Oihalezko eta portzelanazko antzezleak

Sasoi onean dago txotxongiloen eta objektu antzerkiaren euskal eszena. Lehen, haurrekin lotzen ziren ia erabat txotxongiloak, baina helduentzako saioak ugaritzen ari dira.

Kontakatillu txotxongilo konpainiaren 'Katillukadak' antzezlana, artxiboko irudi batean. KONTAKATILLU
Kontakatillu txotxongilo konpainiaren 'Katillukadak' antzezlana, artxiboko irudi batean. KONTAKATILLU
irene baranano
2025eko urtarrilaren 4a
05:00
Entzun

Bizitzarik ez duten objektuei bizitza ematen diete txotxongilolariek euren obretan. «Txotxongiloaren magia» deritzote sektorean, baina magiatik gutxi du. Txotxongilolariek hariak mugitu baino gehiago egiten dute: panpinak sortu, atrezzoa egin, obrak diseinatu, idatzi, ikasi, antzeztu... Diziplina ugari biltzen ditu lanbideak, eta horietan ibiltzen diren 46 konpainia eta langile daude bilduta EAEko txotxongilo eta objektu antzerki konpainia eta profesionalen direktorioan. 

2022an sortu zuten berriki aurkeztu duten direktorio hori, Bilbo TX Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiak bultzatuta, Txotxongiloen Nazioarteko Elkartearekin (UNIMA) eta Euskal Herriko ordezkaritzarekin batera, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak lagunduta. Direktorioaren helburua sektorea indartzea da. Horretarako, txotxongiloekin eta antzerkiko objektuekin lan egiten duten 52 konpainia aurkitu, eta horietatik 46ren datuak bildu dituzte: konpainien izenak, deskribapenak, aktibo dituzten ikuskizunak eta harremanetarako datuak, besteak beste. 

Hori ez da txotxongiloek Euskal Herrian duten gune bakarra. Lau jaialdik nazioarteko sona dute: Tolosako (Gipuzkoa) Titirijai jaialdiak, Bilbo TX jaialdiak, Bergarako (Gipuzkoa) Helduentzako Txotxongiloen Mostrak eta Sestaokoak (Bizkaia). Aurten, gainera, Euskal Herriko txotxongilolarien topaketaren lehen aldia egin dute, Hondarribian eta Irunen (Gipuzkoa). Horrez gain, Bilboko Txotena zentro zibikoa, Otxarkoaga auzoan dagoena, txotxongiloei eskainia da.

«Istorioak kontatzeko baliabide bat besterik ez dira txotxongiloak, beste edozein objektu izan daitekeen bezala»

JABI TIRADOTxotxongilolaria eta txotxongilo egile artisaua

Sektoreko gune handiena, baina, Tolosan dago. Topic izeneko Nazioarteko Txotxongilo Zentroa 2009an ireki zuten, eta txotxongiloei eskainitako zentro bakarra da Europan. Bertan, panpina handiak eta txikiak daude, harien bidez manipulatzen direnak zein esku bakarrarekin mugitzen direnak, makilen edo hainbat txotxongilolariren artean maneiatzen direnak. Itzalak egiteko erabiltzen diren panpinak ere badaude, eta txotxongiloen eszenatokiei buruzko erakusketa oso bat, besteak beste. 

«Istorioak kontatzeko baliabide bat besterik ez dira txotxongiloak, beste edozein objektu izan daitekeen bezala», iritzi du Jabi Tiradok. Txotxongilolaria eta txotxongilo egile artisaua da. Figurak eta panpinak egiten hasi zen, eta antzezlanen munduko hainbat ogibidetan ibili da: antzezle, malabarista, argi teknikari, obra zuzendari eta abar. Orain, erretiroari begira, aitortu du Portugaleten (Bizkaia) duen txotxongilo tailerrean pasatzen dituela urtean 365 egun. «Nire lana maite dut, eta ez zait gustatzen presaka ibiltzea». 

