Bilboko Aste Nagusia. Xabi Aldaz. Kaotiko taldeko bateria jotzailea

«Ohorea da oraindik oholtza gainean egotea, gaur egun ez baita erraza»

I. Oiarzabal
Bilbo
2011ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Aguraingo Kaotiko taldea 2001ean sortu zen, Kaos Etiliko taldea hautsi ostean. Aurten hamar urte bete ditu, eta, urteurrena ospatzeko, Bilboko Aste Nagusian kontzertu berezia emango dute gaur gauean. Zuzenean grabatuko dute emanaldia, ondoren DVD bat ateratzeko.

Hamar urte hauek amets bat bezala bizi izan dituztela aitortu du Xabi Aldaz Kaotiko taldeko bateria jotzaileak, eta musika munduan jarraitzeaz harro dago, «ez baita zirkuitu erraza». Gaurko kontzertua de la eta, ilusio handia dutela aitortu du, eta jendeak ongi pasatzea espero dute; sorpresak egongo direla ere iragarri du.

Bilboko Aste Nagusian zuzenekoa grabatuko duzue, taldearen hamargarren urteurrena dela eta. Nola sentitzen zarete?

Gaur egun hamar urte eramatea musika talde batean, oholtza gainean egurra ematen, guretzat izugarria da. Gauzak gaur egun ez daude hain erraz, hainbeste konpetentzia egonda, hainbeste musika klase eta hainbeste toki jotzeko; azkenean ez da zirkuitu erraza, baina, tira, guretzat ohore bat da oraindik hor egotea. Gainera, Bilboko Aste Nagusian hamargarren urteurrena grabatzea guretzat izugarrizko plana da, eta oso gogotsu gaude eguna iristeko eta egur pixka bat emateko.

Abesti berriak izango dira DVDan?

Izango da batez ere errepaso bat, kaleratutako bost diskoen errepasoa. Orain arte egindako abesti guztien nahasketa egingo dugu. Sorpresa txiki batzuk ere egongo dira, kolaborazio bereziak... baina hori sekretua da. Guk ahal dugun guztia egingo dugu. Ikusleek eta guk ondo pasatzea da nahi duguna.

Aurrera begira, zer egitasmo dituzue esku artean?

Aurrera begira, disko bat ateratzeko asmoa dugu, baina oraingoz ez daukagu data zehatzik. Ez dugu presiorik sartu nahi taldean, gure ustez diskoak ez baitira horrela egiten. Guk nahiago dugu hala suertatzen denean eta gogoa dugunean abestiak sortuz eta diskoa eraikiz joatea. Datekin larritzen bazara, azkenean gauzak ez dira ongi ateratzen, gure ustez. Presiorik gabe lan egitea gustatzen zaigu. Hortaz, patxadarekin hartuko dugu.

Zuen abesti gehienek dute aldarrikapen mezuren bat. Zeintzuk dira egiten dituzuen aldarrikapen nagusiak?

Disko batetik bestera aldarrikapen horiek aldatuz doaz. Azkeneko diskoan, adibidez, Euskal Herriak dituen egoera larriez hitz egiten dugu, politikari dagokionez batik bat: sakabanaketa, tortura... Gure inguruaz dugun kontzeptuari buruz hitz egiten dugu. Beste disko batzuetan krisia edota emakumeen aurkako tratu txarrak jorratu izan ditugu. Parrandari buruz ere hitz egiten dugu. Pixka bat gaur egun gure bizitzetan daukagun testuinguruaz aritzen gara. Gure bizietan ikusten duguna aldarrikatzea gustatzen zaigu.

Bilboko Aste Nagusian joko duten talde euskaldun bakarrenetakoa zarete. Zer iruditzen zaizue hori?

Nire ustez, euskal kulturak hor egon beharko luke beti. Nahiz eta toki guztietako gauzak behar diren, nire iritziz lehenengo hemengo gauzak kontuan behar dira. Etxeko jendeari aukera gehiago eman beharko litzaizkiokeela uste dut. Gustu guztietarako eskaintza behar da, bai noski, baino nik uste etxekoa ere kontuan izan behar dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.