)…

XIX. mende hasieran François Barrenki barkoxtarrak frantsesetik euskarara ohiko zen kanta itzuli zuen, honako bertsotan ageri den bezala:

Saint Domingora nintzanian

Elas, jinko jauna,

Elizan barna sarthu nintzan

othoitze egitera.

Han ikusi nin mirakuilu

Pelegrier heltia,

Oilarra entzun khantatzen

Harekin oilo zuria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.