Javi Tirado bere txotxongilo tailerrean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Jabi Tirado, bere txotxongilo tailerrean, Portugaleten (Bizkaia). OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Txotxongiloak, maskarak, atrezzoa eta antzezlanetarako eskatzen diotena egiten du. Apar-goma, latexa eta beira zuntza erabiltzen ditu, batez ere. «Behin, lurrera botatzean puskatzen zen loreontzi bat eskatu zidaten, baina aldi berean gero eszenan berreraiki zitekeena», kontatu du. Apar-gomaz simulatu zuen portzelanazko figura, eta, piezetan txertatutako hirurogei imanen bitartez, antzezleek konpondu egiten zuten eszenan. «Txotxongiloak oso erabilgarriak dira», azaldu du, «hezur-haragizko antzezleak ez bezala, jaurti, tolestu edo apurtu daitezke, obrak eskatzen badu». 

Txotxongiloak eta gainontzeko enkarguak egiteko, antzezlana «oso ondo ezagutu» behar dela esan du, «pertsonaia bakoitzaren beharren arabera materialak aukeratzeko». Ez du beste txotxongilo egilerik ezagutzen. Adierazi duenez, txotxongilolari gehienek euren panpina eta atrezzo propioa sortzen dute, eta, bera bezala, autodidaktak izaten dira. 

Bego Alabazanek —izen artistikoa da; Bego Gomez Abrisketa du berezko izena— duela gutxi arte ez zekien txotxongilolaria zenik. Orain dela 30 urte hasi zen ipuinak kontatzen, eta eskuz egiten dituen itzal jokoak erabiltzen ditu sarri horretarako. «Ez nekien horiek txotxongiloak zirenik; niretzat ipuin bereziak ziren», adierazi du. 

Berak sortzen ditu itzalak proiektatzeko behar dituen materialak. Lehen, eskuz egiten zituen panpina eta elementu guztiak, baina lortu du kartulinak digitalki mozten dituen inprimagailu gisako bat: «Laguntza handia izan da txotxongilo baten kopia asko egiteko orduan».

Alabazan konpainiako Bego Gomez Abrisketa txotxongilolaria 'Luziaren sekretua' antzezlana egiten, artxiboko irudi batean. ALABAZAN
Alabazan konpainiako Bego Gomez Abrisketa txotxongilolaria, 'Luziaren sekretua' antzezlana egiten, artxiboko irudi batean. ALABAZAN

Langile sektorearen bakartzeari aurre egiteko helburua ere badu direktorioak. Bego Alabazanek ez zuen ezagutzen itzalekin lan egiten duen beste txotxongilolaririk, 2022an Andaluziako bat (Espainia) topatu zuen arte. Orduan, elkarlanean hasi ziren, eta, teknikak bateratuta, Luziaren Sekretua izeneko antzezlanaren bira egiten ari dira. 

Atzeko lana erakustea 

Bego Alabazan «saio txiki eta hurbilekoetan» sentitzen da gusturen. Emanaldia amaitzean, ikus-entzuleak atzeko partera gonbidatzeko ohitura du. «Transmititu nahi diet oso-oso erraza dela», adierazi du. «Lau kartoi zatirekin egindako zerbait da». Publikoak ere egin dezakeela helarazi nahi die. 

Kontakatillu konpainiako bi kideek antzezlanaren hasieratik erakusten dituzte mekanismoak. «Aldrebes hasten gara, publikoa gure atzean utzita, atzeko lana erakusteko», azaldu du Aitor Ormaetxeak, konpainiako kideetako batek. Emanaldia amaitzen dutenean, halere, ikus-entzuleei eszenatokira igotzeko aukera eman, eta «dena» erakusten diete.

(ID_17346106346555) (/KONTAKATILLU) Kontakatillu antzerki konpainiaren \'Katillukadak\' antzezlaneko bi txotxongilo, artxiboko irudi batean
Kontakatillu antzerki konpainiaren 'Katillukadak' antzezlaneko bi txotxongilo, artxiboko irudi batean. KONTAKATILLU

Txotxongiloak manipulatzeko teknika ugari daude: harien bidez, eskuz, makilekin eta abar. Kontakatillu konpainiak, Katillukadak antzezlanean, teknika horietako bost erabiltzen ditu. Jabi Tirado eskulangilearen ustez, hariak «motelegiak» dira ipuin dinamiko baterako. Hainbat adibide ditu bere tailerrean; esate baterako, eskuz manipulatu daitezkeen txotxongiloak, antzezleek janzteko maskarak, giñol erakoak —txotxongilo buru bat hartu eta eskuarekin gorputza simulatzekoak—, eta eskuarekin ahoa mugitzekoak. 

