Oholtza gainean birsortzen

Lumak trabesti jaialdia egingo dute gaur Burlatako udal parkean. 'Berpizkundea' da aurtengo leloa; Yogurinha Borovak gidatuko du ikuskizuna, eta hamahiru trabesti igoko dira oholtzara

Yogurinha Borova eta Albina Stardust trabestiak, Bilbon, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
itsaso jauregi 2
Iruñea
2023ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Fenixaren irudiarekin apaindutako afixek argi uzten dute aurtengo Lumak trabesti jaialdiaren leloa: Birsortzea. Hegaztia ez bezala, oholtzara igoko diren hamahiru trabestiak ez dira errautsetatik jaio. Iazko jaialdian egindakoaren hurrengo pausoa da aurtengoa, eta geroz eta trabesti gehiago daudela erakutsi nahi dute. Jaialdia gaur izango da, Burlatako udal parkean (Nafarroa).

Burlatako Udalak antolatutako jaialdia 20:00etan hasiko da, eta sei ordu inguru iraungo du. Joan den urtean bezala, Yogurinha Borovak gidatuko du jaialdia, baina harekin batera Albina Stardust, Celeste Poliester, Cornelia Power, Divina Comedia, Donatella Mani, Gata al Kuadrado, Exia Vermut, Maruxak, Sussie Pussie, Xtreya, Aurah Sin eta Bibiana Bakana egongo dira. Nafarroako trabesti guztiak elkartzeaz gain, gonbidatuak ere badituzte: Aurah Sin eta Bibiana Bakana bilbotarrak. Trabestien familia handi bat sortu nahi du Joseba de Miguelek, Maruxak taldeko kideak: «Helburua da beste lurraldeetako trabestiak ere etortzea, ez bakarrik nafarrak. Baina pausoz pauso».

Iazko jaialdiaren ondotik «oso pozik» eta «harro» zegoen De Miguel, baina aurtengoa hurrengoa pausoa izango dela azaldu du: «Hobetu eta handitu egin nahi dugu. Aurtengo gaia berpizkundea da, joan den urtekoarekin jarraitu nahi dugulako. Nafarroako egutegian finkatzea nahi dugu». Asteazkenean izan zen LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna, eta data horrekin lotu izan nahi dute jaialdia.

Festa eredu berria

Poliki-poliki zabaltzen ari da trabestien eskaintza, De Miguelek azaldu duen bezala: «Herriko jaietan eta auzoko jaietan beste festa eredu bat sortu nahi dugu. Hasieran, ez zen normala herriko txosna batzuetan trabesti batzuk ikustea, dena purpurinaz betetzen; orain, normalizatzen ari da». Hala ere, oraindik bide luzea geratzen dela esan du Maruxak taldeko kideak; izan ere, irain egin zieten herri bateko festetan: «Ez dakit zer mezu mota barneratu duten gaur egungo gazte batzuek, baina espazio batzuetan ez gara eroso sentitu. Ez da oso ohikoa, baina oraindik gertatzen da».

Mezu horien kontra egiteko bilduko dira gaur, Burlatako udal parkea lumaz, kolorez eta musikaz betetzeko. Jaialdiaren atzean antolakuntza lan handia dagoela dio De Miguelek, baina trabestien arteko harremana indartzeko baliagarria izan dela: «Familia handi bat gara, etengabe hazten ari dena».

Familia handi horren jaialdia denentzat dela aipatu du de Miguelek: zaharrak, umeak, gazteak... askotariko jendea etortzea da asmoa: «Denentzako espazio seguru bat osatu nahi dugu, askatasunez dantzatzeko eta elkarrekin disfrutatzeko».

Iazkoa «oso arrakastatsua» izan zela nabarmendu du De Miguelek, baina aurtengoa are arrakastatsuagoa izango dela uste du: «Jende gehiago etorriko dela uste dugu, edo hori da jaso dugun mezua. Burlata kolorez bete nahi dugu».

Lumak trabesti festa

Gaur, 20:00etan, Burlatako udal parkean (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.