Ez da oihalik, ez da besaulkirik, ez txarteldegirik eta aretozainik ere. Iruñean egiten hasi berri diren antzezlanak ez ditubetetzen ohiko baldintzak. Izan ere, antzokian ez, etxeko egongelan jokatzen baita. Maider Lekunberri eta Maitane Perez iruindarren ideia izan da, eta harrera beroa izan du. Ikusleek sofan eserita ikus dezake antzezlana, etxean bezala.
Krisi garaiak gelditu egin ditu antzokiak. Geroz eta eskaintza murritzagoa dute, eta, beraz, aktoreek geroz eta lan gutxiago. Perezek eta Lekunberrik, baina, ez dute antzokien zain geratzeko asmorik, eta antzerkia egiteko modu berri bati ekin diote. Gabriel Garcia Marquezen Solo vine a hablar por teléfono ipuina (Soilik telefonoz deitzera nentorren) kontatzen dute bi pertsonaien artean, eta, bien bitartean, hainbat gauza gertatzen zaizkie.
Ikusleak egongelan jartzen dira, eta, pertsonaiak alde batetik bestera dabiltzan arren, handik mugimendu guztiak ikus ditzakete, etxea txikia baita. Perezek azaldu duenez, ikuslearekiko gertutasuna berezia da: «Guretzat oso dibertigarria da jendea hain hurbil izatea, erantzun guztiak eta oso ezberdinak jasotzen ditugulako. Oso interesgarria da». Horrek antzezlana aldaraz dezake, ikusleen erreakzioak askotan baldintzatu egiten duelako dramatizazioa.
Orain arte bederatzi emanaldi egin dituzte, eta harrera ona izan du egitasmoak. Gainera, denetariko pertsonak agertu direla azaldu du Perezek: zaharrak zein gazteak. Berritasunak erakarrita joaten dira haietako asko, eta urduritasun puntu bat antzematen zaie saioak abiatzean. «Hasieran arraroa da, jendeak ez dakielako zer gertatuko den eta zer egingo duten berekin, baina gero istorioan sartzen dira, eta gehienek esan digute oso gustura egon direla».
Perezek onartu du ez zekitela horrelako eskaintza batek Iruñean zer-nolako harrera izanen zuen. Dirudienez, interesa egon badago, baina mugitu beharra dagoela dio aktore iruindarrak: «Probatu eta probatu, zerbaitek ez badu funtzionatzen beste modu bat bilatuko dugu, baina ezin gara zain geratu antzokiek ea noiz deitzen gaituzten. Ez da galdu behar sala polit batean antzeztea, baina ezin gara egon horren menpe». Orain, aktore gehiago «kutsatu» nahi dituzte, eta, posible balitz, halako antzezlanak egiten dituztenen sare bat sortu.
Berrikuntza aukera
Lekunberrik eta Perezek esperientzia dute antzerkiaren munduan. Biek Nafarroako Antzerki Eskolan ikasi zuten, eta hori dute bizibide. Berriki, Buenos Airesen egon dira lanean bi hilabetez, eta han bestelako errealitate bat aurkitu dute: antzerkia zegoen nonahi. «Ez dute itxoiten antzokien egoerak hobetu arte; beren aukerak bilatzen dituzte. Horrek indar handia eman zigun», azaldu du Perezek.
Argentinan bezala, bi aktore iruindarrek beren baliabideak erabili dituzte aurrera egiteko. Herritarrak antzerki arratsalde bat pasatzera gonbidatu nahi dituzte; sarrera librea da, eta ardoa eta turroia haien kontu.
Ostiralero emango dute obra, eta bi emanaldi izanen dira: 20:30ean eta 21:30ean. Aste honetako emanaldiak beteta daude, baina heldu den astean ere izanen da aukerarik. Hamar lagun baizik ez dira sartzen etxean, eta [email protected] helbidean tokia erreserba daiteke.
Oihalik gabeko obra
Maider Lekunberrik eta Maitane Perezek antzezlanak egiten dituzte etxeko egongelan. Antzokien zain egon baino nahiago dute berrikuntzekin aukerak bilatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu