Jolas eta entretenimendu huts gisa iritsi da gaur egunera karta jokoa. Historia bitxia bezain interesgarria gordetzen dute, ordea. Hari batez lotu ditu kartekin lotutako zenbait kontakizun Jose Antonio Azpiazuhistorialari eta idazleak (Legazpi, Gipuzkoa, 1944) Los naipes en Euskal Herria liburuan (Txertoa, 2022).
Gai historikoak eraman ohi dituzu zure liburuetara. Kartak oraingoan. Zer historia dago horien atzean?
Etxe guztietan ibiltzen ziren kartetan; klase desberdinetako jendea. Errege eta ministroak, baita jende umila ere. Alde batetik, denbora-pasa bat zen; ohera joan aurretik jende askoren tentazioa zen. Baina, beste alde batetik, apustuak egiteko tarte bat ere bazen. Apustu horietan, dirua zenean tarteko, tranpak izaten ziren. Eta, tranpekin batera, baita biolentzia ere.
Zer-nolako biolentzia?
Jokalarien arteko borrokak. Izan ere, poltsikoak garbitu arte aritzen ziren kartetan. Are gehiago, askok eta askok berea ez zen dirua jartzen zuen jokoan, eta sarritan galdu, noski. Borrokak bakarrik ez, hilketak ere ohikoak izaten ziren.
Adibiderik?
Asko daude. Baina Leitza [Nafarroa] inguruan bizi zen abade batena kontatuko dut: ondoko herri batera joan eta kartetan aritu zen abade bat zen. Diru dezente bildu zuen, gainera, kartetan. Behin diru hori irabazita, oinez itzuli behar izan zen gauez Leitzara. Eta bidean zein azalduko, eta haren aurka galdu zuena. Hantxe akabatu zuen. Eta haren omenez jarri zuten abadegurutze deitzen diotengurutze bat.
Diruarekin lotutako jokoa zen, orduan.
Bai. Ohorea eta dirua zen lehen karta jokoa.
Eta dirurik eduki ezean?
Hori ere gertatzen zen, noski. Adibidez, pertsona bat kartetan ari zen talderen batengana hurbildu eta esatea: «Kartetan ibili nahi dut zuekin, baina ez daukat sosik». «Nola, bada?», esaten zioten, «dirurik ez baduzu, nola ausartzen zara guregana kartetan aritzera?».
Jokoa zabalduago zegoen gizonen artean emakumeen artean baino?
Bai. Baina emakumeak ere aritzen ziren, eta liburuak baditu horrekin lotutako zenbait kontakizun.
Adibidez?
Katalina Erauso, adibidez, aritu zen karta jokoan. Eta, halako batean ohartu zen kartetan aritzen zen beste bat tranpak egiten ibiltzen zela. Bada, izkina batean itxaron zuen tranpatia, borrokan hasi, eta han hil zuen. Inguruan zebilen Antonio, bere anaia, eta harrapatu aurretik ihes egiteko esan zion.
Liburuan aipatzen dituzu kartetan jokatzen zuten Oiartzungo emakume batzuk.
Bai. Horiek ez zuten jokatzen ohoreagatik edo denbora pasatzeko; dirua jartzen zuten. Etxeko diruarekin egiten zuten, ordea, apustu. Eta gizonak aztoratuta, alkatearenganajoan ziren emakumeen karta jokoa debekatu zezatela eskatuz. Beraz, emakumeek, noski, hau esaten zuten: «Gu ere, gizonak bezala, bagara nor kartetan aritzeko».
Harrigarria da zenbat kontu bitxi dagoen karta jokoen atzean. Ikerketa horretan, zer egin zaizu zuri deigarrien?
Bilboko hilketa bat. XVIII. mendean gertatu zen, Bilboko karta jokalari batzuen eta arrakero italiar baten artean. Italiarra trebea zen kartetan, baina zekenkeriak eta diru goseak galdu zuen. Partida ugari irabazi zituen bilbotarren aurka, baina tranpekin. Jokalari bilbotar batekin bat egiten saiatu zen, bere kideei dirua atera ziezaien, eta bere trikimailuak kontatu zizkion. Gizon horrek, ordea, plana kontatu zien lagunei, eta haiek tranpetan irabazitako hori exijitzera joan, eta bi tiroz hil zuten italiar ospetsua; tiro bat jo zioten izterrean eta bestea bularrean.
Non aurkitu duzu hori guztia?
Beti jotzen dut oinarrietara, dokumentuetara. Hainbat artxibategitan arakatu, eta haietatik lortu dut informazioa.
ATZEKOZ AURRERA. Jose Antonio Azpiazu. Historialaria eta idazlea
«Ohorea eta dirua zen lehen karta jokoa»
Karta jokoen beste aurpegi bat eman du ezagutzera Jose Antonio Azpiazuk 'Los naipes en Euskal Herria' liburuan. Garai batean jokoak berak eragin zuen biolentzia azaltzen du bertan, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu