Erromatarren portu garrantzitsua bilakatu zen Oiasso bere garaian. Arditurriko mineralak Bidasoa ibaiaren bokalera jaitsi, eta bertan itsasoratzen zituzten. Gaur egungo Irunen (Gipuzkoa) zegoen Oiassoko erdigunea. 1992. urtean egindako hainbat aurkikuntza arkeologikok Irun hiriak erromatar garaian edukitako garrantzia nabarmendu zuten. Horren harira, 2006. urtean Oiasso museoa inauguratu zen. Garrantzi horri presentzia emateko, aurten ere Dies Oiassonis jaialdia egin dute Irunen, eta gaur da azken eguna.
Ostegunean hasi zen jaialdia, eta gaurko hainbat ekitaldi antolatu dituzte, azken eguna izan arren. Ostegunetik jarria duten erromatar azokak gaur ere ateak irekiko ditu, 11:00etan. San Juan plazaren inguruetan jarri dute, Fermin Calbeton parke aldera. Postu ugari izango dira azokan. Erromatar azokaz gain, beste azoka txiki bat jarriko dute Oiasso museoko plazan. Bertan, artisauen produktuak eta erromatar munduko birsortze historikoak egongo dira, hala nola erromatar garaiko jantziak, kosmetikoak eta sendagarriak. Oiasso plaza berean, Legio V legionario multzoak haien kanpamentua ezarri du. Bertan, garai hartako soldaduen jantziak, armak eta borrokatzeko moduak ikus daitezke.
11:00etan egingo dute haurrentzako tailer bat ere museoaren inguruetan. Erromatarren garaian, urte bukaeran, Erromako gizarteko pertsonaiak irudikatzen zituzten, panpina batzuen bidez, eta, ondoren, umeei oparitzen zizkieten. Gaurko tailerrean, bakoitzak bere panpina osatzeko aukera izango du. 45 minutuko jarduera izango da, eta bost euroko kostua izango du. Ez da eguneko tailer bakarra izango. 12:00etan oscilla erromatar bat margotuko dute bertaratutakoek, hau da, haizeak mugi zitzan lorategi erromatarretan jartzen ziren zintzilikario apaingarriak.
Bigarren tailer hori baino lehenago, 11:30ean, erromatar zirku bat egingo dute San Juan plazan. Legend Especialistas konpainiaren eskutik, erromatarren zirku bortitz eta basatia interpretatuko dute. 12:00etan, antzerkiaren txanda izango da, Junkal elizako plazan jarritako oholtzan. Oiasso museoan, Patxi Perezek gidatutako antzerki taldeak, Bona Dea antzezlana eskainiko du. Bona Dea jainkosan oinarritutako antzezlana da, eta istorioak Publio Clodiok arauak urratu zituenekoa kontatzen du. 12:30ean, familia osoak disfrutatzeko jarduera egingo dute, lau karta joko baliatuz. Karta jokoen bidez antzinako garaiei buruz ikastea da helburua.
Azkenik, 14:30ean, Harpastum pilota jokoaren erakustaldi bat egingo dute San Juan plazan. Joko horretan, pilota bat erabiltzen da, eta futbolean eta beste hainbat kiroletan egiten den moduan, pilota alde batetik bestera eramatea da helburua. Beste taldeko kideak gelditzeko edozein indarkeria erabil daiteke, inor hiltzera iritsi gabe. Gaur egun praktikatzen ez den kirola da, baina uste da Florentziako Calcioaren arbaso argia dela.
Pintxoak enperadore
Euskal Herrian pintxoek duten garrantzia ukaezina da. Horren harira, hainbat pintxo ibilbide eta txapelketa sortu dira azken urteetan. Dies Oiassonis jaialdian ere pintxo ibilbide bat sortu zuten duela urte batzuk, herriko hainbat taberna zeharkatzen dituena. Hamazazpi tabernak eskainiko dute pintxo berezi bat aurten. Batzuk, hiriko erdigunean daude, hala nola Manolo, Real Union edo El Tostadero tabernak, baina beste batzuk Irungo inguruetan; Felix Manso Ibarla jatetxea kasu. Pintxo guztiek gutxieneko arau bat bete behar dute: erromatar garaian erabiltzen ziren osagaiak izan behar dituzte jakiek barnean.
Taberna batzuen lehenengo aldia da erromatar pintxoen ibilbidean, baina beste askorena, aldiz, ez. Diote arau historikoak erronka handi eta polit bat bihurtzen duela pintxoa. Denetarik dastatu daiteke, badaude haragia edo arraina oinarri dutenak, baina barazki asko dutenak ere bai.