Hala ere, Tiradok ezohiko teknika bat erabiltzen du: imanak. Txotxongilo egilea bada ere, hobby gisa, miniatura antzezlan bat prestatu du kutxa baten barruan. Lau minutu inguruko antzezlan hori ikusiko dutenek bisore baten eta entzungailuen bitartez ikusiko dituzte obraren protagonistak eszenatokitik korrika.

Miniatura antzezlanean, imanek ez ezik, gainontzeko elementu guztien multzoak laguntzen du obra ulertzen. Argien eta soinuen bidez, eguneko unearen eta fenomeno atmosferikoen inguruko informazioa jasotzen du ikus-entzuleak; musikaren bidez, emozioak; eta gainontzeko elementu bisual eta akustikoek istorioa ulertzeko informazioa ematen dute. «Eszenografia, pertsonaien arropak, argiak... Denek transmititzen dute informazioa, eta txotxongiloa horien moduko beste baliabide bat da», zehaztu du Tiradok. Beste adibide bat jarri du: «Pertsonaia bat patatak zuritzen ari bada tentsio handiko eszena batean, labanak esangura handia izan dezake».

Javi Tirado txotxongilolaria bere miniaturako antzezlanarekin
Jabi Tirado txotxongilolaria, bere miniaturako antzezlanarekin. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Umeen kontua

«Hasi nintzenean, txotxongiloak umeentzat besterik ez ziren; teknika gutxietsia zen», esan du Tiradok. Halere, uste hori apaltzen ari dela iritzi diote hiru txotxongilolariek. Aitortu dute oraindik ere haurrentzat gehiago kontratatzen dituztela. «Mamu hori hor dago oraindik, baina ez dauka zertan horrela izan», azaldu du Ormaetxeak. 

Helduentzako antzerki konpainiek txotxongiloak gero eta gehiago erabiltzen dituztela nabarmendu dute. «Oso aproposak dira, adibidez, aktoreek irudikatu ezin dituzten errealitate bortitzak irudikatzeko», azaldu du Tiradok.

«Igartzen da zein umek duen ipuinak entzuteko ohitura eta zeinek ez; ohitura dutenek badakite entzuten, eta igartzen da»

BEGO ALABAZANAlabazan konpainiako txotxongilolaria

Halere, umeentzako txotxongilo saioak defendatu dituzte. «Igartzen da zein umek duen ipuinak entzuteko ohitura eta zeinek ez», nabarmendu du Alabazaneko antzezleak; «ohitura dutenek badakite entzuten, eta igartzen da». Kezkatuta dago, bestalde, gaur egungo haurrek ez dituztelako ipuin klasikoak ezagutzen. «Ez dakite Grimm anaiak zeintzuk diren, eta, horren ordez, bertsio eguneratuak ezagutzen dituzte batzuetan», zehaztu du.

Sektorea nolabait «ezegonkorra» dela adierazi dute txotxongilolariek, baina horretatik bizi daitekeela. Garai batzuetan beste lanbide batzuekin tartekatu behar izan dutela aitortu dute, baina antzerkiaren sektorearen barruko ogibideak izan dira. «Lanbide finkoagoa izateko, laguntza gehiago egon beharko lirateke», kexu da Ormaetxea. «Bestela, bizimodua ateratzeko beste modu batzuk bilatzen ibili behar duzu. Antzezle lanarekin lotura badauka, askoz hobeto, baina ezagutzen ditut asko beste lan batzuetara joan behar izan dutenak».

«Lanbide finkoagoa izateko, laguntza gehiago egon beharko lirateke; bestela, bizimodua ateratzeko beste modu batzuk bilatzen ibili behar duzu»

AITOR ORMAETXEAKontakatillu konpainiako txotxongilolaria

Txotxongilolariek ontzat jotzen dute sektorearen egoera: lana badute, «ezegonkorra» izan arren. Denek esan dute, halere, euren lanbidearekiko zaletasuna dutela. «Nik uste dut txotxongiloek barruko umea esnatzen dutela, nagusienena ere bai», azaldu du Ormaetxeak. Hartara, Tiradok argudiatu du garaiotan babestu egin behar direla txotxongiloak. «Adimen artifiziala gure artean dagoen honetan, antzerkia eta txotxongiloak dira benetakoak direla dakigun gauza bakarra», adierazi du. «Hori bada autentikoa; ez dago adimen artifizialarekin zelan ordeztu». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.